- Goiko kaleko 1. zenbakian irekiko ditu ateak, eta 1.650 biztanleri baino gehiagori arreta hobea emango die
Datorren astelehenean, maiatzak 18, Osakidetzak Mundakako kontsultategi berria irekiko du Goiko kaleko 1. zenbakian, erdigunean bertan. Azpiegitura berriari esker, 1.650 biztanletik gorako biztanleriari emandako osasun-arreta hobetu ahal izango da, espazio zabalagoak, irisgarriagoak eta egungo premietarako egokiagoak izango baititu.
Ekipamendu berriak aurreko kontsultategia ordezten du, eta jauzi kualitatiboa ekarriko du udalerriaren lehen mailako arretan. Zentroa biztanleria zahartuari arreta emateko diseinatu da —% 18 inguruk 75 urte baino gehiago dituzte—, hau da, oztopo arkitektonikorik gabeko instalazioak egin dira, kronikotasunari eta hauskortasunari arreta emateko programak indartzeko.
Gainera, biztanleria osoari estaldura eman ahal izateko, ohiko osasun-arazoen aurrean erantzuteko gaitasuna areagotuko du, baita erizaintzako arreta eta osasun komunitarioko jarduera ere. Kontsultategiari esker, halaber, hobeto koordinatu ahalko da zerbitzua Mundakan dauden adinekoen bi egoitzekin, eta arreta jarraituagoa egingo da.
Mundakako errealitate demografikoari erantzutea
Osasun-zentro berriak hobekuntza nabarmena ekarriko du lehen mailako arretan, funtzionaltasunean eta pazienteen ongizatean oinarritutako diseinuari esker. Izan ere, instalazioen dimentsioa bereziki aztertu da 1.650 biztanletik gora dituen udalerriari egokitzeko eta arreta integrala emateko, profil hauen arabera:
- Kronikotasunaren arreta: Biztanleriaren % 18 75 urtetik gorakoa da, beraz, hauskortasun-programak kontuan izan dira eta arkitektura-oztoporik gabeko espazioak egin dira.
- Biztanleria orokorra (% 75): Erantzun hobea eman nahi da patologia akutuetan, erizaintzan eta osasun komunitarioan.
- Horrez gain, kontsultategiak udalerriko adinekoen bi egoitzekin koordinatutako arreta bermatzen du, asistentziaren jarraitutasuna indartuz.
Espazio zabalak eta teknologia jasangarria
Lokalak familiako medikuntzako kontsulta bat, erizaintzako beste bat eta tratamenduetarako, proba funtzionaletarako eta odola ateratzeko eremu espezifiko bat ditu. Espazio horiek guztiak egungoak baino askoz zabalagoak dira, profesionalen lana errazteko. Gainera, itxarongela seguru handi bat eta komun egokituak ere jarri dira bertan.
Bestalde, modernizazioaren eta ingurumenarekiko errespetuaren irizpideekin bat eginez, kontsultategiak aerotermia-instalazioak ditu. Sistema horrek klimatizazio eraginkorra eta jasangarria ahalbidetzen du, eta Osakidetzak karbono-aztarna murrizteko duen konpromisoa berresten du.
Mundakako Kontsultategi berria abian jartzea Euskadiko Osasun Itunaren ekintza-ildoetako bat da, bertan jasotako lehentasunetako bat Lehen Mailako Arreta indartzea baita. Jarduketa horrekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak aurrera egin dute herritar guztiei arreta hurbilagoa, irisgarriagoa eta kalitate handiagokoa eskaintzeko bidean.
Zerbitzuari buruzko informazioa
Maiatzaren 18tik aurrera, zentroak ohiko ordutegia izango du:
- Mundakako kontsultategia: 08:00etatik 15:00etara.
- Larrialdietako arreta (Bermeoko EAG): Ordutegi horretatik kanpo, erabiltzaileek Bermeoko Etengabeko Arreta Gunera jo dezakete, 17:00etatik 08:00etara.






























