Europak etxebizitzaren egiturazko krisia aitortu du eta euskal eredua baliozkotzen du Etxebizitza Eskuragarriaren Europako Plan berrirako erreferentzia gisa

  • Etxebizitzaren Euskal Behatokiak txosten monografiko berri bat argitaratu du, Europako Batzordeak berriki abiarazitako Plana aztertzen duena. Bertan, Europako Erkidegoaren testuaren eta Euskadik duela hamarkada bat baino gehiagotik garatzen dituen politiken arteko paralelismoak ezartzen ditu: babestutako parkea indartzea, alokairua arautzea, gobernantza instituzionala eta Bizigune edo Gaztelagun programak, besteak beste
  • Denis Itxaso sailburuak adierazi duenez, Europako diagnostikoak “Euskadik legegintzaldiaren urte eta erdian egindako erreformak eta berrikuntzak bermatzen ditu, eta aukera berriak irekitzen ditu Europako Batzordearekin etxebizitza-eskaintza handitzeko politikak finkatzeko aliantzak sortzeko”

Etxebizitza eskuratzea bihurtu da Europar Batasunaren egiturazko erronka nagusietako bat. Prezioak etengabe garestitzeak, hiri handietako alokairuaren presio gero eta handiagoak eta etxebizitza eskuragarrien eskaintzaren eskasiak eragindako egoera ezin da interpretatu unean uneko fenomeno gisa, Europako etxebizitza-merkatuaren eraldaketa sakon gisa baizik. Hala ondorioztatu du Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gaur argitaratu duen “Etxebizitza Eskuragarriaren Europako Plana, Europar Batasunaren bizitegi-larrialdiaren aurreantxostenak. Txosten horretan, Europar Batasuneko herrialde eta eskualde askotan etxebizitza eskuratzeko zailtasun gero eta handiagoari aurre egiteko Europako Batzordeak sustatutako jarduera-esparru berria aztertzen da.

Dokumentua diagnostiko sendo batetik abiatzen da: Europak azken hamarkadetan aurrekaririk izan ez duen etxebizitza eskuratzeko krisia bizi du. Europar Batasuneko estatu askotan, etxebizitza erosteko eta alokatzeko prezioek etxeko diru-sarreren bilakaeraren oso gainetik egin dute gora. Eraikuntza-kostuen gorakadak, lurzoru erabilgarriaren eskasiak eta etxebizitza eskuragarrien produkzio eskasak, aldiz, merkatuaren erantzun-ahalmena mugatu dute. Gizarte-esparruaz gaindiko arazoa da, eta lehen mailako erronka ekonomiko eta demografiko bihurtu da. Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak lan-mugikortasuna baldintzatzen du, gazteen emantzipazioa zailtzen du, lurraldeen arteko desberdintasunak areagotzen ditu eta Europako hiri-ekonomien lehiakortasunari ere eragiten dio.

Testuinguru horren aurrean, Europako Batzordeak urrats bat egin du aurrera —txostenak Europar Batasuneko agendan mugarri politikotzat jotzen du—: Etxebizitza Eskuragarriaren Europako Plana abian jartzea. Etxebizitzaren arloko zuzeneko eskumena, oraindik ere, Estatuen eta eskualdeen esku badago ere, Europar Batasunak lehen aldiz onartzen du estrategia koordinatu bat artikulatu beharra, politika publikoak indartu daitezen eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunaren aurrean erakundeen erantzuna hobetu dadin.

Europako esparru berri horrek hainbat tresnaren konbinazioa planteatzen du, hala nola administrazioen arteko koordinazio handiagoa, Europako finantza-tresna berriak, etxebizitza-merkatuaren funtzionamendua hobetzeko egiturazko erreformak eta Europako seihilekoaren barruan jarraipen-mekanismoak. Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren iritziz, aldaketa horrek Europako eskualde askok urteak eta urteak salatzen daramatzaten errealitatea esplizituki aitortzea dakar. “Etxebizitza Eskuragarrien Europako Plan berriak berresten du Euskadik duela hamarkada bat baino gehiago hasitako bidea, etxebizitza kokatzen baitu gizarte-kohesiorako, lehiakortasun ekonomikorako eta berdintasunerako zutabe estrategiko gisa”, aditzera eman du.

Europako planaren zutabeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko estrategia

Behatokiak egindako analisiak lau jarduketa-zutabe nagusi identifikatzen ditu Europako estrategian: etxebizitza-eskaintza bultzatzea, inbertsioak mobilizatzea, bizitoki-merkatuan egiturazko erreformak egitea eta etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituzten bizikidetza-unitateentzat gizarte-babesa indartzea. Txostenaren arabera, jarduketa-ildo horiek bat datoz, erabat, Euskadin azken urteotan garatutako politikekin. Hain zuzen, 2022-2036 aldirako Etxebizitzaren Aldeko Itun Soziala eta 2025-2027 aldirako Etxebizitzaren Gida Plana etxebizitza-parke publikoa handitzera, sistemaren gobernantza hobetzera, alokairuari laguntzeko programak indartzera eta eraikuntza-sektorearen modernizazioa azkartzera bideratzen dira.

Ildo horretan, Itxasok azaldu duenez, “Europako planteamendua bat dator, erabat, Euskadi azken urteotan garatzen ari den lehentasunekin”. Eta erantsi duenez, “Euskadi jada aplikatzen ari dena proposatzen du Europak: etxebizitza babestuen eskaintza indartzea, inbertsio publikoa eta pribatua dinamizatzea eta gobernantza eta informazio-sistemak hobetzea”.

Etxebizitza eskuragarriaren eskaintza, merkatuko tentsioa arintzeko giltzarria

Europako diagnostikoak egiaztatu du merkatuaren egungo tentsioen faktore nagusia etxebizitza eskuragarrien eskaintza urria dela, batez ere alokairurako etxebizitzen eskaintza urria. Hori dela eta, Europar Batasunaren ikuspegi berriak etxebizitza-parke publikoa indartzearen alde, lehendik dagoen parkearen birgaitze intentsiboa sustatzearen alde eta bizitegi-garapen berrietarako lurzorua mobilizatzearen alde egiten du. Era berean, eraikuntza-sektorearen industrializazioa bizkortzea planteatzen du, produkzio-ahalmena handitzeko eta kostuak murrizteko helburuarekin.

Orientazio horiek bat datoz Eusko Jaurlaritza etxebizitza babestuen eskuragarritasuna areagotzeko eta alokairu eskuragarriko parke egonkorra finkatzeko urte batzuetatik hona garatzen ari den estrategiarekin. “Europaren diagnostikoa argia da: eskaintzarik ezak merkatua tentsionatzen du. Eta erantzun estruktural horretan, Euskadi erreferente praktikoa da gaur egun”, adierazi du sailburuak.

Txostenak aditzera ematen du, halaber, Europar Batasunak orain planteatzen dituen soluzioetako batzuk azken bi hamarkadetan finkatu den Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-politiken ereduaren parte direla. Horien artean nabarmentzen dira etxebizitza babestuaren sustapenaren aldeko apustu jarraitua eta, bereziki, 2003. urtetik etxebizitza horien kalifikazio iraunkorra —neurri horrek bermatzen du parke publikoak izaera eskuragarriari mugarik gabe eustea—.

Horri gehitu behar zaizkio hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko programak (Bizigune, adibidez), gazteei alokairua sustatzeko ekimenak (Gaztelagun, adibidez), alokairu eskuragarria sustatzeko fiskalitatea eta Europako aurreratuenen artean dagoen estatistika- eta analisi-sistema (Etxebizitzaren Euskal Behatokiak berak garatua).

Dokumentuak gobernantza instituzionaleko sistema identifikatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko ereduaren ezaugarri bereizgarri gisa. Gobernantza-sistema hori administrazioen arteko akordio egonkorretan, gizarte-eragileen parte-hartzean eta jarraipen- eta ebaluazio-mekanismo iraunkorretan oinarritzen da. Ibilbide luzeko itun instituzionalen inguruan artikulatu den ikuspegi horri esker, denboran luzatu diren politikak garatu ahal izan dira eta adostasun zabalak finkatu ahal izan dira etxebizitzarako eskubidearen inguruan. Sailburuaren hitzetan, eredu hori ez da neurri isolatuak aplikatzera mugatzen, politika publikoen esparru egonkorra eraikitzea du helburu.

Etxebizitza-politikak indartzeko beste aukera batzuk

Txostenak ondorioztatzen du Europako testuinguru berriak aukera garrantzitsuak irekitzen dituela Euskadi gisako lurraldeentzat. Aukera horien artean nabarmentzen dira Europako Inbertsio Bankuarekin lotzen diren inbertsio-plataforma berriak bultzatzea, Europako funtsak etxebizitza eskuragarriko proiektuetarako birprogramatu ahal izatea eta Estatuaren laguntza-arauak berrikustea, etxebizitza sozialaren sustapena erraztera begira.

Tresna horiei esker, etxebizitza-politika publikoen finantzaketa-ahalmena handitu ahal izango da, eta datozen urteetan eraikuntza- eta birgaitze-proiektuak bizkortu ahal izango dira. “Europako apustuek Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu eskuragarriko parkea indartzeko eta etxebizitzen eraikuntza eta birgaitzea bizkortzeko finantza-aukera zabaltzen dute”, jakinarazi du Itxaso sailburuak, eta, “Euskadi prest dago Europako etxebizitza-agenda berrirako egokitzapena gidatzeko eta orain abian jartzen diren tresnak baliatzeko”, erantsi du.