Bizkaiko hondartzetan 1.081.155 pertsona izan dira hondartza-denboraldia hasi zenetik, iazko aldi berean baino % 1,42 gehiago. Eguzki-egun kopuru antzekoa izan da, eta uraren batez besteko tenperatura altuxeagoa, eta baldintza meteorologikoak egonkorrak izan direnez, jendetza ibili da hareatzetan.
Jenderik gehien hondartza hauetan ibili da: Ereagan 175.726 erabiltzaile izan dira; La Arenan, 160.268; Arriatera-Atxabiribilen, 130.901; Bakion, 76.663, eta Lagan, 72.549. Erabiltzaile-kopuruan igoerarik handiena izan dutenak La Arena, San Antonio, Armintza, Ogella eta Laidako hondartzak izan dira; nabarmentzekoa da azken hori, Laida, iaz aldi berean izan zuen erabiltzaile-kopuruaren halako bi izan baititu.
Sorospen-zerbitzuak 1.500 esku-hartze baino gehiago egin ditu
Sorospen-taldeak osasun-arloko 1.536 esku-hartze egin ditu; iazko aldi berean, berriz, 1.239. Gorabeherarik ohikoenak zauriak (629), salbiroi-ziztadak (214) eta erorikoak (151) izan dira.
Hondartza-denboraldiko lehen aste hauetan, karabela portugesaren 323 ziztada ere artatu dira. Horiez gain, zerbitzuak 55 erreskate egin ditu korronteak direla-eta, eta 50 nekearen ondorioz, baita intsektuen ziztadekin, traumatismoekin, lipotimiekin edo gorputz arrotzekin lotutako beste esku-hartze batzuk ere.
Bainu lagunduan 2.600 zerbitzutik gora egin dira
Bainu lagunduaren zerbitzua funtsezko baliabidea da oraindik ere mugikortasun murriztua edo laguntza-beharra duten pertsonek bainuaz segurtasunez goza dezaten.
Denboraldia hasi zenetik 2.606 zerbitzu egin dira: 1.698 erabiltzaile elkarte edo egoitzetakoak izan dira, eta 908 partikularrak. Zerbitzu horrek, beste behin ere, Ereaga eta La Arenako hondartzetan izan du eskaririk handiena. Gainera, dagoeneko lau erreserbatik hiru web-orriaren bidez egiten dira, eta horrek aurretiko hitzorduaren sistema sendotu egin dela berresten du.
Garbiketa eta hondakin-bilketa
Hondartzak garbitzeko zerbitzuak 159.745 kilo hondakin batu ditu denboraldia hasi zenetik. Haietatik 95.420 kilo itsasaldien eta korronteen eraginez ur-ertzean pilatutako hondakinak izan dira; 45.580 kilo errefusaren zakarrontzietan bildu dira, eta 18.745 kilo ontzi arinen edukiontzietan.
Zerbitzu horrek itsasoak ekarritako hondakinak zein erabiltzaileek botatakoak batzen ditu eta, horri esker, hareatzak egunero baldintza ezin hobeetan izaten dira herritarrek goza ditzaten.
Hondartzez gozatzeko baldintza egokiak
Hondartza-denboraldiaren lehen erdian 21 eguzki-egun izan dira, 23 egunetan eguraldi aldakorra izan da eta egun bakar batean egin du euria. Uraren batez besteko tenperatura 21,8 gradukoa izan da ekainetik uztailera bitartean.
Bandera berdea da gehien jarri dena Bizkaiko hondartzetan, 561 alditan; 292tan horia eta 183tan gorria. Horrek esan nahi du hondartza-denboraldiko lehen erdian bainurako baldintzak onak izan direla oro har.






























