Donostiako Udalak Zardoyako ingurua lehenbailehen garbitzeko agindu dio lursailaren jabetzari

Ezarritako epean agindua betetzen ez bada, Udalak subsidiarioki jardungo du

Donostiako Udalak Jolastokietako Zardoya eraikina berehala eta modu urgentean garbitzeko agindua eman dio lursailen jabe den enpresari. Enpresa horrek bi egun baino lehen jardun beharko du inguruan, eta epe hori gaur gauean amaituko da. Agindua betetzen ez bada, subsidiarioki jardungo da.

Horixe da Herrerako ingurune horretan gertatzen ari diren arazoei erantzuteko Donostiako Udala hartzen ari den neurrietako bat, lurzatiaren egungo baldintzak ez baitira egokiak inguru horretan bizi diren pertsonentzat.

Jon Insausti alkateak azpimarratu duenez, «Donostia ordeneko hiria da, garbia eta elkarbizitzarako hiria, eta hori izan behar du Jolastokietako inguruak ere, bertako bizilagunek hala merezi dutelako«.

Insaustik gaineratu duenez, «antzeko egoera bizi izan dugu Martutenen; izan ere, Udalak eredu arrakastatsua jarri zuen martxan, inguruneko bizikidetza hobetu duena, eta, une honetan, gure asmoa da Jolastokieta – Herrerako eremu hori ere leku ordenatu, ingurune garbi eta bizikidetza-ingurune izatea«.

Horrela, eremuaren baldintzak hobetze aldera, Hirigintza departamentuak enpresa jabeari eskatu dio mantentzeko eta kontserbatzeko eginbeharra bete dezala, lurzatiaren inguruan zaborraren pilaketa eta osasungaiztasun-arrisku guztiak ezabatuz. Gainera, enpresak lanak egin izanaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu ezarritako epea baino lehen.

Egikaritze-agindu hori epean eta behar bezala ez betetzea hirigintza arau-hauste larria izan daiteke, eta horren ondorioz obrak subsidiarioki egingo lirateke, inguruneko segurtasun- eta osasungarritasun-baldintzak bermatzeko.