Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak Euskadira heldu berri diren 10 emakume afganiar hartu ditu aste honetan. Yaran eta Benetako Izenak elkarteei esker Euskadira iritsi eta prestakuntza-ibilbidea jarraitzeko heldu ziren herenegun. «Ziur nago bizitza hobea izango duzuela eta etorkizunerako proiekzioa izango duzuela. Eusko Jaurlaritzak sareak eta komunitatea sortzen lagunduko dizue. Biziraule handiak zarete, eta orain asko zaintzeko garaia duzue», esan zien Nerea Melgosak Bilbon egindako topaketa batean, emakume afganiarren hegazkina Loiun lurreratu eta ordu batzuetara.
Afganistandik Uzbekistanera ihes egin ahal izateko aukera izan zuten, azkeneko sasoian han egon dira baina Uzbekistanen ez dute lan-baimenik izan, ezin izan dira profesionalki garatu, eta herrialde horretan ez dago errefuxiatu-estatusa eskatzeko aukerarik. Hiru urteko iraupena izan duten kudeaketei esker, Yaran elkarteak koordinatutako programa baten bidez, Euskadira iritsi ahal izan dira. Programa horrek lekualdatutako pertsonekin edo gatazkan dauden herrialdeetan bizi direnekin lan egiten du. Programa horri esker, hezkuntzaren esparruan oinarrituta, Euskadin birfinkatzearen bide osagarriak sortzen dira.
«Afganistango emakumeek murrizketa eta ahultasun oso handiak dituzte, batez ere hezkuntzarako sarbidean. Korridore humanitario horien bidez, beren hezkuntza edo lanbide-ibilbidea jarraitzeko aukera ematen diegu. Afganistanen, klandestinitatean, hezkuntza-aukera batzuk badaude gazte horientzat, baina haien bizitza obstrazismora eta iluntasunera bideratuta dago», adierazi du Belen Vallina Yaran elkarteko ordezkariak.
Yaranek emakume horien ibilbide pertsonala eta profesionala diseinatzen du, hizkuntza-gaitasuna eta prestakuntza lortuz, Mondagron Lingua eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan. Prestakuntza hori egin ondoren, emakumeek graduondoko ikasketak egiteko aukera izango dute, haien profila maila akademiko horretara egokitzen baita.





























