Yoana Mintegui Castroren “Festak ospatzen” izango da Hondarribiko 2026ko Jai Nagusietako irudia

Yoana Mintegui Castroren “Festak ospatzen” lana izango da 2026ko Hondarribiko Jai Nagusietako kartela. Guztira 12 proposamen aurkeztu dira, eta aurkeztutako lanen kalitatea nabarmendu dute Idoia Seijo Iruretagoiena, Tzane Carrillo Salaberria, Oaya Albizu Lopez eta Javier Sagarzazu Garaikoetxea epaimahaikideek.

Minteguik azaldu duenez, kartelaren izenburuak berak adierazten duen moduan, jaietako ospakizun une berezi bat islatu nahi izan du: Zapateroaren amaiera, alegia, jaien itxiera ospatzen den unea. “Jendea saltoka, elkarrekin ospatzen eta jaiaren azken une horretaz gozatzen irudikatu nahi nuen”, adierazi du. Aldi berean, lehiaketa irabaztea ez zuela espero aitortu du: “Udaletik deitu zidatenean sorpresa handia hartu nuen. Oso pozik nago, eta ohorea da nire lanak Jai Nagusiak iragartzea”.

Diseinuari dagokionez, estetika sinple eta garaikidearen alde egin du irundarrak, horrexegatik erabili ditu kolore lauak eta xehetasun gutxiko konposizioa. Horrela, irudi garbi eta indartsua lortu nahi izan du, Hondarribiko berdea eta Alardearen gorria ardatz hartuta. “Hasieran proposamen errealistago bat egitea pentsatu banuen ere, azkenean ‘gutxiago gehiago da’ edo menos es más printzipioaren alde egitea erabaki nuen”, azaldu du Minteguik.

Gainerako sariei dagokienez, “Figuras” lanari esker, bigarren sariduna Martin La Casta Aramburu izan da; eta hirugarren saria Maore Tolosa Peñaren “Gonak” proposamenarentzat izan da.

Ortzi Alonso Kultura zinegotziak, bere aldetik, eskerrak eman dizkie lehiaketan parte hartu duten sortzaile guztiei. “Eskertzekoa da urtez urte jasotzen dugun erantzuna. Aurten ere kalitate handiko lanak aurkeztu dira, eta horrek agerian uzten du lehiaketak eta gure jaiek sortzen duten interesa. Hondarribiko Udalaren izenean, parte-hartzaile guztiei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu”, adierazi du.