Euskadik enplegua sendotu du eta aurrera egin du egonkortasunean eta lan kualifikazioan

  • Lan Baldintzen Inkestak berretsi egin ditu soldatapeko enpleguaren hazkundea, behin-behinekotasunaren murrizketa eta genero berdintasuna lortzeko egindako aurrerapena
  • Enplegu kualifikatua % 15,8 igo da lau urtean, eta goi mailako kualifikazioko lanpostuetan dauden emakumeen proportzioa gizonena baino handiagoa da: % 45,5 eta % 40,2, hurrenez hurren
  • Lanaldi partziala % 11,2ra jaitsi da, laneko estresak gora egin du atseden arazoak dituzten pertsonen % 31,5 zenbatuta, eta soldatapeko lau pertsonatik batek aparteko orduak egiten jarraitzen du, kobratu gabe

 

Euskadiko Lan Baldintzen 2020-24 Inkestak (LBI), Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak bultzatutako lau urteko azterlanak, euskal lan merkatuaren bilakaera positiboa eta iraunkorra islatu du, enplegu gehiagorekin, kontratuen egonkortasun handiagoarekin eta emakumeen eta gizonen arteko aurrerapen nabarmenarekin, bai lanbide kualifikazioan, baita berdintasunean ere.

2024an, 919.083 soldatapeko eta antzeko pertsona erregistratu ziren Euskadin, hau da,
batez beste, urtero, % 2,2ko hazkundea izan du cifra horrek 2020tik. Sektore pribatuko eta kooperatibetako enpleguak batez bestekoa baino dinamismo handiagoa erakutsi du, eta euskal produkzio sarearen indarra sendotu du. Guztizkoaren % 90 baino gehiago, zehatz-mehatz, soldatapeko langileei dagokio, eta horietatik % 72,6k sektore pribatuan egiten dute lan.

Datu hori azkar gainditu zuen Euskadiko enpleguaren bilakaera errealak; izan ere, 2024ko abenduan milioi bat kotizatzaile baino gehiago erregistratu ziren modu egonkorrean, eta 2025a 1.036.804 afiliaturekin itxi zen, orain arte erregistratutako kopururik altuena.

LBIaren datu garrantzitsuenetako bat da enpleguaren kualifikazioan izandako aurrerapena. 2020tik 2024ra, lanbide kategoria altu eta ertainei lotutako zereginak dituzten pertsonen kopurua % 15,8 igo da, eta kategoria baxuak zertxobait murriztu dira (% 1,38). Nabarmentzekoa da arlo estrategikoetan izandako hazkundea; hala nola, kategoria altu eta ertaineko merkataritza jardueran, industria ekoizpen kualifikatuan eta goi mailako titulazioa duten osasun eta gizarte zerbitzuetan, balio erantsi eta ezagutza handiagoetan oinarritutako produkzio eredua sendotuz. Azpimarratzekoa da, halaber, enplegu kualifikatuetan emakumeen ehunekoak gora egin duela. Emakumeen kolektibotik, % 45,5ek lanbide kategoria altuarekin egiten dute lan, gizonezkoen proportzioa gaindituz (% 40,2), eta horrek emakumeen kualifikazioan etengabeko aurrerapena berresten du.

Era berean, inkestak mugarri bat egiaztatu du berdintasunaren arloan: 2024an, lehen aldiz, berdindu egin zen Euskadiko soldatapeko emakumeen eta gizonen proportzioa (459.569 emakume eta 459.487 gizon). 1996tik, soldatapeko emakumeen kopurua % 133,6 handitu da, eta 2024an enpleguaren banaketa parekidea lortu da. Zifra hori atzean geratu zen 2025. urtearen amaieran, orduan gainditu baitzuten emakumeek lehen aldiz 500.000 kotizatzaile baino gehiagoko langa Euskadin.

Kontratuen esparruan, finkatu egin da nabarmenki lan egonkortasunaren hobekuntza. Behin-behinekotasuna % 17tik % 12,2ra jaitsi da 2024an, eta pertsonen % 81,2k kontratu mugagabea du. Lanaldi partzialeko kontratazioak ere behera egin du, % 14,8tik % 11,2ra igaro baita epe horretan. Datu horiek islatzen dute araudi berriaren eragin positiboa eta enplegu egonkorrago baten sendotzea.

Beste adierazle garrantzitsu bat da enpleguaren gaztetzea. Urteetan behera egin ondoren, 30 urtetik beherako biztanleen kopurua % 42,2 igo da 2020tik, eta 2013tik izandako kopururik handienera iritsi da. Aldi berean, hazten jarraitzen du 45-64 urteko taldeak, zahartze prozesu demografikoarekin bat etorriz, eta tarteko tartea, berriz, pixka bat murriztu da.

Ordainsariei dagokienez, batez besteko diru sarrera handienak dituzten taldea da nagusiagoak diren gizonena: 2.350 eurokoa 45-64 urtekoentzat, eta 2.063 eurokoa 30-44 urtekoentzat. Aitzitik, adin bereko emakumeek ordainsari nabarmen txikiagoak jasotzen dituzte: 1.870 euro eta 1.749,5 euro, hurrenez hurren. Soldata piramidearen oinarrian talde gazteena dago, 16 eta 29 urte artekoa, non diru sarrerak txikiagoak diren bi sexuentzat: gizonek 1.649,65 euro irabazten dituzte batez beste, eta emakumeek 1.437 euro.

Hala eta guztiz ere, soldata arrakalak behera egiten jarraitzen du, eta 2020an % 18,4 izatetik 2024an % 15,3 izatera igaro da; jaitsiera hori bereziki nabarmena izan da adin tarte txikiagoetan, hau da, soldata arrakala % 18,2koa da 45-64 urteko emakumeentzat, % 14,3koa 30-44 urteko emakumeentzat eta % 4,2koa 16-29 urteko emakumeentzat, eta horrek adierazten du konbergentzia progresibo baterantz doala.

Inkestak identifikatu egiten du erosteko ahalmenean inflazio metatuak duen eragina. Egiturazko hobekuntzak gorabehera, 2024an erosahalmena % 4,5 jaitsi da 2020ko ordainsariarekin alderatuta, soldatak metatutako inflaziora egokitu ondoren. Horrela, ikusten da 2013 (1.800,9 euro) eta 2020 (1.978,7 euro) artean erregistratutako soldata berreskurapena ez dela mantendu 2024. urtean (1.889,3 euro).

Era berean, loaren kalitateari eragiten dioten kezkak aitortzen dituzten pertsonen ehunekoak gora egin du, % 31,5era iritsi baita (+5 puntu 2020arekin alderatuta). Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako langileak dira kaltetuenak, erdiak baino gehiagok lanaren ondoriozko atseden arazoak baitituzte.

Inkestak erakusten duenez, soldatapeko bost pertsonatik bi ez daude pozik mailaz igotzeko aukerekin, eta lautik batek (soldatapeko guztien % 26,4k) dio aparteko orduak egiten dituela kobratu gabe. Adierazle horiek aurreko edizioekin alderatuta, geldialdia edo okertze txikia izan dute. Hori bai, % 17,6ra igo da (2020an % 15,4 ziren) aparteko orduak egin eta kobratzen dituztela aitortzen dutenen kopurua. Soldatapekoen erdiek baino gehiagok ez dute aparteko ordurik egiten (% 56,1ek 2024an eta % 57,8k 2020an).

Lanaldi murriztua eta kontziliazioa

Lan Baldintzen Inkestaren arabera, nahi ez den aukera izaten jarraitzen du lanaldi murriztuak, kasu askotan. Lanaldi partzialeko kontratazioa % 14,8tik (2020an) % 11,2ra (2024an) jaitsi bada ere, lanaldi mota horrekin lan egiten dutenen erdiek baino gehiagok adierazi dute ez dela hautaketa pertsonal baten emaitza, baizik eta enpresa erabakien edo enplegu erregulazioko espedientearekin lotutako egoeren ondorio.

Partzialtasunaren intzidentzia desberdina da oraindik ere sexuaren arabera: 30 eta 44 urte bitarteko emakumeen artean, % 18,5ek lanaldi partzialean egiten du lan, eta adin bereko gizonen artean, berriz, % 3,4k. Horrek agerian uzten du lan modalitate horrek gehiago eragiten diela emakumeei eta baldintzatu egiten duela haien garapen profesionala.

Inkestaren arabera, lau pertsonatik hiruk uste dute “oso ondo” edo “nahiko ondo” uztartzen dituztela euren lan eta familia bizitza, baina zailtasunak dituztela diotenen ehunekoak gora egin du: euren kontziliazioa “nahiko txartzat” jotzen duen taldea % 17,5era igo da, eta “oso txartzat” jotzen dutenak % 5,2ra iritsi dira.

Lan Baldintzen Inkesta

Lan Baldintzen Inkesta (LBI) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak bultzatutako lau urteko estatistika eragiketa bat da. Sakon aztertzen du soldatapekoen, autonomoen[1] eta kooperatibisten lan egoera, eta funtsezko alderdiak jasotzen ditu; besteak beste, lanaldia, laneko arriskuak eta arrisku psikosozialak, osasuna, kontziliazioa eta langileen segurtasun pertzepzioa. Emaitza horiei esker, sakon ezagutu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko lan baldintza errealak eta epe luzeko bilakaera, eta funtsezko tresna da erabaki ekonomikoak eta lanekoak hartzeko, bai eta laneko eta laneko segurtasuneko politikak diseinatzeko ere.

Inkesta hori sistematikoki egin da 1996tik, eta aukera ematen du funtsezko alderdien bilakaera behatzeko; esaterako, lanbide kualifikazioa, kontratu egonkortasuna, ordainsaria, berdintasuna, lan osasuna eta bateragarritasuna, edizio bakoitza serie historikoekin alderatuz.

Inkesta hori ofiziala da eta legez araututa dago; beraz, nahitaez erantzun behar da. Landa bilketako lanak 2024ko urritik 2025eko otsailera bitartean egin dira 3.500 etxebizitzatan.

Lan Baldintzen Inkestara esteka (050903)