Euskadik goi-mailako kirola eguneratu du, kirol arloko egungo erronketara egokitzeko

  • Araudi berriak goi-errendimenduko kirolaren kategoria txertatzen du, goi-mailako klubak aitortzen ditu eta kirolarien babesa indartzen du.
  • Ibone Bengoetxea lehendakariordeak: «Goi-mailako kirolak erreferenteak sortzen ditu, belaunaldi berriak inspiratzen ditu eta Euskadi mundura proiektatzen laguntzen du»

Eusko Jaurlaritza Goi Mailako Kirolaren Dekretu berria izapidetzen ari da. Araudi berri horrek 2010etik indarrean dagoen dekretua ordezkatuko du, eta Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lege berrira egokituko da. Helburua Euskadiko goi-mailako kirolaren eredua eguneratzea eta elitean lehiatzen diren kirolarien eta erakundeen beharrei erantzun hobea ematea da.

«Goi-mailako kirolak erreferenteak sortzen ditu, belaunaldi berriak inspiratzen ditu eta Euskadi mundura proiektatzen laguntzen du. Horregatik bultzatzen ari gara Goi Mailako Kirolaren Dekretu berria: hamabost urte baino gehiago indarrean egon den araudia eguneratzeko eta gaur egungo kirolaren errealitatera egokitzeko», adierazi du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Sistema modernoagoa eta gaur egungo errealitatera egokitua

Dekretuaren berrikuntza nagusietako bat goierrendimenduko kirolaren kategoria sortzea da. Horri esker, nazioarteko mailan lehiatzen ari diren baina oraindik goi-mailako elite gorenera iritsi ez diren kirolariak aitortu eta babestu ahal izango dira.

Kategoria hau bertako kirol modalitateetako kirolariak aintzatesteko ere sortu da, hala nola, Arrauna, banku finkoko modalitatean, Herri Kirolak edo Euskal Pilota. Izan ere, modalitate horiek ez dira kategoria olinpikoak, baina badituzte euren egutegian munduko txapelketak. Aurreko dekretuan, kirol horietan maila gorenean lehiatzen diren euskal kirolariak ezin ziren goi mailako kirolaritzat halakotzat hartu. Dekretu hau eguneratuz, aintzatespen hori ematen zaie.

Gainera, promesen eta talentuen kategoriak modu argiago batean txertatzen dira, erakundeen arteko koordinazioa indartuz eta sistema progresiboagoa eratuz. Izan ere, bi kategoria horiek Foru Aldundien eskumena dira. Dekretu honetan, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien arteko lan-esparru bat sortu da, etorkizun handiko kirolarien eta talentudunen kudeaketa eta arreta koordinatzeko, erakunde arteko batzorde espezifiko bat sortuz.

Goi-mailako kluben aitortza

Lehen aldiz, araudiak berariaz aitortzen ditu goi-mailako kirol klubak, bai maila goreneko lehiaketan betetzen duten eginkizunagatik, bai oinarrizko kirola sustatzeko duten garrantziagatik.

Babes handiagoa kirolarientzat

Dekretu berriak kirolarien babesa indartzen du haurdunaldia, amatasuna/aitatasuna edo adopzioa bezalako egoeren aurrean, eskubideak eta onurak mantentzea bermatuz.

Era berean, lesio larrien ondorioz aldi baterako lehiatu ezin duten kirolarientzat luzapen mekanismoak aurreikusten ditu.

Kirol inklusiboago baten alde

Araudi berriak kirol egokituaren trataera eguneratzen du eta irizpide homogeneoago eta inklusiboagoen alde egiten du.

Halaber, beharrezkoa den modalitateetan laguntzaile kirolariaren figura aitortzen du.

Kirola eta ikasketak uztartzeko aukera gehiago

Dekretuak indartu egiten ditu kirol ibilbidea eta prestakuntza akademikoa bateragarri egiteko neurriak, kirolariek ikasketak eta lehiaketa uztartu ahal izan ditzaten.

Administrazio arinago eta digitalagoa

Araudi berriak eskaeren eta ziurtagirien izapidetze elektronikoa ezartzen du, prozedurak erraztuz eta goi-mailako aitortzari lotutako eskubide eta onuretara iristea erraztuz.

Euskadiko kirol sistemarentzako bultzada berria

Eguneratze honen bidez, Euskadik goi-mailako kirolarekiko konpromisoa indartzen du, elitean lehiatzen diren pertsonen babesa hobetzen du eta erreferenteak sortzen, oinarrizko kirola sustatzen eta Euskadi nazioartean proiektatzen laguntzen duen eredua sendotzen du.