Eusko Jaurlaritzak Orioko kanpo kaiara sartzeko bide berriaren proiektua amaitu du

  • Sarbide berriak, aurreikusitako 1,3 milioi euroko inbertsioarekin eta 10 hilabeteko gauzatze-epearekin, egungo bidea ordezkatuko du. Egungo bidea desagertu egingo da Oribarzarko ingurumen-lehengoratze proiektuaren barruan
  • Amaia Barredo: “Itsasertzaren eraberritzea eta Oriorentzat eta bertako arrantza zein itsas jarduerarentzat estrategikoak diren portu-azpiegituretarako sarbidea bermatzea bateragarri egiten ditugu”

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak gaur goizean jakinarazi du, Orioko Udal Portu Kontseiluan, Orioko portuko kanpo kaiara sartzeko bide berriaren eraikuntza-proiektua amaitu duela. Ekintza horri esker, portuko instalazioetarako sarbide iraunkorra bermatuko da, Oribarzarko hondartza berreskuratzeko lanak egin ondoren.

«Proiektu honen bidez, Oriok duen behar zehatz bati erantzuten diogu. Portuak sarbide segurua eta iraunkorra izaten jarraituko du, eta, aldi berean, Oribarzarko hondartza berreskuratzeko hain espero den ekintza gauzatu ahal izango da. Arrantza-jarduera babesten duen, portuko azpiegiturak hobetzen dituen eta oriotar guztien mesederako den irtenbidea da», adierazi du Amaia Barredo sailburuak.

Ekintza honen helburua egungo bidea ordezkatzea da; izan ere, bide hori desagertu egingo da ingurumen-lehengoratze proiektuaren ondorioz. Gainera, itsasoaren eraginak eta kostaldeko higadurak kaltetutako errepidearen egoerak behin betiko irtenbide bat eskatzen zuen, 2025ean egindako behin-behineko sendotze-lanen ondoren.

Bide berriak ezker ertzeko kaiarekin, sare biltegiekin eta kanpoko babes-dikearekin lotura mantentzea ahalbidetuko du, Orioko portuaren funtzionamendurako eta bertako arrantza zein itsas jarduerarako ezinbesteko azpiegiturak baitira.

Proiektuaren arabera, bide berria Txurruka aterpetxearen atzealdetik igaroko da, itsas-lehorreko jabari publikoaren eremutik kanpo. Horrela, Oribarzarko hondartzaren eraberritzea eta porturako sarbideen mantentzea bateragarri egingo dira.

Errepide berriak bi zirkulazio-errei izango ditu, sei metroko zabalerako galtzada eta %7ko gehieneko malda. Era berean, egungo bidea desagertzearen ondorioz eragindako zerbitzu guztiak berrituko dira, eta espaloi bat eraikiko da Donejakue Bidea ukitzen den tartean, oinezkoentzako ibilbidearen jarraitutasuna bermatzeko.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.296.727 eurokoa da, BEZa kanpo, eta lanak gauzatzeko aurreikusitako epea 10 hilabetekoa izango da.

Ekintza hau gauzatzen den bitartean, Eusko Jaurlaritzak sarbidea erabilgarri mantenduko du 2025ean harri-lubetan eta bidearen oinarrian egindako behin-behineko sendotze-lanei esker. Esku-hartze horri esker, portuko instalazioen segurtasuna eta funtzionamendua bermatu dira behin betiko sarbide berria eraiki arte.