Segurtasun Batzordeak Euskadiko segurtasun publikoa indartzeko neurrien agenda bultzatu du

  • Segurtasuneko sailburuak eta Barne ministroak zuzendutako bilera telematikoki egin da.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Barne Ministroa Euskadiko Segurtasun Batzordearen bilera telematikoaren buru izan dira gaur. Batzorde hori bi administrazioen arteko aldebiko koordinazio-organo gorena da segurtasunaren arloko gaietan. Bileran, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko Lankidetzarako Aldebiko Batzordean, martxoan, hartutako akordioak itxi dira.

Bileran, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordeak, Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak eta Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak ere parte hartu dute. Barne Ministerioaren aldetik, Aina Calvo Segurtasuneko estatu-idazkariak; María Soledad Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak; Eugenio Pereiro Koordinazio eta Azterlanetako zuzendari nagusiak; eta Juan Antonio Puigserver idazkari nagusi teknikoak parte hartu dute.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak agerraldia egin du bileraren ostean. Bertan nabarmendu duenez, gaur lortutako akordioek «herritar guztiek partekatzen duten helburu batean aurrera egiten jarraitzeko aukera ematen digute: Euskadi Herri segurua izaten jarraitzea, erakundeek erantzuteko gaitasun handiagoa izatea eta Ertzaintza segurtasun integrala jokoan dagoen esparru guztietan erabat integratuta dagoen polizia integrala izatea». Segurtasuneko sailburuak azpimarratu duenez, «akordio horien helburua Euskadiko kaleetako segurtasuna hobetzea da, eta, horretarako, segurtasuna eta bizikidetza-arauak hobetzeko legeak, arauak eta tresna operatiboak eta koordinaziokoak indartzea. Eta, horretarako, garrantzitsua da gure poliziaren, Ertzaintzaren, erantzuteko gaitasuna indartzea».

Gainera, Zupiriak gogorarazi du lortutako akordioek «erantzuna ematen dietela urtean zehar Euskadi osoan hainbat arlotako eragileekin egin ditugun 30 Segurtasun Foroetan bildu ditugun kezketako batzuei, hala nola, herritarren segurtasuna, reintzidentzia edo zibersegurtasuna bezalako kezkek erantzun hobea izango dute lortutako konpromisoei esker». Segurtasuneko sailburuak «Segurtasun Batzordearen akordioen garrantzia» azpimarratu du, «Euskadiri eta Ertzaintzari egungo eta etorkizuneko segurtasun-erronketarako estrategikoak diren esparruetan parte-hartze eraginkor handiagoa ematen baitiete. Ertzaintzak polizia integral gisa duen posizioa indartzen dugu, euskal herritarrei segurtasun handiagoa eskaintzeko. Urrats berri bat da Euskadi seguruago bat eraikitzeko, orain eta datozen hamarkadetan «.

Arma zuriak

Segurtasun Batzordeak Arma Erregelamenduaren arau-aldaketa formalki sustatzea adostu du, arma zuriak eta bestelako objektu arriskutsuak eramatea edo erabiltzea prebenitu, kontrolatu eta zehatzeko, bereziki jende gehien biltzen den establezimendu eta leku publikoetan. Gainera, Herritarren Segurtasunaren aurkako Arau-hausteen Erregistro Zentrala abian jartzea bultzatuko da; erregistro horrek elkarreragingarritasuna eta Euskal Poliziak behar duen informaziora sarbidea izatea bermatuko ditu, Estatuan mota horretako arau-hausteak behin eta berriz egiten dituzten pertsonak ezagutzeko.

Delituen errepikapena

Gaur egindako bilerak Prozedura Kriminalaren Legea aldatzea sustatzeko ere balio izan du, delitu-errepikapeneko kasuen aurrean erantzun penal eta prozesala hobetzeko. Horretarako, erreforma-proposamen bat bultzatzea aurreikusten da, oinarrizko eskubideak, errugabetasun-presuntzioa, proportzionaltasuna eta kautela-neurrien salbuespenezko izaera erabat errespetatuz.

Atzerritartasuna

Era berean, gaur telematikoki egindako Segurtasun Batzordean Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu dute, delinkuentzia larriko kasuetan, delitu-errepikapena dagoenean, talde kriminaletako kide izatea tartean dagoenean, indarkeria kasuetan, herritarren segurtasunaren alterazio nabarmena dagoenean edo Euskadiko ordena publikoari eragiten dioten kasuetan, Ertzaintzak parte hartzea atzerritarrak kanporatzeko prozeduretan eman beharreko segurtasun eta ordena publikoaren arloko polizia-txostenetan.

Droneak

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak, halaber, tripulaziorik gabeko aireontzien sistemen —droneen— arloan hartutako akordioaren berri eman du. Lortutako akordioak aurreikusten du beharrezkoa den arau-aldaketa sustatzea, Euskadin UAS/drone operazioen aurretiazko komunikazioak jasotzeko jarduerak eta operazio horien gaineko administrazio-kontrol orokorra Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta Ertzaintzari dagozkiela berariaz aitortzeko. Horrek aukera emango dio Ertzaintzari beste herrialde batzuetan erregistratzen ari diren mehatxu berrien aurrean prebentzio-jarduera hobea egiteko.

Euskadiko aireportuen inguruan droneak ikusten diren kasuetarako, erantzuteko prozeduretan beharrezkoak diren aldaketak, egokitzapenak eta ñabardurak ere egingo dira.

Ertzaintzaren parte-hartzea Europako foroetan

Gaur egindako Segurtasun Batzordeak adostu du, Segurtasuneko Estatu Idazkaritzan ezarrita egongo den Harremanetarako Gune Bakarra / Single Point of Contact (SPOC) sortu ondoren, Ertzaintza bertan egotea; horrela, bere jarduerarako eta erantzukizunetarako behar duen Europar Batasuneko gainerako estatu kideen segurtasun-informaziorako sarbide osoa izango duela bermatuko da, baita aduanetako informaziorako sarbidea ere.

Era berean, beharrezko egokitzapen tekniko eta normatiboak egingo dira Ertzaintzak European Search Portal-era eta Europako elkarreragingarritasun-arkitekturako gainerako tresnetara sarbide eraginkorra eta zuzena izan dezan.

Gaur lortutako akordioak, halaber, Kapitalen Zuriketa eta Arau-hauste Monetarioen Prebentziorako Batzordearen Zerbitzu Exekutiboari, SEPBLANCi, eta Aktiboak Berreskuratzeko eta Kudeatzeko Bulegoari lotutako informazio- eta lankidetza-mekanismoetan, Ertzaintzaren parte-hartze funtzionala bermatuko du.

Segurtasun pribatua eta zibersegurtasuna

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak gaur egindako Segurtasun Batzordean lortutako akordioak segurtasun pribatuko zerbitzuen arloan aurrera egitea ere jasotzen du, Euskadik kontrol-, ikuskapen-, zehapen-, erregistro-, koordinazio operatibo- eta administrazio-kudeaketako eskumenak gauzatzean duen posizioa indartuz.

Gainera, segurtasun pribatuko langileen prestakuntza-moduluen eta sarbide-proben diseinuan parte hartuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren parte-hartzearekin.

Zibersegurtasunaren arloan, Ertzaintzaren, Cyberzaintzaren eta zibersegurtasunaren arloan eskumena duten Estatuko organoen arteko lankidetza-esparrua bultzatuko da.

Berrikuntza modura, Segurtasun Batzordeak lortutako akordioak gauzatzeko eta haien jarraipena egiteko mekanismoak hobetzea adostu du, eta sei hilabeteko epean beste hitzordu bat lotzea aurreikusi da.