Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Memoriaren Nafarroako Institutuaren bitartez eta Gobernuaren DNA Bankuarekin eta Nasertic enpresa publikoak kudeatzen duen laborategi genetikoarekin lankidetzan, 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldi handian parte hartu zuten San Kristobal Gotorlekuko bi presoren gorpuzkiak identifikatzea lortu du. Gerardo Gómez Lorenzo galiziarra eta Jesús Esteban Muñoz segoviarra dira, Esteribarren erailak.
Lehenengo identifikazioa Jesus Esteban Muñoz presoari dagokio. 1906ko ekainaren 22an jaio zen Villaverde de Íscarren (Segovian), eta Portilloko (Valladolid) bizilaguna zen. Esteban epaitu eta 20 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten 1936ko azaroaren 20an, Valladoliden izandako gerra-kontseiluan, matxinadari laguntza ematea egotzita. 1937ko urtarrilaren 20an sartu zuten Ezkaba mendiko gotorlekuan, eta han egon zen ihesaldiaren egunera arte. Nafarroako Memoriaren Institutuaren ‘Lur azpian. Desobiratzen Nafarroan 1939-2025’ argitalpenean jaso eta azaltzen den bezala, hiru pertsona atxilotu zituzten Eugin eta beste bi Bardegi inguruan, Usetxi eta Egozkueko gainaren artean. Erailak izan ondoren, Urtasungo hilerrira eraman eta, bertan, hobi komun batean lurperatu zituzten bostak. 2017ko maiatzean, Urtasungo hilerriko hobi horretan lurperatutako lau gizonen gorpuzkiak lurpetik atera zituzten, eta Azagrako bizilagun Andres Zudaire, bere familiak 1978an desobiratutakoa, identifikatu zuten. Oraingo honetan, familiako emaile egokien lagin genetikoak hartzeari esker, Jesús Esteban identifikatu ahal izan da. Duela gutxi, senide bat Memoriaren Nafarroako Institutuarekin harremanetan jarri zen, Estebanen gorpuzkiak non zeuden jakiteko.
Bigarren identifikazioa Gerardo Gómez Lorenzo preso galiziarrarena izan da, Bergondokoa (A Coruña), 1916ko irailaren 24an jaioa, ezkongabea eta arotza lanbidez. Gómez 1937ko urtarrilaren 29an epaitu zuten gerra-kontseiluan, A Coruñan, eta 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, matxinadari laguntzea egotzita. 1937ko ekainaren 14an sartu zuten San Kristobal gotorlekuan, eta han egon zen ihesaldia gertatu arte. 1938ko maiatzaren 24an, ihes egindako bi preso atxilotu eta Esteribarko Leranotz herriko eskolan giltzapetu zituzten. Agorretako erretoreak aitortuta, Oiazki parajera eraman eta bertan erail eta lurperatu zituzten. Gorpuzkiak 2018ko maiatzean desobiratu zituzten. Fermin Ezkieta ikertzailea Gomezek Bergondon eta Azulen (Argentinako Errepublika) zituen senideekin harremanetan jarri zen, eta, horri esker, lagin genetikoak eta ihes egindakoen gorpuzkiak alderatu ahal izan dituzte.
Gogoan izan behar da 1938ko maiatzaren 22an San Kristobal gotorlekuko ihesaldian 795 presok parte hartu zutela, eta horietatik 207 hainbat lekutan erail zituztela, ia beti aurretik atxilotu ondoren. Ihes egindako horietako 54 gorpu berreskuratu dira gutxienez, eta horietatik 12 genetikoki identifikatzea lortu da.
50 identifikazio DNA Bankuaren hamar urteko epean
Hamar urte bete berri dira aurten Nafarroako Gobernuaren DNA Bankua martxan jarri zenetik, 33/2013 Foru Legearen 8. artikulua aplikatuz, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izan ziren herritar nafarren errekonozimendu eta erreparazio moralari buruzkoa. Harrezkero, 439 espediente ireki dira senitartekoen lagin genetikoak hartzeko, Nafarroako Gobernuaren Desobiratze Programan berreskuratutako gorpuzkiak alderatzeko. Guztira 163 gorpuzki dira 2015eko amaieratik. Horrela, 50 identifikazio lortu dira, hau da, % 31. Ehuneko hori garrantzitsua da beste leku batzuetan lortutako zifrekin alderatuz gero.
Memoriaren Nafarroako Institutuak lanean jarraitzen du, elkarte memorialisten eta ikertzaileen laguntzarekin, hobi berriak aurkitzeko (duela gutxi Larrayan, Zizur Zendean eta Vidaurren, Guesalazen, prospekzioak egin dira), baita biktimen senideak aurkitzeko ere, prozesu konplexua baita, geografikoki oso sakabanatuta daudelako. Azken identifikazio horiek berriki jasotako senideen lagin genetikoei esker lortu dira. Bestalde, Naserticen laborategiak identifikazio-sistema zehatzagoak lantzen jarraitzen du, emaitza horiek zabaltzeko. Horregatik guztiagatik, Memoriaren Nafarroako Institutuak gogorarazi nahi du hobien kokapenari edo eraildakoen senideek horiei buruzko informazioa [email protected] helbide elektronikoaren bidez eman dezaketela.




























