- Hitzarmenaren helburu nagusia da bi erakundeen arteko lankidetza-ildoak ezartzea modu koordinatuan boluntariotzako jarduerak egin eta garatzeko
- Jarduketa horren bitartez, bi erakundeek berretsi nahi dute herritarren parte-hartzea Euskadiko osasunaren faktore erabakigarria dela, bat etorriz Euskadiko Osasun Itunean jasotakoarekin
- Donostialdeko ESIaren eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen xedea da aurrera egiten jarraitzea osasunaren sustapenari eta gaixotasunen prebentzioari dagokienez, betiere prozesu onkologikoaren fase guztietan ekitatea lehenetsita
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak boluntariotza-lanak egingo ditu Osakidetzako Donostialdeko ESIan, gaur goizean horri buruzko hitzarmena sinatu baitute Marisa Arriola Nietok (Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko presidenteak) eta Maite Martínez Zabaletak (Donostialdeko ESIko zuzendari-gerenteak).
Hitzarmen horren bitartez, bi entitateek haien lankidetza sendotuko dute eta aurrera egiten jarraituko dute osasunaren sustapenari eta gaixotasunen prebentzioari dagokienez, betiere prozesu onkologikoaren fase guztietan ekitatea lehenetsita; horretarako, arreta osoa eta humanizatua erdigunean jartzen duen eredua hartuko dute oinarritzat.
Ekitaldian, Maria Luisa Arriola Nieto Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko presidenteak hauxe nabarmendu du: «Sinadura bat baino askoz gehiago da hitzarmen hau: borondateen batura da. Osasun-arreta ulertzeko moduaren isla da, non tratamendua ez ezik, prozesua bizitzeko era ere da garrantzitsua. Izan ere, minbiziaren diagnostikoak ez dio soilik fisikoari eragiten; aitzitik, alderdi emozionalari, sozialari eta egunerokoari ere eragiten die. Horrexegatik da horren garrantzitsua laguntza».
Bestalde, Maite Martínez Donostialdeko ESIko zuzendari-gerenteak hauxe adierazi du: «Hitzarmen hau sinatzea eta espazio berri hau inauguratzea funtsezko urratsak dira arreta onkologikoa humanizatzeko daukagun konpromisoan, eta borondatezko lana ezinbesteko osagarria da gure asistentzia-lanean. Donostialdeko ESIan, uste dugu zaintzea bikaintasun medikotik haratago doala; pazienteari eta haren familiari laguntzea da kontua, une oro senti dezaten babestuta daudela, jakinaren gainean daudela eta errespetua jasotzen dutela beren errealitate pertsonalean eta ospitaleko egonaldian».
Bizi-ohiturak aldatu izanak eta tratamenduak geroz eta eraginkorragoak izateak eragin dute minbiziaren intzidentzia eta prebalentzia areagotzea. Geroz eta pertsona gehiago bizi dira hizpide dugun gaixotasunarekin; hortaz, ohiko tratamendu medikora baino mugatzen ez diren zaintzak eman behar dira, hala nola babesa, ariketa fisikoa eta laguntza psikosoziala.
Horiek horrela, hitzarmenari esker bi erakundeak modu koordinatuan jardungo dira, ukitutako pertsonen minbiziaren eragina murrizteko eta ikuspegi holistikoagoa txertatzeko, prozesu onkologikoa humanizatzea xede.
Jarduketa horren bitartez, bi entitateek berretsi nahi dute herritarren inplikazioa Euskadiko osasunaren faktore erabakigarria dela. Horrek lagunduko du parte-hartzea eta gobernantza partekatua sustatzen, pazienteek nahiz haien ordezkariek ahots aktiboa nahiz egituratua izan dezaten eta benetako eragina izan dezaten euskal osasun-sistemaren etengabeko hobekuntzan, bat etorriz Euskadiko Osasun Itunean ezarritakoarekin.
Lankidetzaren garapena
Gaur sinatu den hitzarmenaren bidez, bi erakundeen arteko lankidetza-ildoak ezarriko dira, boluntariotzako jarduerak modu koordinatuan egin daitezen. Testuinguru horretan, paziente onkologikoari eta bere familiari babesa eta laguntza emango dizkiete elkarteko boluntarioek, pazientearen ezaugarriengatik beharrezkoa eta posible denean, eta berak nahiz bere ingurukoek hala eskatzen dutenean.
Bestalde, boluntarioek, osasun-langileekin lankidetzan, pazienteari eta bere senideei informazioa emango diete gaixotasunean baliagarri izan daitezkeen zainketei, osasuna sustatzeko jarduketei eta eskuragarri dauden baliabideei (sanitarioei nahiz ez-sanitarioei) buruz. Ildo beretik, zaintzaren humanizazioa bultzatzeko ekintzak gauzatuko dira, egonaldia duinagoa eta atseginagoa izan dadin.






























