Osasun Departamentuak Sakanako, Larraungo eta Leitzaldeko langileen lan osasuna hobetzeko programa hasi du

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) Altsasu, Etxarri Aranatz, Irurtzun eta Leitzako oinarrizko eremuetako 25.000 langileren osasuna hobetzeko eta laneko arriskuen prebentzioa enpresetan integratzeko duen programak bere jarduerari ekin dio. Aurreikusten da aste honetan bertan hasiko direla bisitak 2024an eta 2025ean istripu tasa irizpideak bete dituzten edo lehentasunezko sektoreetako eta/edo prebentzio intereseko sektoreetako 77 enpresatara.

Osasunaren inguruko etorkizuneko Foru Legearekin bat eginik, Tafallako eremuan 2024ko maiatzaren amaiera aldera abian jarri zen lan-osasuneko proiektu hau Sakana, Larraun eta Leitzaldera zabalduko da orain. Era horretan, NOPLOIren osasun-baliabideak eta baliabide teknikoak hurbilduta, langileen osasun-babesa hobetu eta eremu horretako enpresetan prebentzioa sustatu nahi da, arlo horretan aholkularitza eskainiz eta osasunaren aurreko kalteak detektatzea eta kudeatzea erraztuz.

Gaur egun, besteren konturako langileak dituzten 1.100 bat enpresa daude. Zerbitzuen sektorea da nagusi, %70 horretan aritzen baita; jarraian, industria (%17), eraikuntza (%10) eta nekazaritza eta abeltzaintza sektorea (%3) daude.

Inguruko enpresen %82ak bost langile baino gutxiago ditu, %16ak 6 eta 49 langile artean, eta %1 inguru 50 pertsona edo gehiagokoak dira.

Programaren barnean sartzen dira langileak, Lehen Mailako osasun-langileak, enpresaburuak, langile autonomoak eta prebentzioko ordezkariak. Bulegoa Etxarri Aranazko Udalak bere udaletxean (Kale Nagusia, 10) duen gune batean kokatuko da, eta NOPLOIko teknikariek lan-osasunari buruzko aholkularitza eta informazioa eskainiko dute astearte eta ostegunetan, 9:30etik 14:00etara bitartean. Osasun-arreta, bestalde, mediku batek koordinatuko du, eta Iruñeko institutuko egoitzatik etorriko da.

Halaber, enpresetara bisitak egingo dira inguruko lan-osasunaren errealitatea, kudeaketa, zailtasunak, gabeziak eta hobetzeko arloak ezagutzeko; orobat, gomendioak emango dira lan-baldintzak hobetzearren.

Horrez gain, lau osasun-etxeetako Lehen Mailako Arretako profesionalei prestakuntza eta aholkularitza emango zaizkie, arloko langileen lanetik eratorri daitekeen patologia identifikatzearen eta tratatzearen inguruan.

Proiektua inguruko toki-erakundeei, Sakanako Enpresa Elkarteari (SEE) eta Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluari aurkeztu zaie. Gainera, informazio-eskaerei erantzuteko, NOPLOIk [email protected] posta elektronikoa jarri du.

Tafallako eremuko enpresen balorazio ona 

Osasun Departamentuak programa hau zabaltzea erabaki zuen Tafallako eremuan izandako emaitzak onak ikusita. Bertan, Tafallako, Erriberriko, Zarrakazteluko, Azkoiengo eta Artaxoako Oinarrizko Osasun Eremuetako 39 udalerritako 1.810 enpresari ematen die laguntza. Parte hartu duten enpresak pozik agertu dira programarekin, 5etik 4,3ko puntuazioa eman baitiote.

Orain arte, NOPLOIko teknikariek eta osasun-langileek 210 bisita egin dituzte inguru horretako enpresetara. Aurten, bisita gehiago egiteaz gain, emandako gomendioen bilakaera egiaztatzea aurreikusten da.

Hori guztia dela-eta, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Eguna bihar, apirilak 28, izango denez, NOPLOIk eredu horren alde egin nahi du, arreta hobetzeko eta lurralde-ekitatea bermatzeko asmoarekin. Tratu hurbilagoa ez ezik, epe ertainera, enpresek (batez ere txikiek) laneko arriskuen kudeaketa eraginkorrerako dituzten zailtasunak murrizten saiatzeko sortutako tresnak eskaintzeko aukera ere ematen du. Eta horren guztiaren azken helburua da arriskuak murriztea, laneko ezbehar-tasa gutxitzea eta inguruko langileen osasuna hobetzen laguntzea.