Alokaplusek eremu tentsionatuetako alokairuen ez-ordaintzeak estaliko ditu, 20 hilerokora arte, baldin eta alokairuaren errenta Erreferentziako Prezioen Indizeari egokitzen bazaio

Alokaplus programak eremu tentsionatu izendatutako udalerrietako alokairuen ez-ordaintzeak estaliko ditu, 20 hilerokora arte, baldin eta errenta Erreferentziazko Prezioen Indizeak ezarritako tarteari egokitzen bazaio edo, bestela, udalerriko hileko batez besteko errentaren % 95 gainditzen ez badu. Hala iragarri du gaur goizean Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, Eusko Legebiltzarreko Talde Sozialistak egindako galdera bati erantzunez. Aditzera eman du aseguru publikoa aktibatuko dela ez-ordaintzearen ondoriozko demanda tramite judizialera onartzen denetik, eta errentak, hornidurak eta kalteak ordaintzea bermatuko duela, zor den zenbateko osoan.

Halaber, Itxaso sailburuak adierazi du eska daitezkeen bermeak fidantzako hileroko bakar batera mugatuko dituela programak —maizterren babesa indartuko da eta eskuragarritasun-gainkostuak ezabatu—, eta gaur egun tramitatzen ari den agindu baten bidez artikulatuko dela. Agindu hori uda ostean onartzea aurreikusten da. Ildo horretan, sailburuak aditzera eman duenez, “Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak lehenesten duen helburuetako bat da etxebizitza behar duten pertsonei alokairu eskuragarria erraztea, batez ere prezioen igoerak eta eskaintzaren eskasiak tentsionatutako eremuetan”. Horretarako, “behar-beharrezkoa da eskatzaileen laguntza, jabeei etxebizitzak alokairuan jartzeko pizgarriekin”.

Alokaplus doako aseguru publikoa da, eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan higiezinak alokatzen dituzten jabe txikiei zuzentzen zaiena —gehienez bost etxebizitza eta edukitzaile handiak ez direnak—.

Itxasok zehaztu duenez, “aseguru publikoko alokairu hori zuzentzen zaie eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan higiezinak alokatzen dituzten jabeei, baldin eta gehienez ere 5 etxebizitza badituzte eta, beraz, edukitzaile handiak ez badira”. Estaldura doakoa izango da eta errenten moderaziora baldintzatu egongo da, hau da, “errentak ezin izango du gainditu Erreferentziako Prezioen Indizeak ezarritako tartea edo, bestela, udalerrirako hileko batez besteko errentaren % 95”. Era berean, “jabeek ezin izango dute fidantzako hileroko bat baino gehiago eskatu”, erantsi du.

Aseguruak errenten, horniduren eta kalteen ordainketa estaliko du, zor den guztizko zenbatekoan, ez-ordaintzearen ondoriozko demanda tramite judizialera onartzen denetik. “Alokairua eskuratzea errazteaz gain, aseguru publiko horrek errentaren, horniduren eta kalteen ordainketa bermatuko du, zor den guztizko zenbatekoan, epaitegiak ez-ordaintzearen ondoriozko demanda onartzen duenetik”, zehaztu du sailburuak.

Estalduraren gehieneko muga 14 hilerokoa izango da, eta 20 hilerokora arte luzatu ahal izango da, alokairua eskuratzeko zailtasun bereziak dituzten errentarien kasuan, hala nola 36 urtetik beherako gazteak, 65 urtetik gorakoak eta beren kargura adingabeak edo desgaitasuna duten pertsonak dituzten familiak. Programaren erregulazioa gaur egun tramitatzen ari den agindu baten bidez artikulatuko da, eta uda ostean onartzea aurreikusten da.

Itxasok aditzera eman duenez, “Alokaplus programak segurtasun handiagoa eskaintzen die jabeei, eta espero dugu horrek eragina izatea, bai alokairuko etxebizitzen eskaintzaren bolumenean, bai prezioen moderazioan. Aldi berean, maizterren babesa indartzen da, ez baitiote aurre egin beharko indarrean dagoen legediak ezartzen duen hileroko bateko gutxieneko fidantzari”, gehitu du.

Alokairurako abalaren ordezkoa

Programa berriak fidantza eta berme osagarriak estaltzeko aurreikusitako abala ordezkatuko du. Sailburuaren hitzetan, “programa berri horrek zenbait jabek eskatutako alokairurako fidantza eta berme osagarriak estaltzeko aurreikusitako abala ordezkatuko du; izan ere, Alokaplusek eskakizun horiek hileroko baten legezko gutxienekora murrizten ditu, eta hori eraginkorragoa da maizterrek etxebizitza errazago eskuratzeko, interes txikia piztu zuten abal batzuk baino eraginkorragoa, aurreikusitako eragina benetan urria baita”.

Hartara, Sailak alde batera utzi du alokairurako abalen proiektua, eta jabeentzako segurtasuna eta maizterrentzako kargak arintzea uztartzen dituen tresna integralago baten aldeko apustua egin du, abalen formulek eragin-ahalmen mugatua erakutsi duten testuinguruan.

Alokaplusek bat egiten du Bizigune alokairu-bitartekaritzako programa publikoarekin. Programa horrek, gaur egun, jabe pribatuen 7.500 etxebizitza kudeatu, eta alokairu sozialera bideratzen ditu. “Eusko Jaurlaritzak diru-sarrerak bermatzen ditu, zuzenean ordaintzen duen kanonaren bidez, baita higiezina egoera ezin hobean berreskuratzea ere”, gogorarazi du Itxasok.

Horrez gain, kanonaren zenbatekoa hobetu egingo da laster, martxoan onartzea aurreikusten den dekretu baten bidez. Tentsionatu izendatutako udalerrietan, “alokairuaren merkatuko batez besteko errentaren % 95era” irits daiteke, programak jabeentzat duen erakargarritasuna indartuta.

Politika orekatuak bizitoki-krisiari aurre egiteko

Arlo politikoan, sailburuak defendatu du Alokaplus alokairuaren merkatuan esku hartzeko modu bat dela, orekatik eta konponbide efikazen bilaketatik esku hartzeko bidea. “Etxebizitza Saila bizitegi-krisiari erantzuteko hedatzen ari den politika publikoen adierazle argia da Alokaplus programa”, adierazi du.

Ildo horretan, ohartarazi du politika publikoek aldeen arteko konfrontazioa saihestu behar dutela, eta, ziurtatu duenez, “funtsezkoa den zerbait erakusten dute eta ideia arriskutsu baten aurka egiten dute: maizterren eta jabeen arteko interes kontrajarriek zuzentzen dutela alokairuaren merkatua; edo etxegabetzeak onargarriak direla, kopuru txikian gertatzen badira”.

Itxaso sailburuak amaitzeko aditzera eman duenez, “frogatuta geratzen da, beraz, maizterrei (errentak moderatu beharko dira) eta jabeei (segurtasuna eta ziurtasuna eskaintzen zaie) mesede egingo dieten politikak gauzatu daitezkeela. Politika orekatuak eta berritzaileak, konponbide zehatzak bilatzen dituztenak, aurreiritzi ideologikoetatik urrun daudenak eta problematika konplexu honetan inplikatutako eragile guztiekiko entzute- eta enpatia-ariketa oinarri dutenak”.