Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Bideberdeate 2026 lankidetza-hitzarmena sinatu du turismoa bultzatzeko

Gobernu Kontseiluak 94.243 €-ko dirulaguntza zuzena ematea eta Enkarterrialde Landa Garapenerako Elkartearekin (LGE) lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartu du, Bideberdeate 2026 ekitaldiaren 3. edizioa antolatzeko eta Burdin Mendietako Bide Berdeetan (39 km-ko ibilbidea Artzentales eta Muskiz artean, Bizkaian) Blind Explorer tresnaren bidez irisgarritasuna teknologikoki ezartzeko proiektua osorik gauzatzeko.

Bideberdeate kirol-, kultura- eta gastronomia-ekitaldi bat da, Burdin Mendien Bide Berdea zeharkatzen duena, Enkarterri eskualdean eta Meatzaldean (Bizkaia). Azaroan ospatu ohi da, eta helburu nagusia ingurua dinamizatzea da, meatze-iragana ezagutzera emateko mendi-ibilbideen eta txirrindularitzaren bidez.

Dirulaguntza horri esker, ekitaldia garatzeko ekintza tekniko eta logistikoak finantzatuko dira, besteak beste, antolaketa eta logistikako gastuak, komunikazio eta sustapeneko gastuak, ekitaldiaren ebaluazio eta jarraipeneko gastuak, etab.

Ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasunaren inplementazio teknologikorako ere balioko du, Blind Explorer tresnaren bidez: ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat bereziki diseinatutako nabigazio-aplikazio bat. GPS teknologia eta soinu binauralak edo 3D soinuak erabiltzen ditu erabiltzailea gidatzeko, mugikorraren pantailari begiratu beharrik gabe.

Soluzio teknologikoak honako hauek jasoko ditu:

  • Doitasun handiko sistema topografikoa, edozein lur ireki mapatzeko eta teknologiaren erabiltzaileentzako bide seguru bat sortzeko aukera emango duena.
  • 3D soinuak erabiltzen dituen nabigazio sentsorialeko sistema bat, aurrera egiteko bide segurua zedarrituko duena, gainditu behar ez diren marjinak ezarrita, eta erabiltzaileek hala eginez gero, alarma-soinu batzuk aktibatu eta segurtasun-eremura birbideratzen dituena, norabide-soinuak erabilita.
  • Audio-deskribapen egokitu eta eskuragarrien sistema, bidearen eta ingurunearen ezaugarriak deskribatzen dituena. Horri esker, modu seguruan egin daiteke aurrera, zailtasun orografikoak gaindituta inguruneaz gozatzeko, erabiltzaile-esperientzia hobetzen duenez gero.

Sistema honek errealitate akustiko areagotua emango du: norabide zuzena adieraziko du, segurtasun-bidea mugarriztatu eta desbideratzean soinu-alertak igorriko ditu, eta offline moduan funtzionatuko du oso-osorik, estaldura mugikorrik gabeko segurtasuna bermatzeko.