Musikaldiak Euskadiko musika eta dantza eskoletako 1.700 ikasle bildu ditu Legazpin

  • Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Euskal Herriko Musika eta Dantza Elkarteak antolatutako topaketan parte hartu du gaur goizean.
  • Aurtengo edizioan kulturartekotasuna eta musikak jatorri eta kultura desberdinetako ikasleen arteko bizikidetzan duen papera landu dira.

Legazpik Musikaldiaren edizio berri bat hartu du, Euskal Herriko Musika eta Dantza Elkarteak antolatutako Euskadiko musika eta dantza eskolen bi urteko topaketa. Musika eta dantzako 34 eskolatako 1.700 ikasle inguruk parte hartu dute goiz osoan zehar udalerriko hainbat gunetan egindako kontzertu, kalejira eta emanaldietan.

Aurtengo edizioak kulturartekotasuna izan du ardatz. Esparru horretan, Doinua Musika Eskolak, Legazpiko ikastetxeekin batera, proiektu bat garatu du Lehen Hezkuntzako ikasleekin, kultur aniztasuna musikaren bidez lantzeko.

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak irekiera ekitaldian parte hartu du, Eric Galvez Legazpiko alkatearekin, Mikel Romero Euskal Herriko Musika eta Dantza Elkarteko presidentearekin, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatearekin eta Eugenio Jimenez Eusko Jaurlaritzako Ikastetxe eta Plangintzako zuzendariarekin batera.

Hitzaldian zehar, musikaren balio hezitzaile eta soziala azpimarratu du Pedrosak, batez ere taldean ikasi eta praktikatzen denean. “Beste pertsona batzuekin jotzeak eskatzen du entzutea, itxarotea, koordinatzea eta zerbait komunaren parte izatea. Musikak oso pertsona ezberdinak biltzen ditu eta elkar entzuten erakusten die”, adierazi du.

Sailburuak ideia hori euskal hezkuntza sistemak egun duen erronketako batekin lotu du: bizikidetza eraikitzea gero eta gela anitzagoetan. Pedrosak gogorarazi duenez, hezkuntza sistemak 145 herrialdetako ikasleak ditu gaur egun, eta euskarak eta euskal kulturak kohesioa sortzeko zeregin nagusia dutela defendatu du. “Gure eskoletara eta herrietara iristen diren haur guztiek sentitu behar dute hemen leku bat dutela. Eta bide horretan, euskara eta euskal kultura funtsezkoak dira”, esan du.

Beste herrialde eta kulturetatik datozenen harreran ikasleek beraiek duten papera ere nabarmendu du Pedrosak. “Haur askok egunero laguntzen diete beste ikaskideei euskara, ohiturak eta euskal kultura ezagutzen”, adierazi du.

Egunean zehar, bandak eta orkestrak, abesbatzak, ganbera taldeak, txistulariak, trikitilariak eta dantza taldeak aritu dira Legazpiko hainbat puntutan, musika kaleetara eta herritarrengana hurbilduz.

Inaugurazio ekitaldiaren itxierarekin batera, Musikaldiaren hurrengo edizioaren errelebo sinbolikoa ere egin da, bi urte barru Durangon egingo dena.