- Hitzarmenak datu-baseen elkarrekiko lotura, kriminalitateari eta arriskuei buruzko informazio-fluxu etengabea, eta larrialdiak eta ekitaldi masiboak kudeatzeko protokolo bateratuak sortzea ezartzen ditu, segurtasun publikoari erantzuteko bi polizia-kidegoen koordinazioa eta eraginkortasuna hobetuz.
Ertzaintzak eta Durangoko Udaltzaingoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute bi polizia-kidegoen arteko lankidetza indartzeko eta eskuragarri dauden baliabideak optimizatzeko, segurtasun publiko eraginkorragoa eta herritarrentzat irisgarriagoa bermatzeko.
Hitzarmena, Bingen Zupiria Gorostidi Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eta Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia alkateak, sinatu dute Durangoko Udalean eta helburu nagusi gisa du udalerrian eta inguruko eremuan gertatzen diren segurtasun-gorabeheren edo beharren aurrean koordinazio eta erantzun hobea lortzea.
Hitzarmen honek funtsezko printzipioak ezartzen ditu bi indarren arteko lana errazteko, hala nola informazio garrantzitsua trukatzea, zeregin judizialetan lankidetzan aritzea eta larrialdi egoeretan baliabideak eraginkortasunez kudeatzea. Horrela, Durangoko Udaltzaingoa Ertzaintzaren datu-baseen sisteman sartu ahal izango da, delituei, lapurtutako ibilgailuei eta komunitatearen segurtasunerako funtsezkoak diren beste datu batzuei buruzko informazio eguneratua denbora errealean eskuratuz.
Lankidetza horren alderdi nabarmenetako bat datu-baseen elkarrekiko lotura izango da, eta horri esker, bi kidegoek modu seguruan partekatu ahal izango dute informazioa, datuak babesteko protokolo zorrotzei jarraituz. Sarbide horrek erabakiak informatuago hartzen eta edozein larrialdiren aurrean azkarrago erantzuten lagunduko du.
Gainera, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak konpromisoa hartu dute delitu-jarduerei, kriminalitate-estatistikei eta balizko arriskuei buruzko informazio-fluxu etengabea mantentzeko, eta horrek prebentzio eta zaintza-lanen eraginkortasuna hobetuko du. Datuen truke horri esker, tokiko dinamikak sakonago ezagutu ahal izango dira, eta segurtasun mehatxu potentzialen aurrean modu proaktiboan jarduteko gaitasun handiagoa izango da.
Hitzarmenak, halaber, egoera espezifikoetarako jarduera-protokolo bateratuak jasotzen ditu, besteak beste, pertsona kontzentrazio handien kudeaketa, ekitaldi masiboak edo larrialdiak. Bi kidegoen arteko koordinazioa funtsezkoa izango da esku-hartze seguruak eta eraginkorrak bermatzeko, betiere lankidetzan eta elkarrekiko errespetuan oinarrituta.
Gainera, polizia-baliabideak optimizatzea aurreikusten da, baterako gailuak sortuz, bi kidegoak prebentzio, eragiketa eta kontrol-zereginetan inplikatuz. Arrisku edo larrialdi handiko egoeretan, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetzari esker, trafiko istripuak, suteak edo hondamendi naturalak bezalako gorabeherak kudeatu ahal izango dira, erantzun azkarragoa eta eraginkorragoa bermatuz.
Polizia-kidegoek elkarrekin lan egingo dute ordena publikoko gaietan jarduteko planak garatzeko, hala nola trafikoa arautzeko, manifestazioak kontrolatzeko eta ekitaldi jendetsuetan bake publikoa mantentzeko. Lankidetza hori bide-segurtasunaren kontrola funtsezkoa den egoeretara ere zabalduko da, araudiak eraginkortasunez betetzen direla ziurtatzeko.
Azkenik, hitzarmenak Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza ezartzen du polizia judizialaren zereginetan. Udaltzaingoak bere jurisdikzioaren baitan salaketak jasotzen eta delitu txikiak ikertzen parte hartu ahal izango du, bai eta atestatuak eta eginbide judizialak egiten lagundu ere, betiere Ertzaintzak gainbegiratuta eta ezarritako lege-esparrua errespetatuz.
Akordio horrekin, Durangok beste urrats bat eman du herritarren segurtasunarekin duen konpromisoan, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko profesionalekin batera lan eginez, kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko, irisgarria eta eraginkorra, durangarren benetako beharretara egokitua. Elkoroiribek nabarmendu duenez, «hitzarmen hau funtsezko urratsa da Durangoko segurtasuna indartzeko, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza estuagoa errazten baitu, edozein egoeraren aurrean erantzun azkarragoa eta koordinatuagoa ahalbidetuz. Baliabideak integratzeak eta informazioa denbora errealean trukatzeak gure jarduteko gaitasunak optimizatuko dituzte, gure bizilagunen segurtasun publikoa eta bizi kalitatea hobetuz.»
Bestelalde, Zupiria sailburuak azpimarratu du hitzarmen hau sinatzeak Euskadiko segurtasun publikoaren eredua indartzeko duen garrantzia, “Euskal Poliziaren eredu koordinatuago eta eraginkorragoa” sendotzen duelako; izan ere, eredu horrek “Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetza bultzatu eta sustatzen du, informazioa partekatuz eta modu koordinatuan jardunez herritarrei ahalik eta erantzunik egokiena eskaintzeko”. Era berean, Zupiriak nabarmendu duenez, “gaur egun segurtasun publikoak elkarreragingarritasuna, informazioa partekatzea eta protokolo argiak eskatzen ditu, eta akordio honi esker Durangok ere norabide horretan aurrera egin ahal izango du”; izan ere, “hitzarmena ez da lankidetza formal huts bat bakarrik, baizik eta agenteen egunerokoa eta herritarren babesa hobetzeko tresna ere bada”.
Hitzarmen honek udalerriko segurtasun publikoa indartzen jarraitzeko borondatea adierazten du, polizia-baliabideak ahalik eta hobekien kudeatuko direla eta elkarlana Durangoko herritar guztien mesederako izango dela bermatuz.


























