Barne Medikuntzako Asistentzia Partekatuko eta Kontsultarteko Zerbitzuen Unitatea unitate aurreratu gisa akreditatu du SEMI elkarteak

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Barne Medikuntza Zerbitzuko Asistentzia Partekatuko eta Kontsultarteko Zerbitzuen Unitatea akreditatu du Barne Medikuntzako Espainiako Elkarteak (SEMI); hala, unitate aurreratu izendatu dute SEMI Excelente akreditazio-programan, zeina akreditazio zehatz horretako mailarik altuena baita.

Akreditazioak aitortzen du unitateak finkatutako irakaskuntza-egitura asistentziala duela eta gai dela paziente ugariri arreta emateko, bai eta askotariko zerbitzutan asistentzia partekatua garatzeko eta gida kliniko propioak egiteko ere. Era berean, bermatzen du gai dela maila gorenean prestatzeko bai Barne Medikuntzako egoiliarrak, bai beste espezialitate batzuetako egoiliarrak, bai beste zentro batzuetako fakultatibo espezialistak, baldin eta errotazioak egin ahal badituzte akreditatutako unitatean, hala nola aldakako haustura izan duten pazienteei asistentzia partekatua emateko.

Aitorpen hori dela-eta, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea erreferentziazko zentroen artean kokatu da esparru horretan. Gaur egun, akreditatutako lau unitate aurreratu daude soilik Estatuan; hala, ospitalea eta bertako Barne Medikuntzako Zerbitzua nabarmentzen dira Asistentzia Partekatuko eta Kontsultarteko Zerbitzuen esparruan.

Barne Medikuntzako zerbitzuburua den Agustín Martínez Berriochoak adierazi duenez, akreditazioa “ildo horretan lanean jarraitzeko aintzatespena” da, eta horren bidez ospitalea ikusaraziko da SEMI elkarteko arlo estrategikoetako batean. Horrez gain, gogorarazi du Asistentzia Partekatua eta Kontsultartekoa lanbide-konpetentzia direla eta BAME prestakuntza-plan berriari gehitu zaizkiola.

Asistentzia Partekatuaren oinarria da erantzunkidetasunean oinarritutako arreta-ereduari jarraikiz artatzea zerbitzu kirurgikoetan ingresatutako pazienteak, bereziki prozesu kirurgikoaren eboluzioan eragin dezaketen aurreko gaixotasunak edo konplikazio medikoak daudenean. Eredu horretan, barne-medikuntzako medikuak ez du kirurgialaria ordezten; aitzitik, pazientearen balorazio mediko integrala egiten du eta modu koordinatuan aritzen da lankidetzan ebakuntzaz arduratuko den lantaldearekin, ebakuntza inguruko aldian nahiz ebakuntzaondoan.

Lankidetza hori geroz eta beharrezkoagoa da; izan ere, gaur egungo teknika anestesiko nahiz kirurgikoei esker ebakuntzak egin ahal zaizkie adinekoei eta komorbilitateak dituzten pazienteei. Konplexutasun gutxiagoko pazienteek, berriz, kirurgia anbulatorioko zirkuituak edo oso ingresu laburrak izan ohi dituzte. Gutxi gorabehera paziente kirurgikoen % 60k komorbilitate medikoak dituzte. Patologia horien deskonpentsazioak eragin garrantzitsua izan dezake emaitza kirurgikoan eta, halaber, konplikazioen konplexutasuna areagotu dezake, ospitaleko egonaldia luzatu daiteke, ospitale barruko hilkortasuna handitu daiteke eta eragina izan dezake ere alta eman osteko egoera funtzionalean.

Horiek horrela, Asistentzia Partekatuko eta Kontsultarteko Zerbitzuen Unitateak laguntzen du paziente horiek artatzen eta, hala, zerbitzu kirurgikoekin lankidetzan arituz arreta koordinatua eskaintzen dute, konplikazio medikoak prebenitu, detektatu eta tratatzea xede.

2008an hasitako ibilbidea

SEMI elkarteak egindako aitorpenaren bidez amaituko da 2008an hasitako ibilbidea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak orduantxe jarri baitzuen abian aldakako haustura duten pazienteak artatzeko asistentzia partekatuko proiektua. Esparru horretako pazienteak adinekoak izan ohi dira eta komorbilitateen prebalentzia handia izan ohi dute, asistentzia partekatua bereziki baliagarria baita kasu horietan; izan ere, prozesu horietan askotariko faktoreak uztartzen dira: premiazko kirurgia handia, aurreko gaixotasunen deskonpentsazio-arriskua eta izan daitezkeen konplikazio medikoak, hausturaren nahiz ospitalizazioaren ondoriozkoak.

Hasi zenetik unitateak pixkanaka-pixkanaka handitu du jarduera. Aldakako hausturari lotutako arreta partekatuaz gain, Kirurgia Baskularreko Zerbitzuan eta Urologiako Zerbitzuan ezarri da aipatutako eredua. Zerbitzu medikoen eta gainerako zerbitzu kirurgikoen ohiko kontsultartekoak ere egiten dira unitatean, eta horietako batzuetan erreferente klinikoak daude. Psikiatriarekin ere lan egiten hasi dira, erreferente kliniko baten bitartez.