Maria Jesus San Josek berretsi egin du Ermuan Eusko Jaurlaritzak biktimen memoriarekin eta belaunaldi gazteenak balio demokratikoetan heztearekin duen konpromisoa

  • Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Ermuko Espirituaren ondarea aldarrikatzen du elkarbizitza demokratikoaren zutabe gisa

 

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek ETAk hildako Miguel Angel Blanco eta Sotero Mazoren omenezko ekitaldian parte hartu du Ermuan, San Pelaio auzoko biktimen omenezko monolitoaren ondoan. Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuorde Arrritxu Marañonek ere parte hartu duen ekitaldian lore-eskaintza bat egin dute.

Bere hitzaldian, San Josek Miguel Angel Blanco eta Sotero Mazo bereziki gogoratu ditu, eta ETAren biktima guztiei eta haien familiei aitortza egin die, haiek izan zuten duintasuna, indarra eta balio demokratikoekiko konpromisoa nabarmenduz.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak terrorismoaren eta indarkeriaren gaitzespen garbia egin du, eta Miguel Angel Blancoren hilketaren ondoren sortu zen Ermuko Espirituaren balioa azpimarratu du. «Isiltasuna apurtzea eta beldurrari aurre egitea erabaki zuten herritarren erantzun lasaia, ausarta eta demokratikoa» izan zela adierazi du, eta «gure historia kolektiboaren parte den eta gaur egun gure bizikidetza eraikitzen jarraitzen dugun zutabeetako bat den ondarea» osatzen duela.

Era berean, memoria zaintzearen garrantziaz ohartarazi du, indarkeriako urte haiek zuzenean bizi izan zituztenak gero eta gutxiago diren testuinguru batean. Zentzu horretan, memoriak gertaerak ez ezik, horien esanahi etikoa ere transmititu behar duela defendatu du: “Balio demokratikoetan heztea, giza eskubideak defendatzea eta pertsona guztien duintasunaren errespetuan oinarritutako bizikidetza-kultura indartzea esan nahi du”.

Azkenik, San Josek berretsi egin du Justizia eta Giza Eskubideen Sailak biktimen errekonozimenduarekin eta erreparazioarekin, haien memoria babestu eta zabaltzearekin eta bereziki belaunaldi gazteenei zuzendutako giza eskubideen eta memoria demokratikoaren politikak bultzatzearekin duen konpromisoa. Azpimarratu du egian, justizian, memorian eta erreparazioan oinarritutako bizikidetza eraikitzea “lehentasuna” dela biktimen oroitzapena bizirik mantentzeko eta historia berriro ez errepikatzeko.