Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria den Mikel Irujo Amezaga eta Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilaria den Jose Maria Aierdi Agoitzen izan dira gaur Madergia lantegi berria ikusten, zuraren eraikuntza industrializatuan espezializatutako enpresa honen bilakaera zuzenean ezagutzeko, lehen errendimendu-urtean fakturazioa %50 handitu baitu.
Bisitan, Irujo kontseilariak honela nabarmendu du: “lantegi hau bultzatzeko apustua estrategikoa izan da hasiera-hasieratik. Alde batetik, sektore emergenteei emandako laguntzan kokatzen da, eta, bestetik, Agoizko eremua garatzeko hartutako konpromisoan. Lantegiaren kokapena ez da kasualitatea, baizik eta industria-ehuna indartzera eta eskualdea dinamizatzera bideratutako inbertsio publiko-pribatuaren emaitza. Agoitzek industria-jarduera berria hartzen jarraitzeko beharrezko baldintzak eta potentziala ditu”.
2022ko abuztuan, Nafarroako Gobernuak eta Madergiak iragarri zuten Agoitzeko industrialdean zuraren eraikuntza-lantegi berri bat ezartzeko akordioa lortu zutela, eraikuntza-sektorea industrializatzeko prozesuarekin lerrokatuta. Lantegia martxan jartzeko 9 milioi euroko inbertsio globala behar izan da; horietatik 3 milioi enpresari dagozkio eta 6 milioi Nasuvinsa sozietate publikoari, nabe berria eraikitzeaz arduratu denari.
Ildo horretan, Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilaria den Jose Maria Aierdik azpimarratu du Departamentuak apustu egin duela zura ziurtatuaren sektorea berraktibatzeko; hau da, “baliabide berriztagarria eta tokikoa, Nafarroari aukera handiak eskaintzen dizkiona landa-ingurunean enplegua sortzeko, baso-eskualdeetako toki-erakundeak dinamizatzeko edo mendiaren kudeaketa iraunkorra bermatzeko”. Era berean, egurraren erabilera berriak indartzearen alde agertu da, tartean, energetikoa edo arkitektonikoa, eraikuntza-eredu industrializatuetan, eta Madergia punta-puntako enpresa oso lehiakor gisa nabarmentzen ari da arlo horretan”.
Bestalde, Madergiaren izenean, Diego Nuñez zuzendari komertzialak azpimarratu du taldea hazi egin dela eta profil gero eta anitzagoak sartu direla. “Titulazio oso ezberdinetako teknikari gero eta gehiago sartzen ari dira. Gure kasuan, emakumeak eraikuntza-sektorean izatea dagoeneko errealitatea da: gure plantillan, %20 emakumeak dira, eta kopurua handitzen doa”, adierazi du.
Nuñezek nabarmendu duenez, bilakaera horrek sektorean bertan izandako aldaketa handiagoa ere islatzen du, tradizionalki profil oso zehatzekin lotuta izan baita, baina gaur egun diziplina anitzeko taldeak izatea eskatzen du, ezagutza teknikoa, fabrikazio industriala, logistika, obrako muntaketa, iraunkortasuna eta proiektuen kudeaketa aurreratua integratzeko gai direnak.
Testuinguru horretan, Madergiak bere presentzia sendotu du Estatuko lurralde osoan, eta egun izaera eta eskala oso desberdineko proiektuetan parte hartu du; horien artean aurkitzen dira 45 etxebizitzako eraikin bat Velez-Malagan, ospitale bat Madrilgo Mendilerroan, adinekoentzako egoitza bat Bartzelonan, alokairuko etxebizitza babestuaren eraikin bat Madrilgo Udal Etxebizitza Enpresarentzat, eraikin baten altuera handitzea Kanaria Handiko Las Palmasen eta liburutegi publiko bat Valentzian.
Jarduera horien aniztasunak agerian uzten du Madergiak gaitasuna duela gero eta desberdinagoak diren eraikuntza-tipologiei erantzuteko —etxebizitza kolektiboa, osasun-ekipamenduak, egoitzak, zuzkidura publikoak eta hiri birgaitzeko edo zabaltzeko jarduerak—, eta, aldi berean, erakusten du industria-eredu bat finkatu dela, enplegu kualifikatua sortzeko gai dena, eta sustatzaile publikoek zein pribatuek gero eta konfiantza handiagoa dutela egurrarekin egiten den eraikuntza industrializatuan, irtenbide fidagarri, zehatz eta lehiakor gisa.
Nasuvinsaren aldetik, Javier Buron zuzendari kudeatzaileak azpimarratu duenez, Madergiarekin batera, Nafarroako Gobernuak sustatutako eta Nasuvinsak gidatutako proiektu honen garrantzia estrategikoa da. “Harro egon gaitezke gure Komunitatean eraikuntza iraunkorraren sektore emergentea bultzatzen lagundu dugulako lankidetza publiko-pribatuaren bitartez, industrializazioa eta egurra egiturazko elementu gisa sartuta, eta harro, baita ere, aldi berean, industria-jarduera Agoitzen eta eskualdean bultzatzeaz, lanpostu-kopuru handia sortu delako”. Testuinguru horretan, aipatzekoa da, baita ere, Nasuvinsako Lurzoru Industrialeko Zuzendariordetzako Azpiegitura eta Eraikuntza Ataleko arduraduna den Susana Eguarasek eta Atal horretako teknikaria den Tere Velak egindako lana, proiektuaren garapenean zuzenean inplikatzeagatik.
Bestalde, Carlos Chocarro Lurzoru Industrialeko zuzendariordeak adierazi du “Nafarroa enpresa- eta industria-erreferente moduan indartzen jarraitu behar dela zuraren eraldaketan, eraikuntza-prozesuen industrializazio-prozesuaren eta lehengai horren aprobetxamendu, ekoizpen eta merkaturatzearen barruan, eta hori guztia Madergia bezalako abangoardiako enpresen zuzeneko inplikazioarekin”.
Madergia
Madergia 2005ean sortu zen Iruñean, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarra (CEIN) sozietate publikoaren enpresa-mintegiaren barruan, eta, garai hartan, estatuan zurarekin eraikitzea oraindik oso mugatuta zegoen. Une hartan, material hori batez ere helburu estetikoetarako edo egitura oso zehatzetan erabiltzen zenez, enpresa gutxi garatutako merkatu batean sartu zen.
Lehen urteetan, enpresa pixkanaka hazten joan zen, harik eta higiezinen sektoreak 2010. urte inguruan izandako krisiak geldiarazi zuen arte. Hala ere, aktibo jarraitu zuen, eta hori garrantzitsua izan zen krisiak eraikuntzaren sektorean izan zuen eragin orokorra kontuan hartuta. Ondoren, hazten hasi zen berriro ere, baina oso poliki, eta proiektuen bolumena nahiz konplexutasuna ugarituz joan ziren.
Gaur egun, enpresak 1.200 proiektu baino gehiago ditu gauzatuta, eta beste autonomia-erkidego batzuetara ere zabaldu da, Frantzia edo Portugal bezalako beste herrialde batzuetan ere lan egiteaz gain.
Ibilbidean izandako aldaketarik garrantzitsuena azken urteetan gertatu da, eredu industrializatua hartu zuenean. Obraren exekuzioaren mende bakarrik egon beharrean, Madergia lantegian osagaiak diseinatzen eta fabrikatzen hasi zen, ondoren mihiztatzeko. Horrela, eraginkortasuna hobetu ahal izan du, epeak murriztu eta eraikuntza-prozesuaren kalitatea hobeto kontrolatu.
Egurraren sektorea Nafarroan: aukera-unea
2023ko amaiera eta 2024ko lehen lauhilekoaren artean, Nafarroako Gobernuak, Sodena sozietate publikoaren bidez eta Ademanekin lankidetzan, zuraren sektoreak Foru Komunitatean duen analisi estrategikoa egitea bultzatu zuen.
Ondorio nagusien artean, honako hauek aipatu behar dira:
- Sektorea 531 enpresak osatzen dute, eta guztien artean 1.350 milioi euroko fakturazioa dute eta 4.690 langile, baso-aprobetxamendutik hasi eta bigarren eta hirugarren eraldaketaraino.
- Enpresa gehienak eraikuntzarekin eta altzariekin lotzen dira, nahiz eta fakturazio-bolumen handiena paperaren azpisektoreari dagokion.
- Zurak balioa hartzen du iraunkortasunean eta karbono-aztarnaren murrizketan egiten duen ekarpenarengatik, batez ere eraikuntzan, packagingean eta energian.
- Nafarroak handitzen doan baso-masa du, eta, beraz, zuraren balio-katea aukera-testuinguru bilakatzen da.
- Zurezko eraikuntzaren merkatua oraindik minoritarioa da sektoreak sistema tradizionalekiko duen inertziagatik, espezializazio tekniko handiagoa behar izateagatik eta industria-kateen ezarpena oraindik mugatua izateagatik. Hala ere, merkatu horrek hazkunde-potentzial handia du, eta horren adibide garbiak dira jada Osasun Zientzien Fakultatea edo Aranguren eta Azpilagañako hainbat promozio.
Gainera, Sodenak Eraikuntzaren Industrializazio Klusterra bultzatzen du, balio-kate osoa bildu eta plantako fabrikazioan, digitalizazioan eta iraunkortasunean oinarritutako ekoizpen-ereduak sustatzen dituena; horrela, zura material estrategiko gisa finkatzen da.
La entrada Madergiaren fakturazioa %50 handitu da Agoitzen lantegi berria martxan jarritako urtean, Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsak bultzatuta aparece primero en Agencia de Noticias.





























