Aurora Beltranen musikak “belaunaldiak konektatzeko eta denbora gainditzeko” duen gaitasuna aitortu du Nafarroak

Foru Exekutiboak Vianako Printzea Kulturaren Saria eman dio larunbat honetan Aurora Beltran abeslariari. Ekitaldian, sarituak urteetan zehar izan dituen koherentzia eta egiazkotasuna ez ezik, musikak “belaunaldiz belaunaldi bidaiatzeko” duen gaitasuna ere nabarmendu nahi izan ditu Maria Chivite Navascues Nafarroako Lehendakariak.

“Horixe egiten du, hain zuzen ere, musikak: pertsonak batzen ditu, belaunaldiak konektatzen ditu eta denbora gainditzen du. Gaur sentitzen duguna guk baino lehenago beste norbaitek ere sentitu zuela gogorarazten digu, eta geroago beste norbaitek ere sentituko duela”, azaldu du. Era berean, Beltranen letrak “hainbat belaunaldiren memoria sentimentalaren parte direla eta bizitza askoren soinu-banda direla” esan du, “maitasunak, desamodioak, elkartzeak, agurrak eta gau amaigabeak” lagundu dituztela. Azken finean, Lehendakariak berretsi duenez, “jende askori lagundu diote sentitzen zuena adierazteko hitzak aurkitzen”.

Era berean, Lehendakariak azpimarratu du emandako sariak dimentsio bikoitza duela, sarituak “bizitza osoa eman baitu emakumeak rockean duen presentzia aldarrikatzen, eszenatokien gainean berrogei urtetik gorako konpromiso feminista erakutsiz”.

“Laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan, rocka gizonen lurraldea zen”, azaldu du Chivitek, eta gogorarazi nahi izan du garai hartan “diskoen azaletan, eszenatokietan, karteletako izenetan eta tabernetan entzuten ziren ahotsetan” genero maskulinoa zela nagusi. Ildo horretan, Beltranen ibilbidea garrantzitsua izan da arlo horretan, ‘Belladona’ laukote femeninoa sortu zenetik ‘Chicas Fuertes Tour’ bira egin berri duen arte.

Ildo berean, Lehendakariak adierazi duenez, “finkatuak ziruditen konkistak zalantzan jartzen diren garaietan bizi gara, historiarekin lurperatuta zeudela uste genuen diskurtsoak berriro entzuten diren garaietan”. Beraz, amore ez emateko deia egin du, eta, ildo horretan, sarituak konposatutako ‘Invicta’ abestiaren bertso bat aipatu du: “Debilitada, quizás, pero jamás vencida”.

“Zuk bazenekien idatzi zenuenean, eta guk badakigu abesten dugun bakoitzean”, ziurtatu du Beltranengana zuzenduz. Beharrezkoa da “bidezko arrazoiak defendatzeko gai diren ahotsak izatea, horiek atzera bota nahi dituztenen aurrean”, eta “berdintasuna, askatasuna eta justizia soziala egunero zaindu eta defendatu behar diren lorpenak direla gogorarazten digute”.

Musika garaikiderako ekarpen erabakigarria 

Iñigo Perez Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kidea da eta Beltranen hautagaitza bultzatu duena. Beltrani saria eman aurretik sarituari laudatu bat egiteaz arduratu da. Horrela, abeslariaren inguruan honela esan du: “artista batzuek garai batean arrakasta izaten dute, beste artista batzuek belaunaldi bat ordezkatzen dute, eta beste artista batzuek, berriz, herri baten memoria kolektiboaren parte izaten amaitzen dute”. “Aurora Beltran”, ziurtatu duenez, “kategoria horietakoa da, bereziki azken horretakoa”.

Perezek, halaber, abeslariaren biografian zehar ibilbide bat egin du: Potasasen igarotako haurtzarotik hasi da, Perthes gaixotasuna denboraldi luzeak eserita igarotzera behartu baitzuen. “Gurasoek gitarra bat oparitu zioten egoerari aurre egiten laguntzeko”, azaldu du, “eta gitarra hori adierazpen-tresna izatera iritsi zen azkenean, eta, denborak aurrera egin ahala, Nafarroa garaikidearen musika-ibilbide garrantzitsuenetako baten sorburu”.

‘Belladonarekin’ hasi zeneko garaiak ere errepasatu ditu, “herrialdeko rockean emakumezkoek osatutako lehen bandetako bat”, eta, ondoren, nola sendotu zen  Tahúres Zurdos taldearekin, denborarekin “nahastezina” izan zen ahots propioa eraikiz. Taldea desegin ondoren, laudatioren arduradunak azaldu du Beltranek “bide berriak aztertzen jarraitu duela, formatu intimoagoen alde apustu eginez, proiektu pertsonalagoen alde eta publikoarekin harreman zuzena izatearen alde”, hori guztia “independentziatik, sortzeko askatasunetik eta musika elkartze eta komunikazio bezala ulertuta”.

Hitzaldia amaitzeko, Perezek azpimarratu du sarituak “sorkuntzaren balio nobleenetako batzuk ordezkatzen dituela: askatasuna, benetakotasuna, iraunkortasuna eta hunkitzeko gaitasuna”.

Aurora Beltran, bere hitzaldian zehar 

Saria jasotzerakoan, Beltranek gurasoei eskaini nahi izan die; izan ere, “garai latzei aurrea hartu zieten”, eta kezken hegoekin hagan egiten utzi zioten. “Ez bazaudete ere, badakit bazaudetela, etengabe zuen arnasa hartzen dut eta”, baieztatu du.

Era berean, saria eskaini die, baita ere, “hegan egin nahi izan zuten eta agian ezin izan zuten edo hegan egiten utzi ez zieten emakume guztiei”. Guretzat mundu honek zaila izaten jarraitzen du”, hausnartu du abeslariak eta emakumeen sinesgarritasuna “gizon askorenaren ondoan iluntzen dela”, esan du.

“Hori dela-eta, eta zoritxarrez, gogoratzen jarraitu behar dugu guk geure lekua dugula, nortasuna dugula eta ez dugula atzerapausorik emango hori ez sakrifikatzeko”, azpimarratu du.

Ekitaldia Los Arcosen 

Edizio honetako sari-banaketa Los Arcosen egin da, Carmen Thyssen-Bornemisza Kultur Etxean, zehazki. Chivite Lehendakariak gogorarazi du, 2026an 860 urte beteko direla Antso Jakitunak hiribilduari foruak eman zizkionetik, eta erabaki horrek “Donejakue Bidea egiten zuten erromesentzako ospitalea sortzea” ahalbidetu zuela. Egoera hark, Lehendakariaren ustez, “harrera-espiritua” eragin zuen, oraindik ere herriko kaleetan sentitzen dena.

Ekitaldiari musika Los Arcoseko Unión y Armonía Abesbatzak jarri dio, eta bideo bat ere proiektatu da, Aurora Beltranentzat sorpresa moduan. Bertan, saridunaren gertuko pertsonek, tartean, Carmen París, El Drogas, Enrique Bunbury edo Luz Casalek zoriondu egin dute jasotako sariarengatik.

Lehendakariaz gain, Foru Exekutiboaren aldetik, honako hauek izan dira ekitaldian: lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilaria den Javier Remirez; hirugarren lehendakariordea eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro; Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Jose Luis Sarasti; Hezkuntza kontseilaria, Carlos Gimeno; Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria, Mikel Irujo; Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, Carmen Maeztu; Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Luis Garcia; Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inma Jurio; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Jose Mª Aierdi; eta Kultura, Kirol eta Turismo kontseilaria, Rebeca Esnaola.

Bertan izan dira, orobat, beste agintari batzuk; hala nola, Los Arcoseko alkatea, Eduardo Garcia de Galdiano; Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde; Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Alicia Echeverria; Nafarroako Kontseiluko lehendakaria, Ana Clara Villanueva; Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakaria, Ignacio Cabeza del Salvador; nahiz diputatuak, senatariak eta foro parlamentariak, besteak beste.

Vianako Printzea Sariaren 37. edizioa 

Vianako Printzea Kulturaren Saria 1990ean sortu zuen Nafarroako Gobernuak, eta aurten, 2026an, 37. edizioa beteko du. Urtero bezala, sariaren helburua da kulturaren edozein arlotan pertsona edo erakunde nabarmenek egindako lana saritzea, izan sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, edo kultura sustatzeko lanetan.

Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluak egiten du sariaren proposamena. Azken urteetan, honako hauek jaso dute: Amaia Rodriguez eta Raul de la Fuente zinemagile eta ekoizleak, Alfredo Sanzol dramagileak, Teresa Catalan konpositoreak, Carlos Canovas argazkilariak, Tomas Yerro idazle eta irakasleak edo Dolores Redondo idazleak. Sarituen zerrenda osoa esteka honetan kontsulta daiteke.