- Imanol Pradalesek bere erantzukizun soziala gogorarazten die eta «Gobernua beti zuen ondoan egongo dela» bermatzen die
- Guztira, 151 plaza udaltzain izango dira 29 udaletan; 135 plaza, Ertzaintzaren Ikerketa Kriminalean espezializatuta; 73 plaza, Ertzaintzaren Bide Segurtasunean espezializatuta; eta 5 plaza, Ertzaintzaren herritarren babeserako
Imanol Pradales Lehendakaria buru dela, eta Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak, Esther Apraiz EUDELen lehendakariak eta Jon Goikolea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak lagunduta, egin da gaur goizean Euskal Poliziaren 5. promozio bateratuaren diplomak eta egiaztagiriak banatzeko ekitaldia. Guztira 364 pertsonak jaso dute diploma Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako patio nagusian egin den ekitaldian, haien senide eta lagunek, agintariek eta erakundeetako, poliziako eta sindikatuetako ordezkariek lagunduta.
Imanol Pradales Lehendakariak euskal gizartearen babesa gogorarazi du, «beti izan du oso argi bere segurtasunaren bermea bere polizia-kidego batean jarri nahi zuela». Horri dagokionez, hemendik aurrera izango duten erantzukizun soziala azpimarratu du. «Badakigu zuen konpromisoa irmoa dela. Badakigu zuen profesionaltasuna eredugarria izango dela. Eta badakigu, halaber, erakunde honekiko sentitzen duzuen errespetua izugarria dela. Gobernu hau beti zuen alde egongo da «, adierazi du Lehendakariak.
Euskal Poliziaren bosgarren promozioa
Euskal Poliziako oinarrizko eskalako agenteen 5. promozio bateratua 364 pertsonak osatzen dute:
- Ertzaintzako herritarren babeserako 5ek
- Ertzaintzako Ikerketa Kriminalean espezializazioa duten 135ek.
- Ertzaintzako Bide Segurtasunean espezializazioa duten 73k.
- Euskadiko 29 udaletako 151 udaltzain-plaza beteko dituztenek: Amorebieta-Etxano, Astigarraga, Basauri, Bermeo, Bilbao, Deba, Donostia / San Sebastián, Durango, Eibar, Erandio, Ermua, Getxo, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Leioa, Lekeitio, Markina-Xemein, Mungia, Oiartzun, Ondarroa, Oñati, Ortuella, Santurtzi, Sondika, Villabona, Vitoria-Gasteiz, Zalla eta Zumarraga.
Promozioaren batez besteko adina 30,4 urte da, eta % 35,5 emakumeak dira eta % 64,5 gizonak. % 87,9k euskarako B2 maila edo goragokoa egiaztatu dute.
Herritarren Babeserako agenteak (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) dagoeneko praktiketan ari dira beren destinoetan, eta Bide Segurtasuneko eta Ikerketa Kriminaleko lankideak, berriz, datozen egunotan iritsiko dira beren destinoetara praktikaldia hastera. Hemendik aurrera, “in job” jardunean arituko dira 12 hilabetean, eta lanpostuan ebaluazio jarraitua izango duten praktiketako agenteak izango dira. Aldi hori gainditzen dutenean eta euren ebaluatzaileen eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren oniritziarekin, administrazio publiko bakoitzeko eskubide osoko funtzionario izango dira.
Bigarren aldiz, ikasle batek, Eider Gomez Márquezek, hartu du hitza bere ikaskideen izenean, eta honako hau esan du: “beti eramango dugu barruan justiziarekiko konpromisoa eta balio sozialekiko eta bizikidetzarekiko errespetua”. Promozio bakoitzaren ikur gisa txori bat aukeratzeko tradizioari jarraituz, Euskal Poliziaren 5. promozio bateratu honek buztanoria aukeratu du.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren patio nagusian egin den ekitaldia oso berezia izan da ekitaldian Euskal Poliziaren baitan belaunaldien arteko txandaren prozesua bizi izan duten familientzat. Ekitaldi honetan, urtero, Ertzaintzako unitate desberdinetako agente talde batek graduatzekoak diren agenteen desfilea irekitzen du, zeremoniaren solemnitatea azpimarratuz, euskal poliziaren gala berezietarako uniformearekin. Aurten promozio honetan seme-alabak dituzten agenteei eman zaie talde horretan parte hartzeko aukera. Horrela, gaur goizean Arkauten gala berezietarako Ertzaintzako uniformea jantzi duten sei pertsona, hiru gizon eta hiru emakume, datorren astelehenean Euskal Poliziako unitateetan praktikaldia hasiko duten beste horrenbeste agenteren gurasoak dira.






























