Eusko Jaurlaritzak hurbileko zerbitzuak aldarrikatu ditu lurralde-kohesiorako eta landa-eremuaren etorkizunerako funtsezko tresna gisa

  • Landa-garapenari buruzko EHUren udako ikastaroak ondorioztatu du herrietan kalitatezko zerbitzuak bermatzea funtsezkoa dela aukerak sortzeko, sustraitzea indartzeko eta lurralde biziak mantentzeko
  • «Lurralde-kohesioa ez da kontzeptu tekniko bat; gure etorkizun sozial eta ekonomikorako baldintza bat da, eta pertsona guztiek beren bizi-proiektua garatu ahal izatea bermatzeko tresna, bizi diren lekua edozein dela ere», nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak

Eusko Jaurlaritzak hurbileko zerbitzuen aldeko apustua berretsi du gaur, lurralde-kohesioa indartzeko, aukerak sortzeko eta landa-eremuen etorkizuna bermatzeko tresna estrategiko gisa. Horixe izan da EHUren «Lurralde biziak: landa-eremua eraldatzen duten hurbileko zerbitzuak» udako ikastaroaren ondorio nagusietako bat. Ikastaroa Donostian egin da, eta bertan parte hartu dute erakundeetako ordezkariek, teknikariek, unibertsitateko ordezkariek, landa-garapeneko eragileek eta ekintzaileek.

Jardunaldian zehar hainbat lurraldetan garatutako esperientzia berritzaileak partekatu dira, besteak beste, zaintzaren, mugikortasunaren, etxebizitzaren, digitalizazioaren eta biztanleria erakartzeko eta bertan mantentzeko politiken arloan. Esperientzia horiek agerian utzi dute kalitatezko zerbitzuetarako sarbidea aukera-berdintasuna bermatzeko eta gazteek zein familiek landa-eremuan beren bizi-proiektua garatzeko duten gaitasuna indartzeko funtsezko faktoreetako bat dela.

«Zerbitzuak hurbiltzen direnean, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen da, komunitateak indartzen dira eta gazteek zein familiek gure herrietan geratzeko edo itzultzeko aukera gehiago izaten dituzte. Hurbileko zerbitzuez hitz egitea lurralde-kohesioaz, ongizateaz eta Euskadiren etorkizunaz hitz egitea da», adierazi du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.

Ikastaroan zehar landa-eremuak euskal gizarte osoari egiten dion ekarpen estrategikoa azpimarratu da. Gaur egun, Euskadiko biztanleriaren %12,4 Euskadiko azalera osoaren %96 hartzen duen lurraldean bizi da eta hura kudeatzen du. Era berean, landa-eremuaren azaleraren %80 baino gehiago nekazaritza eta baso-erabilerek hartzen dute, eta lurraldeari lotutako energia berriztagarrien potentzialaren %90 baino gehiago landa-eremuetan kokatzen dela kalkulatzen da.

Jardunaldian aztertutako datuek erakusten dute, gainera, landa-eremuak ekarpen handia egiten diola Euskadiren nortasunari eta ondare kolektiboari. Eremu horietan elkarte-sare trinkoagoa dago, 1.000 biztanleko 154 elkarte baitaude, hiri-eremuetako 117 elkarteen aldean.

Indargune horiekin batera, ikastaroak landa-eremuek oraindik dituzten erronka nagusietako batzuk ere aztertu ditu, hala nola zahartze demografikoa, etxebizitzarako sarbidea, mugikortasuna edo oinarrizko zenbait zerbitzuren eskaintza. Ildo horretan, politika publikoen diseinuan landa-ikuspegia txertatzearen beharra defendatu da, bizilekuak pertsonen aukerak baldintzatu ez ditzan.

Joseba Terreros Eusko Jaurlaritzako Landa Garapeneko eta Europako Politiketako zuzendariak nabarmendu duenez, «urte luzez landa-eremua gabezien ikuspegitik baino ez da aztertu. Gaur badakigu Euskadirentzat aktibo estrategikoa dela. Gure garaiko erronka handietako asko, trantsizio ekologikoa, elikadura-segurtasuna, baliabide naturalen kudeaketa jasangarria edo lurralde-kohesioa, gure herrien eta landa-eremuen sendotasunaren mende ere badaude».

Topaketaren ondorioek erakusten dute beharrezkoa dela erakundeen, unibertsitatearen, tokiko eragileen eta gizarte zibilaren arteko lankidetza indartzen jarraitzea, lurralde bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako irtenbide berritzaileak sustatzeko. Era berean, politika publikoen benetako eragina ebaluatzearen garrantzia, eta herritar guztientzat aukera baliokideak bermatuko dituen landa-garapen eredu batean sakontzeko beharra azpimarratu da.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren ustez, landa-eremuaren etorkizuna ez da sektore jakin bati dagokion erronka hutsa, herrialde osoari eragiten dion auzi estrategikoa baizik. Hurbileko zerbitzuak bermatzea, tokiko komunitateak indartzea eta herrietan aukera berriak sortzea funtsezko elementuak dira Euskadi kohesionatuagoa, orekatuagoa eta erresilienteagoa eraikitzeko.