Euskadik aurrera egiten du elikagai-xahuketaren prebentzioan eta kudeaketan elikadura-kate osoan

  • Euskal etxeek elikagai-xahuketa ia %11 murriztu dute, eta elikagaien industriak galerak %70 gutxitu ditu
  • Amaia Barredo: “Inpaktu handiena lor dezakegun tokietan jarduteko aukera ematen digun diagnostiko sendoa dugu, eta elikadura-kate eraginkorrago eta jasangarriago baterantz aurrera egiten jarraitzeko aukera ere bai”

Elikagai-xahuketa gizarte aurreratuen ingurumen, ekonomia eta gizarte-erronka nagusietako bat izaten jarraitzen du. Hori murrizten jarraitzeko helburuarekin, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Elika Fundazioak egindako euskal elikadura-kateko elikagai-xahuketaren bigarren diagnostikoa aurkeztu du.

Azterlanaren arabera, Euskadin urtean 247.668 tona elikagai-xahuketa sortzen dira; hau da, 111,65 kilo pertsonako eta urteko. Kopuru hori %1,1 handiagoa da 2022koarekin alderatuta, eta antzekoa da aldi berean euskal biztanleriak izan duen hazkundearekin.

Diagnostikoak, gainera, elikadura-kateko hainbat mailatan aurrerapen garrantzitsuak baieztatzen ditu. Euskal etxeek xahuketa %10,97 murriztu dute; hau da, urtean pertsonako ia zazpi kilo gutxiago xahutzen dira. Hala ere, xahuketaren iturri nagusia izaten jarraitzen dute, sortutako guztizkoaren erdia inguru biltzen baitute.

Diagnostiko honek galerak non gertatzen diren hobeto ezagutzeko aukera ematen digu; horrela, politika publikoak hobekuntza-marjina handiena duten eremuetara bideratzeko. Euskadik urteak daramatza gai honetan lanean, eta gaur egun oinarri sendoa du administrazioen, enpresen eta herritarren arteko lankidetzatik elikagai-xahuketa murrizten jarraitzeko”, nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak.

Txostenaren arabera, elikagai-xahuketaren %97 katearen azken mailatan pilatzen da, hau da, etxeetan, ostalaritzan eta banaketan. Horrek erakusten du erronka nagusia elikagaien kontsumoan eta azken kudeaketan dagoela oraindik.

Daturik positiboenen artean, elikagaien eraldaketa-sektorearen bilakaera nabarmentzen da; izan ere, 2022arekin alderatuta xahuketa %70 murriztu du. Gaur egun 2.317 tona sortzen ditu urtean, aurreko neurketan erregistratutako 7.720 tonaren aldean. Hobekuntza hori batez ere industria-galeraren %98 baino gehiago balorizatu eta berrerabiltzen direlako gertatu da.

Banaketak ere bilakaera ona izan du, 2022arekin alderatuta %17,6ko murrizketarekin. Gaur egun guztizko xahuketaren %21 ordezkatzen du, duela lau urteko %26aren aldean.

Bestalde, HORECA sektoreak zenbatutako kopuruetan igoera izan du, batez ere hondakinen bilketa eta karakterizazioa hobetu direlako, bereziki jangarriak ez diren frakzioetan. Plater-hondarrak eta gehiegizko ekoizpena dira eremu horretan identifikatutako arrazoi nagusiak.

Gaur egun tresna zehatzagoak ditugu xahuketaren zer zati prebenitu daitekeen bereizteko eta ahaleginak non kontzentratu behar ditugun jakiteko. Datuek erakusten dute murrizketa-potentzial handiena etxeetan, ostalaritzan eta banaketan dagoela; beraz, hor indartu behar ditugu sentsibilizazio, prestakuntza eta elikagaiak aprobetxatzeko ekintzak”, azpimarratu du Arantza Madariaga Elika Fundazioko zuzendariak.

Hurrengo erronketarako prest

Bigarren diagnostiko honek Euskadin 2018tik garatutako lana sendotzen du, eta elikagai-galerak eta xahuketa prebenitzeko Legea aplikatzeko posizio aurreratuan kokatzen du Euskadi.

Emaitzak, gainera, 2026-2030 Plan Estrategiko berriaren oinarri izango dira. Plan horrek sentsibilizazio eta prestakuntza-ekintzak indartuko ditu, bereziki murrizteko gaitasun handiena duten sektoreetan. Era berean, administrazioen, elikadura-kateko eragileen eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza sustatuko du, elikagai-soberakinen kudeaketa hobetzeko eta elikadura-eredu eraginkorrago, jasangarriago eta arduratsuago baterantz aurrera egiten jarraitzeko.

Informazio gehiago: https://zerodespilfarro.elika.eus/xahuketaren-diagnostikoa-euskadin