- 2025-2029 epealdirako esparru-hitzarmenaren baitan, 2026ko programa sinatu dute gaur, lankidetzaren lan-ildoak eta diru-ekarpenak zehaztuz.
- Ipar Euskal Herriko eragile pribatuen lana diruz laguntzeaz gain, bi erakundeek elkarrekin lanean jarraituko dute hainbat gai eta egitasmoren inguruan: helduen euskalduntzea, euskararen adierazle sistema, inkesta soziolinguistikoa edo hizkuntza teknologiak, besteak beste.
Aitor Aldasorok, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Maïder Behoteguyk, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakariak, euskara elkarlanean sustatzeko erakunde bien konpromisoa berretsi dute gaur, Baionan egindako ekitaldi batean.
2025-2029 epealdirako hitzarmen markoaren barruan, gaurko ekitaldian 2026rako lankidetzaren lan-ildoak ezagutzera eman dituzte eta, horrekin batera, erakunde bien diru-ekarpena zehaztu dute. Batetik, 2026 urtean zehar elkarlanean garatuko diren egitasmoak zehaztu dituzte; bestetik, erabaki dute 2.470.000 euro bideratzea Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribatuen lana diruz laguntzera, iaz baino 540.000 euro gehiago.
Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan egindako aurkezpen honetan Aitor Aldasoro sailburuordeak azpimarratu du, “euskararen jauzia elkarrekin eman beharrekoa dela, komunitate osoaren inplikazioa ezinbestekoa baita eta jauzi hori gauzatzeko borondatea funtsezkoa den arren, baliabide egokiak izatea ere beharrezkoa da”. Horrez gain, adierazi du Eusko Jaurlaritzak erabaki duela “lankidetza fondoan ekarpena handitzea Iparraldeko eragileen lana sustatzeko”; horrela, 500.000 euro jarriko ditu Jaurlaritzak, iaz baino 100.000 euro gehiago.
Bestalde, Maïder Behoteguy-k lankidetza honen garrantzia azpimarratu du: “denboran zehar irauten duen mugaz gaindiko lankidetza honek, Eusko Jaurlaritza eta EEPri esperientziak partekatzeko, hizkuntza politiken osagarritasuna indartzeko eta euskararen alde modu koordinatuan aitzinatzeko aukera ematen dio”.
EEPko lehendakariak adierazi du ere “2026an lankidetzarako fondoaren indartzea dinamika partekatu horren baitan kokatzen dela, eta bi erakundeen engaiamendu zehatza erakusten duela, euskararen transmisioan eta erabilpenean funtsezko rola betetzen duten Ipar Euskal Herriko eragileak laguntzeko”. Hala, Euskararen Erakunde Publikoak 1.970.000 euro jarriko ditu aurten fondoan, iaz baino 440.000 euro gehiago.
Esparru-hitzarmena
Gaur aurkeztutako dokumentua lotua da 2025eko apirilaren 4an sinatutako 2025-2029 epealdirako esparru-hitzarmenari. 2007an hizkuntza politika gaietan bi erakundeen arteko lankidetza jarraitua abian jarri zenetik bosgarren akordioa da gaur Baionan sinatu dena. Lankidetza marko horren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berretsi dute.
Hitzarmen markoak elkarlanerako bost arlo zehazten ditu: (1) euskararen transmisioa, (2) hizkuntzaren presentzia eta erabilera; (3) hizkuntzaren kalitatea, (4) hizkuntzaren aldeko motibazioa eta azkenik, (5) euskararen eragileen arteko zubiak eraikitzea.
Hitzarmen marko honek lankidetzarako testuingurua definitzen du eta lankidetza urtero zehazten da programa baten bidez.
2026 Programa
Dokumentu honek, alde batetik urtean zehar elkarlanean garatuko diren egitasmoak zehazten ditu. Aurten elkarlanean eramango diren lanak honakoak dira:
1. Helduen euskalduntze-alfabetatzea.
Hizkuntza‑gaitasunaren egiaztagirien baliokidetzan mugarri garrantzitsua ezarri da, 2023ko apirilaren 18ko dekretutik aurrera EAEk Euskararen Erakunde Publikoaren ziurtagiri guztiak automatikoki aitortzen baititu, herritarren bidea errazteko eta aitortzak argiago eta erabilgarriago bihurtzeko helburuarekin; aldi berean, helduen euskalduntzerako baliabide eta tresnei dagokienez, azken urtean elkar ezagutzeko eta informazioa trukatzeko urratsak eman dira, eta 2026an lankidetza hori indartu nahi da garatzen diren politikak hobeto ezagutzeko, berrikuntzak partekatzeko eta bereziki Euskararen Erakunde Publikoaren esku‑hartze estrategia elikatzeko; ildo horretan, aipamen berezia merezi du INGURA euskara online ikasteko ingurune digitalak, 2026an zehar lanean jarraituko baita Ipar Euskal Herriko ikasleen beharretara egokitzeko, Eusguneak proiektuaren baitan eta Poctefa programaren laguntzarekin.
2. Euskararen Adierazle Sistema eraikitzeko elkarlana.
Eusko Jaurlaritza eta EEP adostu dute elkarrekin sortutako adierazle sistemaren garapena elkarrekin jarraitzea, eta proiektuaren garapenarekin sistemaren eta adierazle egokitzapen lanetan aritzea, lurralde bakoitzaren errealitateak hobeki kontuan hartuz. Bestalde, EAS webgunea elikatzeko lanek ere jarraituko dute.
3. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen arteko partaidetza teknikoa:
Itzultzaile neuronalaren alorrean, 2026an bi erakundeek elkarlanean jarraituko dute euskara ↔ frantsesa itzultzaile neuronala hobetzen, corpusak sortzen dituzten eragileekin lankidetza sustatuz eta euskararen banku terminologikoa elikatuz; aldi berean, HABE Liburutegiaren bidez, teknikarien arteko harremanak sendotzen ari dira.
4. VIII. Inkesta Soziolinguistikoa:
Inkesta Soziolinguistikoari dagokionez, 2026an galdetegiak prestatuko dira, lagina definitu eta osatuko da; landa-lana antolatuko eta bideratuko da, eta, azkenik datuen ustiapena egingo da.
Diru ekarpena
Bestetik, Ipar Euskal Herriko euskalgintzari loturiko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko diru-ekarpena zehaztu da. Aurten 2.470.000 euro izango dira horretarako; Euskararen Erakunde Publikoak 1.970.000 euro jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro. Lankidetzarako aurrekontu hori bi multzotan banatuko da:
A. Hitzarmen baten bermea duten erakundeen artean 2.300.000 euro banatuko dira. Multzo honetan sar daitezkeen eragile pribatuek beren urteko jarduerari loturiko dirulaguntza bat jasoko dute, hitzarmen baten bitartez.
B. Bigarrenik, 170.000 euro jarriko dira dirulaguntza deialdi baten bitartez eragile pribatuen euskarari loturiko proiektuak laguntzeko.
Aurreko urteetan
Dirulaguntzen banaketaren inguruko erabakiak udan emanen dira. Iaz, hitzarmen baten bermea duten 14 eragile pribaturen lana diruz lagundu zen, eta horrekin batera, Hizkuntza jarduera proiektu deialdiaren bidez beste 36 proiektu lagundu ziren.
Programa honen izenpetzearekin batera ere, bi partaideek antolatu 2026ko Hizkuntza Jarduera Proiektu deialdia irekitzen da, eragile pribatuek euskararen transmisioaren eta erabilpenaren arloan garatzen dituzten ekimenen laguntzeko.






























