Osasun Departamentuak 38.000 emakume inguru gonbidatuko ditu aurten Umetoki-lepoko Minbizia Goiz Detektatzeko Programan parte hartzera, eta lehen aldiz 25 eta 28 urteko emakumeak sartuko ditu

Nafarroako Umetoki-lepoko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa 2023ko urtarrilean jarri zen abian, gaixotasun horren eragina eta hilkortasun-tasa gutxitzeko eta diagnostikatutako pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Hasieratik 2025eko abendura bitarte, 100.000 emakume baino gehiagori egin zaie deia parte hartzeko. 2026an, 38.000 emakume inguru gonbidatzea aurreikusten da, eta, lehen aldiz, 25 eta 28 urteko emakumeak sartuko dira; hau da, Giza Papilomaren Birusaren (GPB) aurkako txertoaren dosi bat gutxienez 15 urte baino lehen jaso ez dutenak (aurten, 780 bat), Osasun Departamentuak nabarmendu duen moduan, minbizi hori Prebenitzeko Munduko Eguna dela-eta (martxoaren 26an).