Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak (PSSZ) guztira 6.640 laguntza-eskaerari erantzun zien 2025ean, hau da, batez beste 12,1 abisuri egunean. Jarduketa motaren arabera, irteerak paretsuan ibili ziren: 1.714 sute (guztizkoaren % 25,81), 2.338 salbamendu (% 35,21) eta 2.588 laguntza tekniko (% 39,98). 2024aren aldean, irteeren guztizko kopurua % 3,59 jaitsi zen, hau da, 247 mobilizazio gutxiago. Jaitsiera horren arrazoi nagusia larrialdiak ez diren esku-hartze jakin batzuk gutxitu izana da; besteak beste, eraikinak saneatzea, zuhaitzak kentzea edo espezie inbaditzaileekin lotutako jarduketak. Suteak itzaltzeko irteerak % 3,76 gutxitu ziren; salbamenduak % 3,27 gehitu, eta laguntza teknikoak % 8,94 jaitsi.
Dena dela, esku-hartze eraginkorren kopurua —zerbitzuak zuzenean esku hartu behar izan zuen egoerak— apur bat igo zen, 4.418raino, hots, aurreko urtean baino % 1,73 gehiago. Esku-hartze horiek mobilizatutako zerbitzu guztien % 66,54 izan ziren; gainerakoak, berriz, alarma faltsuak izan ziren, edo PSSZk azkenean esku hartu behar izan ez zuen egoerak.
Zerbitzua osatzen duten zortzi suhiltzaile-etxeetatik, Uriostekoak (Ortuella) erregistratu zuen irteera gehien lehenengo erantzuneko suhiltzaile-etxe gisa: 2.125 mobilizazio, hau da, guztizkoaren % 32 inguru. Ondoren, Artatzako (1.159 irteera) eta Basauriko (1.044 irteera) suhiltzaile-etxeak datoz. Kontrako muturrean Markina-Xemein dago, mobilizazio gutxien izan zuen suhiltzaile-etxea baita: 249 irteera. Suhiltzaile-etxeen lurralde-banaketaren helburua da erantzuteko denbora orekatuak mantentzea lurralde osoan. Horregatik, nahiz eta alde nabarmenak egon guztizko irteera-kopuruan suhiltzaile-etxeen artean, Bizkaiko eskualde guzti-guztien arteko lurralde-kohesioak, larrialdiei aurre egiteari dagokionez, jarduera operatiboaren banaketa homogeneoagoa uzten du agerian.
Udalerrietako esku-hartzeak
2025ean, PSSZk Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerri guztietan esku hartu zuen.
Barakaldon izan zen jarduketa gehien (374 irteera), eta, ondoren, Getxon (302), Portugaleten (205), Santurtzin (165) eta Basaurin (158). Sestaok eta Galdakaok ere jarduera nabarmena izan zuten: 124 esku-hartze bakoitzak.
Udalerri horiek lurraldeko biztanlegune nagusiak dira —Bilbo alde batera utzita—. Horrek erakusten du lotura zuzena dagoela biztanle-dentsitatearen eta larrialdi-zerbitzuek erantzundako gertakari-kopuruaren artean. Termino erlatiboetan, zerbitzuaren jarduera 1.000 biztanleko 5,42 esku-hartzeren baliokidea da, eta zifra hori handiagoa izan ohi da udalerri txikietan.
Eguneroko jarduera eta gertakari nabarmenak
2025ean zehar, egunean 11-20 jarduketa egin ziren batez beste, eta urteko 169 egun egon ziren tarte horretan (% 46,3). 154 egunetan, 5 eta 10 esku-hartze izan ziren, eta, zazpi egunetan, berriz, 30 esku-hartze baino gehiago.
Jarduera handieneko eguna apirilaren 28a izan zen, 48 esku-hartze erregistratu baitziren. Egun horretan itzalaldi orokor bat izan zen Iberiar penintsulan. Horren ondorioz, pertsona asko harrapatuta geratu ziren igogailuetan, eta hainbat erreskate egin behar izan ziren aldi berean lurraldeko zenbait udalerritan.
Hala, igogailuetan harrapatutako 61 pertsona erreskatatu ziren, eta 13 laguntza tekniko egin ziren, gehienak mugikortasun urriko pertsonak etxean edo egoitzetan mugitzearekin lotuak.
Jarduera handiko beste aldi batzuk haizeteak izan ziren; haien ondoriozko esku-hartzeetan, fatxadak saneatu eta zuhaitzak kendu behar izan ziren nagusiki.
Suteak: kanpokoak, egiturazkoak, industriakoak eta basokoak
Suteak zerbitzuaren jarduketa-eremu nagusietako bat izan ziren, urte barruan 1.714 mobilizazio izan baitziren arrazoi horrengatik.
Kategoria horren barruan, kanpoko suteak izan ziren ohikoenak (508 esku-hartze), bereziki edukiontzi, ibilgailu eta hiri-altzarietan gertatuak, eta, ondoren, etxebizitzetan edo bestelako eraikinetan piztutako egiturazko suteak (398). Datu horiek gehikuntza txiki bat dakarte 2024ko zifren aldean.
Industriako suteei dagokienez, 2025ean, 68 esku-hartze erregistratu ziren guztira: % 3ko igoera aurreko urteko 66 esku-hartzeekin alderatuta.
Basoko suteen kasuan, PSSZren jarduketa aldundiko Baso Zerbitzuarekin koordinatzen da, bera arduratzen baita lurraldean halako larrialdien zuzendaritza operatiboaz. Bizkaiko suhiltzaileek mota horretako 136 sutetan esku hartu zuten. Sute horietatik 104 lehen mailakoak izan ziren (arriskurik gabeko hirigune edo hiri-periferiako eremuetan bakartuak), eta Baso Zerbitzuak ez zuen esku hartu behar izan haietan.
2025ean, hiru pertsona hil ziren PSSZk itzalitako suteetan.
Salbamenduak
Salbamenduak —pertsona edo animalien bizia edo integritatea arriskuan egon daitekeen egoerak—, Bizkaiko PSSZren zerbitzuen ia heren bat dira. 2025ean, 2.338 salbamendu-irteera egin ziren; haietatik 1.137 pertsona edo animaliek zuzeneko arriskua zuten esku-hartzeak izan ziren, aurreko urtean baino % 12 gehiago.
Atal honetan, foru-aldundiko suhiltzaileek 525 irekieratan esku hartu zuten, pertsonak arriskuan zeuden etxebizitzetara sartzeko. Halaber, 223 trafiko-istriputan esku hartu zuten, eta 116 bilaketa eta erreskate egin zituzten landa-eremuetan eta mendietan, besteak beste.
Laguntza teknikoak
2025ean, Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak (PSSZ) 2.588 laguntza tekniko egin zituen.
Irteerarik ohikoenak erleak eta liztorrak neutralizatu edo kentzeko izan ziren, zehazki, 836 esku-hartze; ondoren, eraikinen saneatzeak (405) eta prebentzio-erretenak (340) datoz. Gainera, 173 zuhaitz kendu ziren, eta gas-isuriengatiko 152 esku-hartze egin ziren eta galtzadetako 117 garbiketa, besteak beste.
Erakundearteko lankidetza eta larrialdietako sostengua
Lurralde historikoan egiten duen jardueraz gain, Bizkaiko PSSZk bere lurralde-eremutik kanpoko sostengu-operatiboetan parte hartu zuen 2025ean, administrazio publikoen arteko lankidetzaren esparruan.
Abuztuan, Bizkaiko Foru Aldundiak talde bat eraman zuen Leóngo probintziara, PSSZko, Baso Zerbitzuko eta Basalan foru-enpresa publikoko 45 borondatezko profesionalek osatua, bai eta hainbat bitarteko tekniko ere, estatuko hainbat eremuri eragin zieten baso-sute handiei aurre egiten laguntzeko. Esku-hartzea Gaztela eta Leóngo larrialdi-zerbitzuekin eta suteak itzaltzeko beste dispositibo batzuekin koordinatuta egin zen.
Tasei buruzko foru-arau berria
Urteko mugarrien artean, nabarmentzekoa da Bizkaiko Batzar Nagusiek abenduaren 29ko 8/2025 Foru Araua onetsi izana, zeinaren bidez prebentzio-, suhiltzaile- eta salbamendu-zerbitzuak emateagatiko tasa arautzen den.
Erregulazio berri horrek eguneratu egiten du 1990. urtean sortu zen arau-esparrua, eta sistema argiagoa eta larrialdien egungo errealitatera egokituagoa ezartzen du. Arauak zehatzago definitzen du zein jarduketa dauden tasapean eta zein salbuetsita. Tasarik sortzen ez duten esku-hartzeen artean daude, oro har, pertsonen erreskateak, etxebizitzetako suteak, baso-suteak eta animaliekin lotutako larrialdiak, salbu eta zabarkeria larria edo intentzionalitatea egon bada.
Langileak sartzea, deialdi berriak egitea eta emakumeek zerbitzuan duten presentzia sustatzea
2025ean, zenbait hautaketa-prozesu bultzatu ziren, zerbitzuko plantilla indartzeko eta belaunaldi-aldaketa bermatzeko. Azaroan, beste deialdi baten oinarriak onetsi ziren, suhiltzaile-gidariaren 39 plaza eta kaboen 28 plaza betetzeko. 2026an egingo dira deialdi horretako hautaketa-probak.
Deialdi horiek proben diseinuan egindako berrikuspenak dakartzate, batetik, eta zerbitzura iristeko aukera-berdintasuna indartzeko neurriak, bestetik. Esparru horretan, Gobernu Kontseiluak «PSSZn Emakumeak Sustatzeko I. Plana» onetsi zuen 2025eko maiatzean. Plan horrek hainbat neurri jasotzen ditu; besteak beste, emakumeentzat gordetzea plazen % 10 deialdi jakin batzuetan.
Segurtasunaren aldeko inbertsioak
2025ean, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak 37,7 milioi euro bideratu zituen Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren funtzionamendura.
Besteak beste, iaz hobekuntza-lanak egin ziren PSSZko suhiltzaile-etxeetan, bi milioi euro inguru inbertituta. Garrantzitsuena Markina-Xemeingo suhiltzaile-etxea goitik behera berritzea izan da. Gainera, zerbitzuak jarraitu zuen bere flota eta ekipamenduak eguneratzen, tresna operatibo berriak gehitzen eta eskuragarri zeuden bitarteko teknikoak indartzen, gero eta konplexuagoak diren larrialdiei aurre egiteko. Ildo horretan, tresna anitzeko furgoi berri bat eta basoko ponpa-auto astun bat erosi zituen. Gainera, beste inbertsio batzuk egin ziren ekipamendu hauek eskuratzeko: bilaketa teknikoko ekipoak, ganbera termikoak, baso-ponpetarako suaren kontrako albo-babesak edo uretako erreskateetarako espezifikoak diren segurtasun-oinetakoak.
Jasangarritasun-estrategia
Bizkaiko PSSZk aurrera jarraitu zuen ingurumen- eta gizarte-irizpideak txertatzen bere kudeaketan, 2025-2027 Jasangarritasun Estrategiaren bidez, zeinak jarraipena ematen baitio 2022tik 2024ra bitartean gauzatutako lehen plan estrategikoari.
Estrategiak hiru ardatz nagusi ditu —ekologia, oparotasuna eta gizartea—, eta hainbat ekintza jasotzen ditu, esku-hartzeen ingurumen-inpaktua murrizteko, suhiltzaile-etxeen energia-efizientzia hobetzeko, berrikuntza bultzatzeko eta prebentzioaren arloan herritarren sentsibilizazioa sustatzeko.
Funtsezko zerbitzua Bizkaiko segurtasunerako
Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak zortzi suhiltzaile-etxe profesional ditu lurraldean banatuta, eta 442 lanpostuko plantilla. Suhiltzaile-etxe horietatik, arreta ematen zaie larrialdiei, zeinak Bizkaiko ia udalerri guztietan gertatzen baitira.
Giza baliabideen eta baliabide materialen etengabeko hobekuntzak, teknologia berriak eta kudeaketa jasangarriko estrategiak txertatzearekin batera, bidea ematen du PSSZ funtsezko elementu gisa finka dadin herritarren, haien ondasunen eta Bizkaiko Lurralde Historikoko natura-ingurunearen babesean.





























