Epilepsiak eragin sanitario handia du; izan ere, galdutako edo desgaitasunarekin bizitako bizitza-urte potentzialak kontuan hartuta bigarren gaixotasun neurologikoa da eta larrialdi neurologikoen % 20 da
Osakidetzak erreferentziazko unitatea du Euskadin epilepsia errefraktarioa artatzeko Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, eta, gainera, Osasun Sistema Nazionaleko Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitate (CSUR) da kasu konplexuak artatzeko
Unitate horren emaitza klinikoak bereziki onak dira: azken urtean, kirurgia erresektiboan, lesio-epilepsia zuten paziente % 100ek ez dute krisirik izaten, eta lesio jakin batek eragindako epilepsia ez zuten pazienteen % 50ek ez dute krisirik izaten
Gaixotasun horren detekzio goiztiarra, arreta pertsonalizatua eta integrala eta familiei laguntzea Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eta Osakidetzaren konpromisoetako bat da, Euskadiko Osasun Itunaren 24 ildo estrategikoetako baten barruan
MARTXOAK 26 EPILEPSIARI BURUZ KONTZIENTZIATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA
Epilepsiari buruz Kontzientziatzeko Nazioarteko Egunaren harira, Osakidetzak nabarmendu du oso garrantzitsua dela prebentzio-neurriak hartzea eta tratamendua betetzea, funtsezko elementuak baitira krisi epileptikoen agerpena murrizteko eta ukitutako pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Ebidentzia klinikoak adierazten duenez, tratamenduarekiko atxikimendua da krisiak saihesteko faktorerik erabakigarriena, eta epilepsia dutenen faktore eragile ohikoena, berriz, medikazioa ahaztea da. Atxikimendurik ezaz gain, krisiak agertzea eragin dezaketen zenbait faktore daude: lo falta, sukarra, alkoholaren edo beste substantzia batzuen kontsumoa eta estresa.
Euskadin, 27.906 pertsonak dute epilepsia, eta gaixotasun neurologiko kroniko ohikoenetako bat da; horrez gain, galdutako edo desgaitasunarekin bizitako bizitza-urte potentzialak kontuan hartuta bigarren gaixotasun neurologikoa da eta larrialdi neurologikoen % 20 da. 2025ean, 2.168 epilepsia-kasu berri diagnostikatu ziren Euskadin, eta intzidentzia zertxobait handiagoa da emakumeengan (1.174 kasu) gizonengan baino (994 kasu). Adin-taldeen arabera, kasu gehienak gazte eta helduen artean detektatu dira (18–45 urte: 519 kasu; 46–75 urte: 855 kasu); halaber, 18 urtetik beherakoen 329 kasu jakinarazi ziren, eta 75 urtetik gorakoen 465 kasu. Horiek horrela, berretsi da epilepsiak bizitzako etapa guztiei eragiten diela..
Epilepsia duten pertsonen % 70ek erabat kontrolatu ditzakete krisiak medikazio egokia hartzen badute. Gainerako % 30ek epilepsia farmakoerresistentea (epilepsia errefraktarioa) dute, hau da, konplexutasun handiko gaixotasuna, zeinak eragin nabarmena baitu ukitutako pertsonen bizi-kalitatean, egoera kognitiboan, aldartean eta gizartearen parte-hartzean. Horiei arreta emateko ezinbestekoa da baliabide aurreratuak, berariazko teknologia eta diziplina anitzeko antolakuntza izatea, eta hori guztia bermatzen da Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitateetan, hala nola Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean.
Gaixotasun horren detekzio goiztiarra, arreta integrala eta familiei laguntzea Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eta Osakidetzaren konpromisoetako bat da, Euskadiko Osasun Itunaren 24 ildo estrategikoetako baten barruan, kronikotasunari buruzkoaren barruan, arreta pertsonalizatua sustatuz eta diziplinarteko arreta aditu eta koordinatua bermatuz.
Arreta espezializatua epilepsia konplexuenak artatzeko
Euskadin, epilepsiaren kasu konplexuak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Epilepsia Errefraktarioko Unitatean artatzen dira. 1995ean sortu zen eta Estatuko osasun publikoko epilepsiako lehen unitatea izan zen; 2015. urtetik, epilepsia errefraktarioa artatzeko Estatuko akreditazioa du, Osasun Sistema Nazionaleko Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitate (CSUR) baita; hala, Euskadiko pazienteak ez ezik, Kantabria, Burgos, Palentzia, Errioxa eta Nafarroakoak ere artatzen dira bertan.
Gaur egun, batez bestean 971 paziente artatzen dira urtero unitatean, non diziplina anitzeko lantaldea baitago, arlo hauetako profesionalek osatuta: neurokirurgia, neurologia, neuropediatria, neurofisiologia, neurorradiologia, medikuntza nuklearra, psikiatria, neuropsikologia, erizaintza espezializatua, anatomia patologikoa eta beste laguntza-zerbitzu batzuk.
Unitateko emaitza klinikoak oso positiboak izan dira: azken urtean, erresekzio-kirurgian, lesio-epilepsia zuten paziente guztiak krisirik gabe egon dira, eta lesio jakin batek eragindako epilepsia ez zuten pazienteen erdiak (kasu konplexuagoak dira, zailagoa baita fokua kokatzea) ere egon dira krisirik gabe; bestetik, termokoagulazioaz (inbasio txikiko teknika, zeinetan energia termikoa aplikatzen baita krisia sortzen den gunea desagerrarazteko) baliatuz, lortu da pazienteen % 66k zituzten krisiak erdira baino gehiago murriztea, eta % 40 krisirik gabe egotea gutxienez urtebetez.
Oro har, arreta osoa eta espezializatua ematen da unitatean, betiere honako hauek oinarri hartuta: teknologia aurreratua, metatutako esperientzia eta diziplina anitzeko ikuspegia; hala, epilepsia artatzeko Estatuko unitate kirurgiko osoenetako bat da.
Konplexutasun handiko lana egiteaz gain, ospitaleak lankidetza aktiboa sustatzen du pazienteen elkarteekin eta humanizazioa bultzatzeko ekimenak antolatzen ditu; esaterako, aipatzekoa da Epilepsia duten Pazienteen Eskola, non saioak eskaintzen baitira paziente eta familiek gaixotasuna hobeto ezagutzeko, gaixotasunari aurre egiteko estrategiak emateko, estigma murrizteko, eta laguntza eta komunitatea eskaintzen dizkien espazio segurua sortzeko.
Epilepsiari buruz Kontzientziatzeko Nazioarteko Egunaren harira, Osakidetzak bere konpromisoa berretsi nahi du, hau da, arreta irisgarria, espezializatua eta kalitatezkoa eskaintzea epilepsia duten pertsonei, bizi-ohitura osasungarriak sustatzea, diagnostiko goiztiarra egitea, eta paziente eta familiei etengabe laguntzea.






























