- Pérez Iglesias sailburuak Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako 13 herritan egongo den erakusketa ibiltaria aurkeztu du Bilbon.
- Erakusketak aukera ematen die San Frantziskoko herritarrei zientzia modu hurbilean, atseginean eta eskuragarrian ezagutzeko, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren helburuekin bat etorriz.
- Erakusketako lau totemak Mariaren Bihotza plazan bisitatu ahal izango dira datorren ekainaren 10era arte.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek “Bi ilunabarreko eguna” erakusketa aurkeztu du gaur arratsaldean Bilboko San Frantzisko auzoan. Dibulgazio-ekimen honek datorren abuztuaren 12an Euskadin ikusgai izango den eguzki-eklipse osoa du ardatz.
Ekitaldian, Amaia Arregi, Bilboko lehen alkateordea eta Segurtasun saileko zinegotzia, eta ekimenean lagundu duten LOGOS Zientzia Dibulgazioko Elkarteko kideek ere parte hartu dute. Elkarte horrek lan egiten du kultura zientifikoa herritarrei hurbiltzeko, batez ere ezagutza eskuratzeko zailtasun handienak dituzten auzo eta inguruneetan. Erakusketa San Frantziskora iristeak indartu egiten du, hain zuzen ere, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin partekatutako helburu hori, dibulgazio zientifiko hurbil, irisgarri eta inklusibo baten aldeko apustua egiten baitu, gizarteko sektore guztietara iristeko gai izango dena.
Erakusketa ilustrazio zientifikoek osatzen dute, eta astronomia-fenomeno hori modu didaktikoan eta erakargarrian publiko guztiei hurbiltzeko diseinatuta dago, herritarrak eklipsea ulertzera eta gozatzera gonbidatuz.
13 herritako ibilbide baten zazpigarren etapa
Erakusketa dibulgazio zientifikoko jarduera-programa ibiltari baten parte da, eta zientzia Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat lekutara eramango du. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimen honek Jakindari aliantzako 20 erakunde baino gehiagoren lankidetza du; horien artean daude Donostia International Physics Center (DIPC) eta Aranzadi, erakusketaren sorkuntzan parte hartu dutenak.
Bilboko San Frantzisko auzoa ibilbide honetako zazpigarren etapa da, Zarautz — sailburuak inauguratu zuena —, Beasain, Zalla, Donostia, Bergara eta Durangotik igaro ondoren. Erakusketa osatzen duten lau totemak Barakaldo, Gasteiz, Gesaltza Añana, Gaubea, La Puebla de Labarca eta Guardiako espazio publiko eta kulturaletan barrena izango dira datozen asteetan.
Jarduera osagarriak
Erakusketarekin batera, Astrobizkaia Bizkaiko Astronomia Elkarteak behaketa astronomiko bat antolatu du ekainaren 6rako, larunbata, 12:00etan, Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan.
Erakusketaren inguruan antolatutako jarduera guztiei buruzko informazioa eklipsea.euskadi.eus webgune ofizialean dago eskuragarri. Bertan, gainera, dibulgazio-edukiak, eklipsea behatzeko aholku praktikoak, intereseko estekak eta baliabide multimediak aurki daitezke.






























