Kbuseko bidaietako deskontuak luzatu dituzte 2026ko abendura arte

Barakaldoko Udalak, Bizkaiko Garraio Kontseiluak bezala, Kbusaren tarifen %40ko beherapena eta 14 urte arteko adingabeentzako txartelen doakotasuna luzatzea onartu du arratsaldeko osoko bilkuran. Neurria 2026ko urtarrilaren 1etik otsailaren 20ra bitartean dago indarrean (bi egunak barne), eta 2026ko abenduaren 31ra arte luzatuko da, hiri-garraio publikoaren erabilera sustatzen jarraitzeko eta Barakaldoko bizilagunek mugikortasun iraunkorragoa eta eskuragarriagoa izan dezaten.

Udal zerbitzuaren erabilerari buruzko datuek bilakaera oso positiboa erakusten dute. 2023an, Kbusak 739.288 bidaiari erregistratu zituen. 2024an 580.302 erabiltzaile izan ziren; 2025ean, berriz, 948.954; hau da, aurreko urtean baino %63 gehiago, eta azken ekitaldietako daturik onena.

Asier Umaran Udal Zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu duenez neurri horiek oso garrantzitsuak dira zerbitzuaren hazkundea sendotzeko eta herritarrei hirian modu jasangarriagoan mugitzeko aukera eskaintzeko. «Garraioko deskontuak oso positiboak izan dira Kbusaren erabilera bultzatzeko hirian. Herritar gehiagok eguneroko joan-etorrietan garraio publikoaren aldeko hautua egitea erraztu dute, mugikortasun iraunkorrago baterantz aurrera egiten lagunduz», adierazi du

Umaranek nabarmendu duenez, luzapenak txartelaren %40ko udal inbertsioa ekarriko du, hau da, 144.084 euro. Inbertsio horri esker, «garraio publikoaren erabileraren goranzko joera hori sendotzen jarraituko dugu, eta Barakaldok hirieredu irisgarriago, jasangarriago eta pertsonentzat pentsatuago batekin duen konpromisoa indartuko dugu». «Horrela, garraio publikoaren aldeko gure apustua berresten dugu, hiri-mugikortasunaren funtsezko ardatz gisa eta auzoetako bizikalitatea hobetzeko tresna gisa», amaitu du.