Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren bitartez, Euskorporarekin batera parte hartu du Estrasburgon Microsoft enpresak antolatutako nazioarteko foro batean. Bertan, Europako erakundeetako ordezkariak, arduradun publikoak, unibertsitateak eta adimen artifizialeko mundu mailako adituak bildu dira hizkuntza-aniztasunak ingurune digitalean dituen erronkak eta aukerak aztertzeko. Euskal ordezkaritzan Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Sonia Rodríguez Rodríguez Ikerketa Linguistikoaren eta Koordinazioaren zuzendaria izan dira.
Topaketak aukera eman du hizkuntza-teknologien garapenaren inguruko esperientziak partekatzeko eta lankidetza-sareak indartzeko, hizkuntza guztiek adimen artifizialean presentzia izan dezaten. Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea Jauzia Gara estrategiaren baitan kokatzen da; izan ere, estrategiaren helburuetako bat da euskararen presentzia eta erabilera ingurune digital eta teknologikoetan indartzea, etorkizuneko ezagutza-gizartean lehiakorra izateko behar dituen baliabideak sendotuz.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak marko hori baliatu du Microsoft enpresari euskara bere baliabideetan eta aplikazioetan euskara kontuan har dezala eskatzeko, euskaraz lan egin nahi duten euskal enpresentzat hizkuntza oztopo izan ez dadin.






























