Nafarroako Jauregiak 14 bisita gidatuko ziklo berri bat eskainiko du uda honetan

Nafarroako Gobernuak aurten ere bisita gidatuak eskainiko ditu Nafarroako Jauregira. Foru Gobernuaren egoitzako ibilbideak espazioan espezializatutako gidari profesional baten eskutik egingo dira, uztaileko eta abuztuko ostiraletan, 18:00etan eta 19:00etan.

Zehazki, bisitak uztailaren 17an, 24an eta 31n eta abuztuaren 7an, 14an, 21ean eta 28an egingo dira. Uztailaren 17ko eta abuztuaren 21eko 18:00etan aurreikusitako ibilbideak euskaraz egingo dira.

Izen-emateak ekainaren 22an, astelehena, 8:00etan hasiko dira, eta Herritarrentzako Arretarako 948012012 telefonora deituta (doako deia tarifa laua izanez gero) edo zerbitzu horren web orrialdearen bidez egin ahal izango dira. Web gunearen atarian, esteka bat nabarmenduko da bisitetara sartzeko, bide hori erabiltzen duten pertsonei sarbidea errazte aldera.
Bisitetarako ateak hasiera baino 20 minutu lehenago irekiko dira, Carlos III.a etorbideko 2tik Nafarroako Jauregira sartzeko sarreratik.

Sariak banatzeko edo harrerak egiteko guztiz apaindutako aretoak

XIX. mendearen erdi aldera eraiki zen Nafarroako Jauregia, eta foro-erakundeen egoitza eta Nafarroako Gobernuaren lanerako eremua da. Sariak banatzeko eta harrerak, bilerak eta bisitak egiteko erabiltzen da. Beraz, Nafarroaren eta haren autogobernuaren sinbolo nabarmena da.

Bisita gidatuetan Tronuaren Aretoa bisitatu ahal izango da, espaziorik enblematikoena; garaiko jauregi frantsesen estiloko dekorazio bikainarekin, Nafarroako erresumako pasarte historiko garrantzitsuenak biltzen ditu. Halaber, Areto Berdea, rococo estilokoa, eta Erretratuen Aretoa, areto ingeles itxurakoa, bisitatu ahal izango dira, Bilkura Areto zaharra, Gustavo de Maezturen muralak dituena, eta Areto Instituzionalaz gain.

Ibilbidean, margolari ezagunen lanak ikus ahal izango dira; tartean, Francisco de Goya, Federico Madrazo, Antonio Maria Esquivel edo Vicente Lopezenak, eta Inocencio Garcia Asarta, Enrique Zubiri, Cesar Muñoz Sola, Tomas Muñoz Asensio edo Elena Goñi bezalako artista nafarrenak ere bai. Nafarroako Jauregian beste artelan batzuk ere badaude; esate baterako, Pedro Pablo Rubensek diseinaturiko tapiz flamenkoak, XVII. mendekoak, garai desberdinetako altzariak eta aberastasun handiko dekorazio-elementuak.

Bisita birtualak web orrialdean

Elementu horiek guztiak nahiz Nafarroako Jauregiaren historia web bidez ere ezagutu daitezke,  areto guztiak ezagutzeko bisita birtuala egiteko aukera ematen duen espazioan; bertan, eraikuntzari eta birmoldaketa ezberdinei buruzko bideoak eta informazio zehatza eskaintzen dira.
Orobat, lorategien inguruko edukiak eta eraikineko gela ezberdinen xehetasunak eskura daitezke, Nafarroaren eta haren autogobernuaren ikur nabarmena izanik.