Pirinioetako Lan Elkarteak 2028-2034 Pirinioetako Estrategian oinarritutako Batzorde Exekutiboa bildu du Otsagabian

Pirinioetako Lan Elkarteak (PLE) bere Batzorde Exekutiboa egin du atzo eta gaur Otsagabian, gaur egun Nafarroako Gobernuak duen txandakako lehendakaritzaren esparruan. Topaketak PLEko kide diren zazpi lurraldeetako ordezkari politiko eta teknikoak bildu ditu – Akitania Berria, Okzitania, Euskadi, Nafarroa, Aragoi, Katalunia eta Andorra –, mugaz gaindiko lankidetza proiektu nagusietan aurrera egiteko, eta, bereziki, etorkizuneko Pirinioetako Mugaz Gaindiko Lankidetza Estrategia (2028-2034) egiteko. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak Foru Gobernuak mugaz gaindiko lankidetzaren alde duen konpromiso estrategikoa berretsi du jardunaldiaren hasieran.

Batzorde Exekutiboan hartu dute parte, halaber, Nafarroatik Sergio Perezek, Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiak, eta Iñaki Martinez de Virgalak, Eskualde arteko Lankidetza eta Kanpo Herritartasunerako Zerbitzuko zuzendariak. Batzordeak, batik bat, Pirinioetako espazioaren etorkizunari buruzko eztabaida politikoa eta estrategikoa egin du, 2024ko ekainean Colliuren egindako mintegiaren ondoren hasitako prozesuarekin jarraituz. Bertan, lurraldearen erronka komun handiak ez ezik, PLEren gobernantza, ikusgarritasuna eta bertakoa izatearen sentimendua indartzeko beharra ere identifikatu ziren.

Jardunaldian, Pirinioetako etorkizuneko Estrategiari begira, “Mugaz gaindiko lankidetzaren erronkak babes zibilaren eta larrialdien arloan” gaiarekin loturiko atala jorratu dute, lurraldeek 2028-2034 denboraldiko lehentasun estrategikoak elkarrekin zehazteko adostutako egutegiaren barruan.

Etorkizuneko estrategian Pirinioetako mendigunerako funtsezkoak diren erronkak landuko dira; hala nola, trantsizio energetikoa, mugikortasun iraunkorra, erronka demografikoa, logistika eta azpiegiturak, lankidetza sanitarioa, gazteria, kultura-ondarea edo larrialdien kudeaketa.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde Ana Ollok azaldu du Zaraitzuko herria ekitaldi honetarako egoitza bezala hautatzearekin Nafarroako historian Pirinioetako muga fisikoaren gainetik dagoen lankidetza-kultura zabalari balioa eman nahi zaiola; kultura hori azken urte hauetan instituzionalizatu eta bideratu egin da Pirinioetako Lan Elkartea bera bezalako tresnen bidez eta laguntza eta programen deialdi sorta luzearen bidez. “Ekimen horiek Europako egituretatik nahiz foru-egituretatik egiten dira, eta toki-erakundeek, ekosistema sozioekonomikoak eta gizarte zibilak berak ere abian jartzen ditu, ingurune horietan oso aktiboa baita eta tokian bertan lan egiten baitu despopulazioaren ondorioak lehengoratzeko, arazo komuna izanik Pirinioetako mendikate osoan. Beti uste izan dugu mugak ez duela eragozpena izan behar, mugaren bi aldeen artean lankidetzan aritzeko aukera baizik; kasu honetan, gainera, Atlantikotik hasi eta Mediterraneorainoko eremu zabal batean, berezko idiosinkrasiak dituen espazioa izanik, baina baita hausnarketaren eta ekintza partekatuaren bidez hobeto landu daitezkeen arazo eta erronka komunak dituen espazioa ere bai, helburua horixe da Pirinioetako estrategia bat lantzeaz ari garenean”, adierazi du.

Era berean, Batzorde Exekutiboak 2028-20234 Europako etorkizuneko finantza-esparruarekin, PLEren posizionamenduarekin eta Europako POCTEFA programaren jarraipenarekin loturiko gaiak jorratu ditu; azken hori PLEk berak kudeatzen du Kudeaketa Agintaritza gisa. Agendaren barruan, Otsagabiko Naturaren Interpretazio Zentrora ere bisita egin dute aurretik, ECOGYP proiektua ezagutzeko, POCTEFA 2007-2013 programaren esparruan garatua, Pirinioetako mugaz gaindiko lankidetzaren adibide bezala. Orobat, “Kasa Koleto” bisitatu dute, inguru horretako ohiko etxea, “museo etnografikoa” ere badena, eremu horretako toki-erakundeetako ordezkariekin bildu ondoren, zehazki Otsagabiko alkatea den Carlos Gayarrerekin eta Zaraitzuko Ibarreko Batzarreko lehendakaria den Gustavo Goienarekin.

Batzorde Exekutibo hori Nafarroan egiteak Pirinioetako lankidetza bultzatzeko konpromisoa islatzen du PLEren lehendakaritzan dagoen bitartean, eta Pirinioek berrikuntza, lurralde-kohesio eta Europako lankidetzarako gune gisa duten garrantzi estrategikoa ere bai.

Apirilaren 30ean, Iruñean egin zen, baita ere, Programazio Batzordea. Batzordeak erabaki zuen Interreg POCTEFA (2021-2027) programaren azken deialdian guztira 17 proiektu finantzatzea, eta horietatik 10ek Nafarroako partaidetza edo lidergoa dute. Joan den astean, zehazki, maiatzaren 5ean, asteartea, Nafarroak “Poctefa komunitate tematikoak” jardunaldia ere antolatu zuen, mugaz gaindiko lankidetza osasun-larrialdien eta segurtasun zibilaren aldetik aztertuta.

Pirinioetako Lan Elkartea

Pirinioetako Lan Elkartea (PLE) nazioarteko partzuergoa da, eta horren helburu nagusia da Pirinioetako mendigunearen garapena bultzatzen laguntzea, bertako erronkak kontuan hartuta, aberastasunak zainduta eta lurralde-lankidetza sustatuta, bereziki, mugaz gaindiko lankidetza lurralde horretako biztanleen bizimodua hobetzearren. Pirinioetako lurralde hauek dira PLEko kideak: Nouvelle-Aquitaine, Occitanie, Catalunya, Aragoi, Nafarroa, Euskadi eta Andorrako Printzerria.

PLE 1983an sortu zen Europako Kontseiluaren laguntzarekin; izan ere, kontseiluaren helburua da Pirinioetako eremuak mugaz gaindiko lankidetzako egitura bat izatea, Europako beste muga batzuetan daudenen antzekoa. 2005ean, PLE partzuergo bihurtu zen, Espainiako zuzenbide publikoari lotutako erakunde juridikoa, eta horrek esku hartzeko beste bultzada bat eman zion, bereziki funtsen kudeaketan eta Europako Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027), POCTEFA 2014-2020 eta POCTEFA 2007-2013 programen kudeaketan.