Euskadiko instituzio publikoek eta museoek Artearen Euskal Sistemarekin duten konpromisoa indartu dute

  • Eusko Jaurlaritzak, Artium Museoak, Arte Ederren Bilboko Museoak, Guggenheim Bilbao museoak eta Tabakalera zentroak artea elementu kultural estrategikotzat jotzen dute Euskadiren garapen komunitariorako, identitaterako eta nazioarteko proiekziorako
  • Euskal artisten artelanen erosketa publikorako Bilduma Partekatua ekimenak agerian uzten du sistemak duen ahalmena Euskadin artistentzako aukera- eta errekonozimendu-espazioak eta, era berean, ondare publikoa sortzeko: 2025ean 21 obra sartu dira, eta 2020an abian jarri zenetik 200 baino gehiago

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadin erreferentzia diren museo-instituzioek Artearen Euskal Sistema bultzatzeko baterako konpromisoa berretsi dute gaur. Apustu estrategiko honen helburua da artea kultura-identitate garaikidearen ardatz nagusi gisa sendotzea, sormen-ekosistema indartzea eta euskal talentua nazioarteko zirkuituetan proiektatzea.

Ekitaldia Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan izan da, Artium Museoan, eta bertan izan dira Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Ramiro González Arabako diputatu nagusia; eta museo eta arte-zentro nagusietako zuzendariak: Beatriz Herráez (Artium Museoa), Miguel Zugaza (Bilboko Arte Ederren Museoa), Miren Arzalluz (Guggenheim Bilbao Museoa) eta Edurne Ormazabal (Tabakalera). Bertan izan dira, baita ere, Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea eta Irene Larraza (Etxepare Institutua), beren lanak ondare publikoan sartu diren hamabost bat artistarekin batera. Topaketa honek balio izan du, halaber, euskal artisten artelanen erosketa publikorako Bilduma Partekatua izeneko ekimena aurkezteko, lankidetzaren eta euskal talentu sortzailearen aintzatespenaren adibide.

Bengoetxea lehendakariordeak azpimarratu duenez, Euskadik “urrats erabakigarria eman du sistema artistiko sendoa, partekatua eta zuzendaritzaduna egituratzeko», eta nabarmendu du artea “herri-kontakizun bat, pentsamendu kritikorako gune bat eta nazioarteko proiekziorako tresna bat” dela.  Azaldu duenez, aurkezpenean dauden eragileen arteko lankidetza indartzearen, ibilbide artistikoetan laguntzeren eta euskal arteak nazioartean erreferentzia diren lekuetan duen presentzia handitzeko urratsak egiten jarraitzearen alde dago. Ildo horretatik, ARCO (Madrilgo Arte Garaikidearen Azoka) nabarmendu du nazioarteko erreferentziazko hurrengo mugarri gisa, eta adierazi du Euskadik munduan artearen partida jokatzen den tokian egon behar duela.

Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak «Bilduma Partekatuak Euskadiko erakundeen, museoen eta kultura-espazioen artean dakarren lankidetzaren adibide sendoa» nabarmendu du. «Artiumi obrak batzen jarraitzeak -gaineratu du- espazio bizi gisa indartzen du, ikerketari eta esperimentazioari irekita, eta ondare garaikidea etorkizuneko belaunaldientzat ere eskuragarri izatea bermatzen du». Horregatik, lanean jarraitzeko deia egin du, «uste horrekin berarekin, gure aliantzak sendotuz eta sorkuntza garaikidearekin, kultur sektorearekin eta herritarrekin dugun konpromisoa berretsiz.

Beatriz Herráez Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko zuzendariak nabarmendu du oso garrantzitsua dela elkarrekin lan egitea eta babesa ematea gure testuinguruko sormen-ehunari eta garaikidetasunaren kontakizunak eraikitzen ari diren artista, komisario, kritikari eta idazleei. Era berean, azpimarratu du garrantzitsua dela sorkuntza horiek guztionak diren bilduma publikoetan sartzea, praktika artistiko horiek denbora errealean eskuratzeko aukera emanda.

Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiaren arabera, “museo- eta arte-azpiegitura publikoen sistemari, lankidetzatik eta ikuspegi partekatu batetik abiatuta forma eman diogu, gaur hemen ordezkatuta gauden erakundeok, bakoitzak bere ikuspegitik  ekarpenak eginez. Sistema horren egiteko nagusienetako bat  artistei laguntzea izanik, zuzenean bat egiten du Tabakaleraren funtsezko misioarekin. Sorkuntza-zentro gisa, espazio, baliabide eta aukera profesionalak eskaintzeaz gain, Tabakalerak euren ibilbide artistikoetan babesa ematen die artistei”.

Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak adierazi duenez, “bidezko da erreklamatzea instituzioen arteko lankidetzaren bidez arteak gure bizitza komunean duen zentraltasuna, eta gizartea sentsibilizatzea Euskadikoa bezalako testuinguru artistiko garai, dinamiko eta produktibo bati eusteko premia eta ahaleginen inguruan”.

BILDUMA PARTEKATUA: DAGOENEKO ONDAREA SORTZEN DUEN SISTEMA

Aurkezpenean, Bilduma Partekatua programaren barruan eskuratutako obren erakusketa bat sartu da: sorkuntza garaikidearekiko eta ondare artistiko publiko baten eraikuntzarekiko konpromiso instituzionala gauzatzen duen ekimena.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektu hau 2020an jarri zen abian lehen aldiz, euskal profesionalei babesa emateko, hiru lurraldeetako bakoitza ordezkatzen duen museo-instituzio batekin. Horrela, Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Tabakalera zentroa parte diren ekimen honen bidez, ondare publikoaren zati izatera igarotzen diren obrak eskuratzen dira, sistema artistiko sendoagoa eta konektatuagoa eraikitzeko lankidetzaren balioa agerian utzita”.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektu hau 2020an jarri zen abian lehen aldiz, euskal profesionalei babesa emateko helburuarekin. Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Tabakalera zentroa parte diren ekimen honen bidez, ondare publikoaren zati izatera igarotzen diren obrak eskuratzen dira, sistema artistiko sendoagoa eta konektatuagoa eraikitzeko lankidetzaren balioa agerian utzita.

2025eko ekitaldian, programak 21 artistaren obrak sartu ditu bilduman, belaunaldi, diziplina eta hizkuntza sortzaile desberdinen isla. Erosketen guztizko zenbatekoa 300.482 eurokoa da, aurreko edizioetan baino % 50 handiagoa, eta, gainera, parekotasun-irizpideari eutsi zaio, bai inbertsioan, bai ordezkatutako artisten kopuruan.  Guztira, 2020tik, Euskadiko artisten 205 obra eskuratu dira.

Aurten eskuratutako obrek euskal sorkuntza garaikidearen begirada zabala eta adierazgarria eratzen dute, pieza historikoak eta artearen egungo lengoaia eta eztabaidekin hitz egiten duten ekoizpen berriak konbinatuta.

Hautaketak hainbat belaunaldi eta ibilbidetako artistak biltzen ditu —hizkuntza artistikoen berrikuntzan funtsezkoak diren figuretatik hasi eta sortzaile gazteagoetara iritsi arte—, eta pintura, eskultura, instalazioa, argazkigintza edo ikus-entzunezkoa bezalako diziplinak biltzen ditu, horrela euskal arte garaikidearen irakurketa plurala indartzeko.

Ekitaldian, ondare publikora gehitu diren artelanak dituzten artistetako batzuk izan dira, besteak beste, Mikel Eskauriaza, Gema Intxausti, Manu Muniategiandikoetxea, Susana Talayero, Amaia Suberviola, Gustavo Almarcha, Izaro Ieregi, Gabriela Kraviez, Usoa Fullaondo, Xabier Morrás, Diego Matxinbarrena, Idoia Leache eta Miren Doiz. Horrek agerian uzten du instituzioen eta sormen-ehunaren arteko zuzeneko lotura.

Sartutako obra horiekin batera, artearen azken aldiko bilakaera ulertzeko funtsezkoak izan diren artisten lanak ere jasotzen ditu bildumak. Artista horien artean daude, besteak beste, María Luisa Fernández, Ángel Bados, José Ramón Amondarain, Lara Almarcegui, Estanis Comella edo Francisco Ruiz de Infante.

Artisten eta obren zerrenda osoa erantsitako dosierrean kontsultatu daiteke