Denis Itxaso: “Haizearen Orrazia ezin da ulertu Peña Gancheguiren arkitektura gabe”

  • Teniseko Plazari eskainitako erakusketa inauguratu du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, eta Luis Peña Gancheguiren ondarea “kultur ondare garaikide” gisa aldarrikatu du. Halaber, azpimarratu du multzoa berriki zaharberritu izanak “Peña Gancheguik sortutako jatorrizko esperientzia berreskuratzea” ahalbidetu duela 
  • Euskal arkitektoaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien ardatz nagusia da erakusketa, eta Haizearen Orraziaren historia arkitektonikoa, urbanoa eta artistikoa aztertzen ditu.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok «Plaza del Tenis, Haizearen Orraziaren atondoa» erakusketa inauguratu du gaur arratsaldean. Erakusketa Euskadiko Arkitektura Institutuak antolatu du, eta Luis Peña Gancheguiren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien ardatz nagusia da. Bere hitzaldian, Itxasok Donostiako kokagune ezagunenetako baten balio arkitektoniko eta sinbolikoa aldarrikatu du, eta nabarmendu du «Teniseko plaza ez dela soilik Eduardo Chillidaren eskulturen ataria. Obra oso bat da. Naturak, arkitekturak eta eskulturak aparteko sinbiosia lortzen duten lekua”. 

Sailburuak adierazi duenez, erakusketak Eduardo Chillidaren eskultura-lanaren eta Luis Peña Gancheguiren arkitekturaren arteko harreman estua ulertzeko aukera ematen du, eta honako hau baieztatu du: «Haizearen Orrazia ezin da ulertu Peña Gancheguiren arkitekturarik gabe, plaza bera ere ez bailitzateke existituko Chillidaren intuizio artistikorik eta ikuspegi eskultorikorik gabe». 

Inaugurazio-hitzaldian, Itxasok nabarmendu du Teniseko Plaza Peña Gancheguiren «proiekturik garrantzitsuena» izango dela ziurrenik, eta, aldi berean, bere arkitekturaren funtsezko gakoak hobekien laburbiltzen dituena: «lekuarekiko arreta, topografiarekinelkarrizketa, paisaian integratzea, materialen erabilera adierazkorra eta identitatez betetako espazio publikoak sortzea». 

Sailburuak, gainera, bereziki sinbolikoak diren hiru zirkunstantzien bat-etortzea azpimarratu du: arkitektoaren jaiotzaren mendeurrena, plazaren berrogeita hamargarren urteurrena eta duela gutxi amaitu den multzoaren birgaitze integralaren prozesua. “Horrela, memoriak, ondareak eta etorkizunak une berean egin dute bat”, adierazi du. 

Erakusketak, hain zuzen ere, Peña Gancheguiren ibilbidearen bilakaera paraleloa, Chillidaren ikerketa eskultorikoa eta Kontxako badiaren mutur horren hiri- eta paisaia-eraldaketa zeharkatzea proposatzen du, espazio hori arkitektura-esperientzia integral gisa nola sortu zen ulertzeko aukera emanez. 

Bere hitzaldian, Peña Gancheguik garatutako proiektu arkitektonikoaren izaera berezia azpimarratu du Itxasok. «Plaza ez zen hiri-espazio soil gisa sortu, esperientzia gisa baizik», adierazi du. “Peña Gancheguik hiriaren eta naturaren, mendiaren eta itsasoaren, bisitariaren eta eskulturen arteko trantsizio gisa ulertu zuen leku hori”. 

Sailburuak azaldu duenez, ikusmolde hori pixkanaka paisaia erakusten duten plataforma mailakatuen bidez, granitoaren erabilera unitarioaren bidez eta olatuak esperientzia arkitektonikoaren zati aktibo gisa txertatzen dituzten itsasoari irekitako zulo enblematikoen bidez gauzatzen da.  

 “Horren guztiaren ondorioz, Haizearen Orraziaren Plaza esperientzia fisiko, sentsorial eta emozional bihurtzen da espazio publikoaren ideia gaindituta”, gaineratu du. 

Birgaitze bat multzoaren jatorrizko esentzia berreskuratzeko 

Itxasok, halaber, aurten bertan amaitu den multzoaren birgaitze integrala azpimarratu du, esku-hartzearen konplexutasun teknikoa eta ondarezkoa nabarmenduz. Azaldu duenez, helburu nagusia espazioaren kontserbazioa segurtasunarekin, irisgarritasunarekin eta herritarren erabilerarekin bateragarri egitea izan da. 

«Birgaitzeak ez du lekua eraldatu nahi izan, baizik eta jarraipena, irakurgarritasuna eta koherentzia itzuli nahi izan dio», adierazi du sailburuak, eta proiektua «gaur egun kultura-ondare garaikide gisa ulertzen dugun obraren funtsa une oro errespetatuz» garatu dela nabarmendu du. 

Arkitektura, memoria eta ondare partekatua 

Inaugurazio-ekitaldian, sailburuak euskal ondare arkitektonikoa kontserbatu, aztertu eta zabaltzeko beharra ere aldarrikatu du.“Arkitektura ez da eraikuntza soilik; kultura, memoria eta paisaia partekatua ere bada”, adierazi du. 

Ildo horretan, Euskadiko Arkitektura Institutuak eta Peña Ganchegui Artxiboak egindako lana aitortu du, azken horrek, arkitektoaren obrarekin lotutako ehunka proiektuk, planok, krokisek, argazkik eta dokumentuk osatutako dokumentu-ondarea gordetzen baitu. 

Gaur inauguratutako erakusketa jarduera-programa zabalago baten parte da, eta datozen hilabeteetan Peña Gancheguiren irudiari eta obrari eskainitako argitalpen, hitzaldi eta erakusketa berriekin jarraituko du. Horien artean aipatzekoak dira “Plaza del Tenis” liburuaren hurrengo argitalpena, Iñaki Abalosen parte-hartzearekin irailerako aurreikusia, eta «Peña Ganchegui, arkitekto ilustratua» erakusketa, udazkenerako programatua. 

Itxasok, amaitzeko, ondare arkitektoniko eta paisajistiko horren balio kolektiboa aldarrikatu du: “Obra gutxik azaltzen dute hobeto nor garen eta nola ulertzen dugun gure paisaia, gaur hemen berriro ospatzen dugun itsasoaren, arrokaren, eskulturaren eta arkitekturaren arteko elkarrizketa ezohiko honek baino”.