Barakaldoko Udalak larrialdi-jarduera bat aktibatu du El Regatorako errepidean (garai bateko BI-4743 errepidean) segurtasuna bermatzeko, bidearen ondoko hegal batean harriak jausi ostean. Obra joan den astean hasi zen, ezpondari eusteko eta inguruan zirkulazio normalizatu eta segurua ahalbidetzeko helburuarekin.
Luiziaren abisua apirilaren 16an jaso zuen Udal Zerbitzuak. Beehala, erreietako bat itxi zen eta galtzadaren gainean eroritako materiala kendu zen, zirkulazioa txandaka mantenduz zirkulazioari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Gainera, azterketa tekniko espezializatu batean, gertuko bi eremu hauteman ziren, substratu harritsuan zeharkako pitzadura sakonak zituztenak, batez ere eguraldi txarrak eragindako higadurak eta ezpondako landaredi ugariaren sustraiek eragindakoak. «Pitzadura horiek bloke handien lur-jausiak izateko benetako arriskua zekarten, eta, beraz, garrantzitsua zen azkar jardutea», azaldu du Jon Andoni Uria Auzoetarako eta Hirirako Obretako zinegotziak.
EZPONDA EGONKORTZEKO LANAK
Udalak lantzen ari den konponbide teknikoa ezpondari eustea da. Horretarako, bihurdura hirukoitzeko geomaila bat instalatuko du, lurrean ainguratuta, 32
milimetroko diametroko barra aktiboekin, eta 12 milimetroko altzairuzko kableen bidez eutsita, hegalaren egonkortasuna eta bidearen segurtasuna bermatzeko.
Lanen barruan sartzen dira ekipoak ezartzea, El Regato noranzkoan erreia seinaleztatzea eta txandaka moztea; hegala saneatzea, inausketa eta material ezegonkorra kentzea; geomaila eta ainguraketa-sistema instalatzea; eta hondakinen kudeaketa.
Obra honetarako 105.000 euroko inbertsioa egin behar izan da.






























