Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Donostiako alkate Jon Insaustik lan-bilera egin dute gaur, hiriko etxebizitza-politikarekin lotutako hainbat espediente aztertzeko, eta Donostiako Loiolako Erriberak auzoan zuzkidura-apartamentuetarako partzelak garatzeko zenbait akordio lortu dituzte.
Aurrerapauso nagusietako bat Loiolako Erriberak auzoko esparruan parte-hartze prozesu bikoitza aktibatzea da. Alde batetik, Donostiako Udalak, herritarren partaidetzarako arloaren bitartez, auzoari eta auzo-elkarteei irekitako prozesu bat gidatuko du, auzoak behar dituen hurbileko ekipamendu komunitarioak definitzeko. Prozesu horri esker, auzoaren hegoaldeko partzelan egingo den ekipamendu-eraikinaren beheko solairuaren erabilerak zehaztu ahal izango dira. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren hainbat egoitza ezartzea aurreikusten da, zerbitzu komunitarioetarako espazioekin batera. Eusko Jaurlaritza Udalarekin lankidetzan arituko da prozesu horretan.
Bestalde, bi erakundeek partaidetzarako bigarren bide bat bultzatzea adostu dute —kasu honetan, Eusko Jaurlaritza izango da buru eta udala izango da bertan—, esparruan aurreikusitako bi partzeletan garatuko diren zuzkidura-apartamentuen ostatu-ereduari heltzeko. Prozesu horri esker, zuzkidura-apartamentuen euskal ereduaren ezaugarriak eta Loiolako Erriberak auzoan txertatuko diren berrikuntzak herritarrekin partekatu ahal izango dira.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak akordioa lortu dute, halaber, belaunaldien arteko zuzkidura-apartamentu horien banaketan donostiarrei, gazteei zein adinekoei, lehentasuna emateko irizpide gisa.
Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak joan den asteartean onartu zuen premiazko neurrien dekretuak dagoeneko sartu du 70 urtetik gorako pertsonak, autonomia osoz, apartamentu berri horietan ostatu hartzeko mekanismoa, alokairuaren bitartekaritza publikoko Bizigune programan haien etxebizitza lagatzearen truke.
Txomin Enearen esparruari dagokionez, bi erakundeek lanean jarraitzen dute proiektuaren garapenean jarrerak hurbiltzeko.




























