Helburua da herritarrei zerbitzu erosoagoa eta azkarragoa eskaintzea, gaur egungo behar teknologikoetara egokituta.
Igor Enparan Araneta alkateak azaldu duenez, orain arteko parkimetroen zaharkitzeak eta maiz sortzen zituzten arazoek agerian utzi dute zerbitzua eguneratzeko beharra. Bere hitzetan, “berrikuntza honek jauzi kualitatiboa ekarriko du erabiltzaileen esperientzian. Gure lehentasuna da herritarrei egunerokoan benetan baliagarriak diren zerbitzu publikoak eskaintze -erosoak, eraginkorrak eta erabilerrazak-, eta uste dugu neurri honek helburu horri bete-betean erantzuten diola.”
Enparanek nabarmendu du berrikuntzaren ardatz nagusietako bat ordainketa-sistemen aniztasuna dela: “Hemendik aurrera, erabiltzaileek txanponekin edo txartelarekin ordaindu ahal izango dute makinetan bertan, baina baita mugikorraren bidez ere, TelPark aplikazioaren bitartez. Horri esker, ordainketa errazago eta arinago egin daiteke,eta ilarak edo diru txikiaren beharra saihesten dira”.
Iñaki Vielba Udaltzain buruak azaldu du aplikazioa erabiltzeko beharrezkoa dela, besteak, beste, ibilgailuaren matrikula eta ordainketa egiteko txartelaren datuak sartzea. Hala ere, nabarmendu nahi izan du prozesua “oso erraza eta erabat segurua” dela. “Baliteke zalantzak sortzea ordainketa-datuak sartzean, baina aplikazio honek segurtasun-protokolo aurreratuak erabiltzen ditu, eta datu pertsonalen babesa bermatuta dago une oro. Gaur egun ohikoa den ordainketa-sistema da, eta milaka erabiltzailek darabilte egunerokoan arazorik gabe”, azaldu du.
Aplikazioaren abantailak
TelPark aplikazioak hainbat abantaila praktiko eskaintzen ditu:
- Ez da beharrezkoa tiketa inprimatzea ezta ibilgailuan uztea ere.
- Aparkaldiaren denbora mugikorretik bertatik luzatu daiteke, autoa lekuz aldatu gabe.
- Aurreikusitakoa baino lehen alde eginez gero, aparkaldia amaitu eta benetako erabileraren arabera ordaintzeko aukera dago.
Aplikazioa Android zein iOSentzat dago eskuragarri, eta doan deskarga daiteke.






























