- Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du gatazkaren konponbidea Mónica Garcíak zuzentzen duen Ministerioaren esku dagoela, eta Esparru Estatutuaren benetako negoziazioa eskatu du
- Alberto Martínez Osasuneko sailburuak iragarri du neurri berriak aktibatuko dituela: akordioak profesionalekin, itxarote-zerrendak murrizteko errefortzua eta pazienteentzako aukera gehiago, grebak aktibo jarraitzen duen bitartean
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek gaur goizean Legebiltzarrean adierazi duenez, Osasun Ministerioak proposatutako Esparru Estatutu dela-eta medikuen greba beste astebete luzatu da, “aurrerapenik gabe, eta, are kezkagarriagoa dena, bilera gehiago egiteko inolako asmorik gabe” Osasun Ministerioaren eta greba-batzordearen artean.
Martínezek bere kexua adieraziz esan duenez, “denbora galtzen da eta aukerak alferrik galtzen dira hilabeteak aurrera doazen bitartean”, eta ohartarazi duenez, dirudienez maiatzean eta ekainean ere jarraituko du gatazkak.
Sailburuak argi adierazi du arazoaren jatorria zein den: “Ez dago zalantzarik: Esparru Estatutua Osasun Ministerioaren eskumen esklusiboa da”. Ildo horretan, berretsi du “grebaren arrazoia eta konponbidea Estatuan daude”.
Era berean, gatazkaren ondorioak azpimarratu ditu: “Arrazoia? Esparru Estatutua. Erasandakoak? Pazienteak”. Eta gaineratu du greba “orain kudeatu beharreko itxarote-zerrendak” sortzen ari dela, eta adierazi duenez, “Ministerioa ez dago eta ez zaio espero zeregin horretan”.
Bestetik, Martínezek adierazi du haserre dagoela erakundeen arteko sintonia faltagatik: “Etsigarria da egiaztatzea Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren agendak hain dibergenteak direla”, eta zalantzan jarri du Gobernu zentralaren jarduera: “Ba al dago inor Osasun Ministerioan?”.
Eszenario horren aurrean, Euskadin egiten ari den lana defendatu du: “Gure jarrera entzutekoa, elkarrizketan jardutekoa eta akordioa lortzekoa izan da, eta izango da”, profesionalekin eta sindikatuekin etengabeko harremanak izanda eta haien proposamenak zuzenean jasota.
Ildo horretan, argi utzi nahi izan du, Euskadin akordioak lor daitezkeen arren, akordio horiek ez diotela grebari amaiera emango: “Akordio propioetan aurrera egin dezakegu, baina ez dago gure esku grebaren arrazoiari irtenbidea ematea”.
Egoera horren aurrean, Osasun Sailak hiru ildotan jardungo du. Profesionalei dagokienez, Martínezek iragarri duenez, “sindikatuen eskutik hitz egiten eta lan egiten jarraituko dugu”, eta hurrengo Mahai Sektorialean akordio berri bat aurreikusten dela adierazi du, Osakidetzan karrera profesionala aitortzen duen dekretuaren inguruan.
Pazienteei dagokienez, berretsi duenez, “gure lehentasuna pazienteak izan dira, dira eta izaten jarraituko dute”, eta iragarri du ebakuntza baten zain 180 egun baino gehiago daramatzatenei zentro itunduetan artatzeko aukera eskainiko zaiela. 2025eko azaroan, eta Osakidetzak abian jarritako talka-planaren ondoren, 189 pertsona zeuden zain, eta gaur egun, grebak eragindako igoera 1.794 pertsonara iritsi da.
| Osakidetza Itxaron-zerrendak 2025eko azaroa (Talka-planaren emaitzak) |
Osasun Ministerioaren Estatutu Markoaren aurkako grebak eragindako igoera |
| Kirurgikoa 54 | 78 |
| Kontsulta espezializatuak 56 | 69 |
| Proba osagarriak 42 | 57 |
| Itxaronaldiak +180 egun: 189 | 1.794 |
Azkenik, sailburuak ziurtatu du Ministerioari helaraziko zaiola “Esparru Estatutuaren negoziazioa modu errealistan bere gain hartzeko beharra”, eta eskumen horren transferentzia ere proposatuko dela, auzi honen aurrean ezer egiten ez badu.
Martínezek mezu argi batekin amaitu du: “Grebak aurrera jarraitzen du, eta zerrendek handitzen. Gelditasunaren aurrean, Euskadin entzutea, akordioa eta ekintza proposatzen ditugu”, hiru lehentasunekin: Ministerioari erantzukizuna eskatzea, pazienteak zaintzea eta profesionalekin aurrera egiten jarraitzea.






























