Barakaldoko Udalak urrats berri bat eman du aste honetan Urban Bizi Lab-en garapenean. Urban Bizi Lab hiriko proiektu estrategikoetako bat da, eta Beti Barakaldo! gobernu-programaren barruan dago. Amaia del Campo alkatea eta Fran Viñez Bilbao Ría 2000ren zuzendari nagusia lanak ikustera joan dira gaur goizean, beste udal ordezkari batzuekin batera.
Ekimena helburu argi batekin sortu da: plaza sortu zenetik espazio hutsak berreskuratzea eta herritarren, berrikuntzaren, enplegu-sorkuntzaren eta kulturaren zerbitzura jartzea, hiriaren erdigunean jarduera-gune berri bat sortuz. Hori ahalbidetzeko, Udalak modu koordinatuan lan egin du Bilbao Ría 2000 erakundearekin, 2010etik. Lankidetza horri esker, plazan dauden lokal hutsen oinarrizko egokitzapena egin da, 1.500 metro karratu baino gehiagoko azalera erabilgarria berreskuratuz, ekipamendu moderno, malgu eta jarduera berriak hartzeko prestatua.
Garatutako jarduketei esker, lau lokal bateratu ahal izan dira, eta azpiegitura moldakor bat sortu da, lan partekatuko espazioak, bilera-gelak, bulegoak, banakako kabinak, gela balioaniztunak… barne hartzen dituena, bai eta irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna, jasangarritasuna eta etorkizuneko erabiltzaileen erosotasuna bermatzeko beharrezko instalazioak ere. Bilbao Ría 2000k 1,7 milioi euro inbertitu ditu 9 hilabetez garatu den obra hau egiteko.
LEHEN FASEA HASI DA: ENPRESENTZAKO ETA BERRIKUNTZARAKO ESPAZIOA
Aurreko lan horiek amaitu ondoren, Udalak Urban Bizi Lab-en lehen faseari ekin dio aste honetan, enpresetarako, ekintzailetzarako eta berrikuntzarako gunea sortzeko.
Obrek aukera emango dute sormenarekin, teknologiarekin, prestakuntzarekin eta profesionalen eta enpresen arteko lankidetzarekin lotutako ekimenak bultzatzeko sortutako hiri-laborategi bat garatzeko. Guneak lan partekatuko eremuak, bileragelak, bulegoak, bideokonferentzietarako kabinak eta STEAM tailer, aurkezpen eta jardueretarako prestatutako erabilera anitzeko gela handi bat izango ditu, teknologiari eta prestakuntzari dagokienez.
«Lehen jarduera honek 600.000 euroko udal inbertsioa du, eta, horren bidez, agerian jarri da proiektu bat abiaraziko dela, jarduera ekonomiko, sozial eta kulturalaren erreferente bilakatuko duena», adierazi du alkateak.
AUZOARENTZAKO TOPAGUNE BERRI BAT
Proiektuak, halaber, auzokideen partaidetzarako eta bizikidetzarako espazio espezifiko bat gordetzen du. Urban-Desierto auzotarrek bilerak eta elkartejarduerak egiteko lokal bat izango dute, baita auzoko haurrentzako ludoteka-gune bat ere, bizitza komunitarioa indartzeko topaleku berri bat sortuz. Proiektu hau kontrataziora atera da eta uda ostean hasi ahal izango da.
TOKIKO KULTURA ETA TALDEENTZAKO ESPAZIOAK
Urban Bizi Labek tokiko kulturaren aldeko apustu garrantzitsua ere aurreikusten du. Horretarako, 163,14 metro karratu erabilgarri jarriko dira plazako beste lokal batzuetan, 220 metro karratuko lau entsegu-areto eta bulego bat sortzeko.
Era berean, hirugarren lokal batean 307 metro karratu erabilgarriko areto bat sortuko da, eszenatokiz eta kamerinoz hornitua, hainbat formatutako emanaldiak, aurkezpenak, topaketak eta kultur jarduerak hartzeko sortutako espazioa.
«Urban Bizi Lab berrikuntzaren polo bihurtuko da, bai enpresen eskutik, bai kulturaren eskutik, taldeen entseguak eta kontzertuak egiteko espazioekin. Orain arte bizitzarik ez zuen plaza bat aukeraz bete nahi dugu, eguneroko jarduerekin bizitu», azaldu du Del Campok. Barakaldoko Udalak 3,4 milioi euro bideratuko ditu guztira Urban Bizi Lab garatzeko. Izan ere, hasi berri den faseari dagozkion 600.000 euroei beste 2,8 milioi euro gehitu behar zaizkie, udalaren maileguaren barruan erreserbatutakoak, kultura-espazioak eta auzo-erabilerarako instalazioak egikaritzeko.






























