Eusko Jaurlaritzak euskararen ezagutzaren egiaztapen-eredu berria ezarriko du, hizkuntza-gaitasunak zehaztasun handiagoz aitortzeko eta egiaztatzeko aukera gehiago eskaintzeko urriko deialditik aurrera

Gaurko Gobernu Kontseiluan lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ibone Bengoetxeak, aurkeztu du HABEk 2026ko urriko deialditik aurrera ezarriko duen euskararen ezagutzaren egiaztapen-eredu berri bat.

2026ko urriko deialditik aurrera, Eusko Jaurlaritzak, HABEren bitartez, euskararen ezagutzaren egiaztapen-sistema berri bat jarriko du abian. Lehen aldiz, HABEk egiaztapen asimetrikoak eskainiko ditu, eta egiaztapen partzialak orokortuko ditu, pertsonen gaitasunak eta egoerak zehaztasun handiagoz aitortzeko. Sistema berri honek abiapuntu argi bat du: pertsona guztiek ez dituzte hizkuntza-gaitasunak modu berean garatzen, eta egiaztapen-sistemak errealitate horri erantzun behar dio.

Bengoetxea lehendakariordearen hitzetan, «sistema malguagoa, bidezkoagoa eta pertsonen errealitatera hobeto egokitua eraiki nahi dugu». Neurri hau JAUZIA GARA estrategiaren barruan kokatzen da, Eusko Jaurlaritza euskararen ikaskuntzaren arloan bultzatzen ari den eraldaketaren baitan.

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean film luzeak, serieak edo miniserieak garatzeko eta erabilera eta irakurketa bultzatzeko laguntzak

Era berean, Gobernu Kontseiluak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eskatuta, bi laguntza onartu ditu. Alde batetik, film luzeen, serieen edo miniserieen proiektuak garatzeko dirulaguntzen deialdia, edozein hedabidetarako, 2026ko ekitaldian. Guztira 650.000 euro izango dira eta modalitateen araberako banaketa honakoa izango da: 325.000 euro film luzeen proiektuak garatzeko eta 325.000 euro serieak eta miniserieak garatzeko. Laguntza hauek euskaraz sortutako fikziozko, animaziozko eta dokumentalerako proiektuak sustatzeko izango dira eta honako hau joko da “proiektuen garapentzat”: ikus-entzunezko ekoizpen baten prestaketa eta diseinua, produkzio-fasearen beraren aurretik egin behar diren operaziotan zentratua, eta 2026 eta 2027 urteetan zehar egingo direnak. Dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak 370.000 euro bideratuko ditu Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi-zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko. Gobernu Kontseiluak onespena emandako deialdi honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegi publikoen titular diren udalek, toki-erakunde eskudunek eta udal-liburutegi publikoen arloko eginkizunak esleituta dituzten udal-erakundeek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Laguntza honen helburua irakurzaletasuna sustatzea da, batez ere haur eta gazteen artean, baita Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan kultura eta liburutegi zerbitzuak hedatzeko jarduerak laguntzea ere. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Haurrentzako eta gazteentzako aisialdiko eta denbora libreko hezkuntzako jardueren antolaketa eta garapena arautzen duen dekretu berria

Gobernu Kontseiluak baimendu egin du aisialdi hezitzaileko eta denbora libreko hezkuntzako haur- eta gazte-jardueren antolaketa eta garapena arautzen duen dekretu berria. Testu berriak ratioak hobetzen ditu, adingabeen ongizatea bermatzen du, eta aurrera egiten du euskararen sustapenean, bai eta desgaitasunen bat duten adingabeen arretan ere.

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak adierazi duenez, «Dekretu berria lege-tresna bat da, Euskadiko aisialdiko eta denbora libreko jarduerak ahalduntzen dituena, jarduera horietan parte hartzen duten haurren ongizate-maila blindatzen duena eta familiei segurtasuna ematen diena».

Dekretu berri hau 2025. urtearen hasieratik ari da lantzen, eta Aisia Hezitzailearen eta Denbora Librearen Erakundearteko Mahaiaren bidez (Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta EUDELek osatua, eta dekretu berak jasotzen duena) bermatuko da dekretu honen aplikazioaren jarraipena, koordinazioa eta ebaluazioa.

1,33 milioi euro tokiko eremuan immigrazioko eta kulturarteko bizikidetzako jarduerak bultzatzeko

Gobernu Kontseiluak migrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jarduerak garatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdiari argi berdea eman dio. Laguntzak Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak bultzatzen ditu, eta 1.330.000 euroko zuzkidura izango dute guztira.

Deialdia Euskadiko tokiko erakundeei, tokiko erakunde autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei zuzenduta dago, migrazioaren, kulturarteko bizikidetzaren eta etorkinen harrera sustatzearen arloko programak eta jarduerak garatzen laguntzeko.

Aurtengo berrikuntza nagusia erakunde onuradun bakoitzak eska dezakeen gehieneko zenbatekoa handitzea da. 2026an, eskaera bakoitza 50.000 eurora iritsi ahal izango da gehienez, aurreko deialdian ezarritako 40.000 euroen aldean. Era berean, linearen aurrekontu globala 1,33 milioi eurora igotzen da, eta horrek esan nahi du tokiko erakundeek harrera-, integrazio- eta bizikidetza-politika publikoak bultzatzeko duten gaitasuna indartzen dela.

Bizitza osoan zehar ikaskuntza sustatzeko laguntzak

Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntu bat bizitza osoan zehar ikaskuntzako jarduerak egiteko laguntzen deialdia da, 930.000 euroko aurrekontuarekin. Helburua da helduek, behar dutenean, beren gaitasunak eguneratu, kualifikazioa hobetu edo prestakuntza-prozesuei berriro ekin ahal izatea. Horretarako, Hezkuntza Sailak herritarrei ikasteko aukera berriak hurbiltzen dizkieten proiektuak babestuko ditu.

Laguntzek bi jarduketa-mota finantzatuko dituzte: prestakuntza-jarduera espezifikoak eta ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak. Deialdian parte hartu ahal izango dute irabazi-asmorik gabeko erakundeek, bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzaren arloan jarduten badute; Lanbide Heziketa edo Helduen Hezkuntza ematen duten ikastetxe pribatu baimenduek; eta prestakuntza beren xedeen artean duten merkataritza-sozietateek edo ekonomia sozialeko erakundeek.

Laguntzek 2026ko irailaren 1etik 2027ko uztailaren 31ra bitartean garatuko diren jarduerak finantzatuko dituzte. Erakunde interesdunek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Izapidetzea bide elektronikoz egin beharko da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez, dagokion prozeduraren fitxan.

Lanbide Heziketako irakasleen prestakuntzarako laguntzak

Era berean, Gobernu Kontseiluak 2026-2027 ikasturtean Lanbide Heziketa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen prestakuntza-jarduerak finantzatzeko laguntzen deialdia baimendu du. Deialdiak 240.000 euroko aurrekontua du.

Produkzio-sektoreen bilakaerak, digitalizazioak eta teknologia berrien etengabeko garapenak irakasleen ezagutzak eta irakasteko metodologiak etengabe eguneratzea eskatzen dute. Horretarako, Hezkuntza Sailak ikastetxeek beraiek diseinatutako prestakuntza-jarduerak babestuko ditu, irakasle-taldeek identifikatutako premietan oinarrituta, Euskal Lanbide Heziketaren kalitatea indartzen jarraitzeko.

Finantzatuko diren jarduerek, lehentasunez, Euskadi 2030 Lanbide Heziketako Estrategiaren bost ardatz estrategikoekin lotuta egon beharko dute: talentua, berrikuntza eta ekintzailetza, jasangarritasuna, eraldaketa digitala eta nazioartekotzea eta irakasleen garapen profesionalerako eredu integral eta etengabea lortzen laguntzen dute.

Diruz lagundutako jarduerak 2026-2027 ikasturtean egingo dira. Laguntzak uztailaren 9an argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), eta ikastetxe interesdunek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ikastetxe interesdunek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Izapidetzea bide elektronikoz egin beharko da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez, dagokion prozeduraren fitxaren bitartez.

Nekazaritza-sektoreko sasoikako langileentzako ostatu-sarea indartzea

Gobernu Kontseiluak Euskadiko nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileei ostatu emateko higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzen deialdia onartu du.

Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez “lerroak 40.000 euroko zuzkidura du 2026ko ekitaldirako, eta Euskadiko landa-ingurunean lan egiten duten sasoikako langileen bizi- eta lan-baldintzak hobetzen jarraitzeko Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren parte da”.

Laguntzak bizitokiak eraikitzeko, erosteko, birgaitzeko, eraberritzeko edo egokitzeko erabili ahal izango dira, baita bizigarritasun-baldintza egokiak bermatzeko beharrezkoak diren altzariak eta ekipamendua erosteko ere. Proiektu horiei lotutako gastu teknikoak ere diruz lagundu ahal izango dira.

Deialdia nekazaritza-ustiategien titularrei zein sektoreari lotutako erakunde publiko eta pribatuei zuzenduta dago, EAEn eskuragarri dauden ostatuen sarea handitzeko eta hobetzeko. Higiezinak eraikitzeko edo eskuratzeko proiektuetarako gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izan daiteke.

Hurbileko elikagai-merkataritzan talentua dinamizatzeko, erakartzeko eta belaunaldi-erreleboa egiteko programa

Gobernu Kontseiluak 100.000 euroko zuzeneko dirulaguntza onartu du Gasteizko Hornidura Plazako Merkatarien Elkartearentzat, hurbileko elikagai-merkataritzan talentua dinamizatzeko, erakartzeko eta belaunaldi-erreleboa egiteko programa abian jartzeko (2026-2027).

Proiektu honen helburua da plan integral bat garatzea, hurbileko elikagai-merkataritzaren etorkizuneko jarraitutasuna eta lehiakortasuna bermatzeko, dinamizazio-, ekintzailetza-, digitalizazio- eta profil profesional berriak erakartzeko ekintzen bidez, bereziki gazteen kolektiboari dagokionez, eta belaunaldi-erreleboari aurrea hartzea, Gasteizko Azoka erabiliz espazio erakusle gisa. Era berean, merkatua modernizatu nahi du, azpiegitura teknologikoak ezarriz, hala nola txanden kudeaketa adimenduna, elikagai-saltoki tradizionala kontsumo-ohitura berrietara eta kudeaketa digitalera egokitzea errazteko.

Bideberdeate 2026ko 3. Edizioa

Gobernu Kontseiluak 94.243 euroko zuzeneko dirulaguntza baimendu du, eta lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Enkarterrialde Landa Garapenerako Elkartearekin (ADR), Bideberdeate 2026 ekitaldiaren 3. edizioa antolatzeko eta Blind Explorer tresnaren bidez irisgarritasuna teknologikoki ezartzeko proiektua osorik gauzatzeko Burdinazko Mendietako Bide Berdeetan (39 km-ko ibilbidea Artzentalesen eta Muskizen artean, Bizkaian).

Bideberdeate kirol-, kultura- eta gastronomia-ekitaldi bat da, Burdinazko Mendien Bide Berdea zeharkatzen duena, Enkarterri eta Meatzaldean (Bizkaia). Tradizioz azaroan ospatzen da, eta helburu nagusia eremua dinamizatzea da, mendi-ibilien eta txirrindularitzaren bidez meatze-iragana ezagutzera emanez.

Gipuzkoa de Moda eta Donostia Moda Festival proiektuaren jarduerak garatzeko dirulaguntza

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio 90.200 euroko zuzeneko dirulaguntzari, Gipuzkoa de Moda y San Sebastian Moda Festival 2026 proiektuaren jarduerak finantzatzeko.

Proiektua San Sebastián moda Festival jaialdiaren esparruan garatzen da. Ekimen horrek modaren sektorea ikusarazteko, dinamizatzeko eta konektatzeko plataforma gisa jarduten du, eta aldi jakin batean ekonomia-, sormen- eta merkataritza-jarduera bizia biltzen du, diseinatzaileak, saltokiak, enpresak eta ekosistemako eragileak inplikatzen dituena.

Jesús María Leizaola 2026” sariaren deialdia

Gobernu Kontseiluak “Jesús María Leizaola 2026” sariaren deialdia onartu du, euskal autonomia edo XXI. mendeko politika publikoen garapenean eragina duten erronkei aurre egiteko gobernantza publikoa xede duten ikerlanetarako. 1990. urtetik IVAPek banatzen dituen sari hauen helburu nagusia da, beraz, euskal autonomiari edo gobernantza publikoari buruzko ikerketa sustatzea du, XXI. mendeko politika publikoen garapenean eragina duten erronka berrien aurrean.

Deialdia banako pertsonei edota eta espresuki horretarako eratuta egon daitezkeen lantaldeei zuzendua dago.  Monografia-izaera duten argitaratu gabeko ikerlanak aurkeztu ahal izango dira, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitakoak.

Sariak ikerlan zientifiko-tekniko onenei emango zaizkie, eta guztira, 30.000 euro banatuko dira: 22.000 euro lehen sarirako eta 8.000 accesit baterako. Lanak deialdia EHAAn argitaratzen den unetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, era telematikoan, www.ivap.euskadi.eus webgunearen bidez.

Lehia Sariak esparru akademikoan lehiaren kultura sustatzeko

Gainera, Gobernu Kontseiluak baimena eman du Lehiaren Euskal Agintaritzari (LEA) Lehia Sariak lehenengo ediziorako deialdia egiteko. Aintzatespen horien helburu nagusia da ikasketa-amaierako lana egin behar duten unibertsitateko ikasleek lehiaren defentsarekin lotutako gaietan lan egin dezaten sustatzea, horrela, esparru estrategiko horretako ezagutza eta ikerketa indartzen lagunduz, merkatuen eta ekonomiaren funtzionamendu egokirako.

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden pertsona fisikoentzat da, gutxienez urtebeteko antzinatasuna badute edo ikasketak Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate batean egin badituzte. Lehenengo edizio honetako diru-zuzkidura 2.000 eurokoa da, eta, gehienez ere, 1.000 eurokoa onuradun bakoitzeko. Eskabideak aurkezteko epea 2026ko irailaren 1ean irekiko da, eta urte bereko irailaren 30era arte egongo da irekita.

Ogasun Sailaren egitura eraberritzea, ekonomia-ituna zabaltzeko eta nazioartekotzeko estrategiaren garapena eta proiekzioa bultzatzeko

Azkenik, Gobernu Kontseiluak Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzeko dekretu-proiektua onartu du gaur. Eguneratze horrek 2024-2028 Gobernu Programan hartutako konpromisoei erantzuten die, eta Ekonomia Itunaren hedapen-, sozializazio- eta nazioartekotze-estrategiaren barruan kokatzen da, 2026-2031 ekintza-plana garatzen hasita.

Erreformaren berrikuntza nagusia Sailaren barne-antolaketa indartzea da, estrategia horren instituzionalizazioan aurrera egiteko. Zehazki, proiektuak berariaz jasotzen du Zerga Administrazioko Zuzendaritzaren eginkizunen artean Ekonomia Ituna aztertzea, zabaltzea eta nazioartekotzea, eta, horrela, organo horrek arlo horretako erreferente gisa duen zeregina sendotzen da.

Prentsa-txostena

Gai-zerrenda