Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuak (Biltzen), Migrazio eta Asilo Euskal Foroak, Migraziorako Euskal Itun Sozialak eta Getxoko Udalak antolatutako saio honetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko Osalanek parte hartu du.
Osalanek etxeko langileei zuzendutako informazio-saio batean parte hartu du gaur, beren jardueran izan ditzaketen lan-arrisku nagusiei buruzko informazio erraz, praktiko eta erabilgarria emateko, bai eta arrisku horiek saihesteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa ere.
Topaketan, Osalanek egindako dibulgazio-fitxak aurkeztu dira. Fitxa horiek hizkera argi eta eskuragarrian diseinatu dira, etxeko lanetan errazago ulertu eta aplika daitezen. Material horiek prebentzioko funtsezko gaiak lantzen dituzte modu praktikoan, eta deskargatu ahal dira Osalanen webgunetik, kontsultatu eta erabiltzeko.
Saio honetan, Lourdes Íscar Osalaneko zuzendari nagusiak laneko arriskuen prebentzioa bereziki kaltebera den eta tradizionalki ikusezin bihurtu den sektore batera, etxeko langileen sektorera, hurbiltzearen garrantzia nabarmendu du.
Ondoren, Javier Sánchez de la Fuente Osalaneko Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikariak sarrera bat egin du laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko kontzeptuei buruz, eta fitxen edukia azaldu du, etxeko lanetan ohikoenak diren arriskuak eta lan-ingurune seguruago eta osasungarriagoak sustatzeko gomendatutako prebentzio-neurriak zehaztuz.
Horrelako ekimenekin, Osalanek berretsi egiten du lan-baldintzak hobetzeko eta langile guztien laneko segurtasuna eta osasuna babesteko konpromisoa, arreta berezia eskainiz informazio- eta prebentzio-laguntza handiagoa behar duten sektoreei.






























