Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzakitsasadarraren eraldaketarekin eta dinamizazioarekin duten konpromisoa indartu dute

Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat eman dute gaur itsasadarraren eraldaketarekin eta dinamizazioarekin duten konpromiso partekatuan. Horretarako, intentzio-protokolo bat sinatu dute, bi administrazioek Nerbioi-Ibaizabal inguruan Hiribildutik igarotzean proiektuak eta jarduerak laguntzeko eta bultzatzeko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak sinatutako akordioak baterako lan-esparru bat ezartzen du, hirirako gune estrategiko hori aktibatzen lagunduko duten ekimenak koordinatzeko, aztertzeko eta sustatzeko, topagune, aisialdi, kultura-jarduera, kirol-jarduera eta garapen ekonomikoko gune gisa duten zeregina indartuz, eredu orekatu baten barruan.

Protokoloa sinatzeak, alkateak adierazi duen moduan, erakunde biek Bilboren eraldaketa jasangarrian aurrera egiten jarraitzeko daukaten borondate partekatuari erantzuten dio, itsasadarraren ingurunerako bereziki garrantzitsua den une batean, Zorrotzaurre eta Zorrotzako Muturra bezalako eremuetan hiri proiektu berriak garatu direlako”.

Bestalde, Amaia Barredo sailburuak adierazi duenez, «protokolo honek erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako lan egiteko modu bat islatzen du, aukerak sortzeko. Itsasadarra biziagoa, irisgarriagoa eta bilbotarrekin lotuagoa izatea nahi dugu, jarduera ekonomikoa bultzatzeko, biodibertsitatea indartzeko eta aisialdi jasangarriko eta kalitateko erreferente bihurtzeko gai izango dena Bilborentzat eta Euskadirentzat«.

Lankidetza horren bitartez, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak estrategia bateratu bat bultzatuko dute Itsasadarra herritarrengana are gehiago hurbiltzeko, gaur egungo jarduerarekin bateragarriak diren erabilera berriak bultzatzeko eta hiriaren eguneroko bizitzan integratzea indartzeko.

BULTZADA BERRI BAT ITSASADARRA AKTIBATZEKO

Protokoloak barne hartzen du Bilbon, Ibaizabal arroaren itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan egingo diren aktibazio-proiektuak eta kultura-, kirol-, sustapen-, zerbitzu- eta dinamizazio-ekitaldiak koordinatzea.

Helburu partekatuen artean hauek nabarmentzen dira: aisialdi jasangarriko eredu bat indartzea, gizarte- eta ekonomia-jarduera sustatzea, gutxiegi erabilitako espazioak herritarren erabilera berrietarako berreskuratzea eta Bilbo itsasadarrari lotutako erreferentziazko hiri gisa finkatzea.

Era berean, erakunde biek konpromisoa hartzen dute informazioa partekatzeko, baliabideak koordinatzeko, proiektuen bideragarritasuna elkarrekin ebaluatzeko eta proiektuak garatzeko behar den lankidetza errazteko. Akordioaren helburua da, halaber, estrategikotzat jotzen diren ekitaldi eta ekimenetarako baimenen izapideak arintzea.

JARRAIPEN BATZORDEA

Lankidetza-esparru horretatik erator daitezkeen jardueren sustapena eta jarraipena bermatzeko, protokoloak jarraipen-batzorde bat sortzea aurreikusten du, erakunde bietako ordezkariek osatua.

Organo horren bidez ekimenak koordinatu, irizpideak partekatu eta erakundeen arteko lankidetza bultzatuko da, beharrezkoa baita itsasadarrari balioa ematen aurrera egiteko, Bilboko ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-aktibo nagusietako bat den aldetik.

Protokoloak, hasiera batean, lau urteko indarraldia izango du eta beste lau urtez luzatu ahal izango da, baina ez dakar berekin alderdi sinatzaileen arteko konpromiso ekonomiko zuzenik.