Bizkaiko Foru Aldundiak aste honetan jarriko du abian INFOBI -Bizkaiko Baso-Suteak- eta Galiziako Xuntako baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko dispositiboaren arteko truke teknikorako programaren bigarren edizioa. Hiru taldeetako lehena bihar abiatuko da Galiziara lau egunez Galiziako operatiboarekin entrenamendua eta esperientziak partekatzeko. Ekimen honek baso-suteak prebenitzen eta itzaltzen esku hartzen duten langileen prestakuntza indartzera bideratuta dagoen bi administrazioen arteko lankidetza-ildoa sendotzen du.
Guztira abuztutik irailera bitartean Baso Zerbitzuko eta Basalaneko 10-12 profesionalez osatutako hiru talde -teknikariak, baso-agenteak eta langileak- Galiziara joango dira lur orotako hiru ibilgailurekin Galiziako dispositiboaren funtzionamendua zuzenean ezagutzeko eta laneko prozedurak eta esperientziak trukatzeko.
Egonaldietan INFOBIko langileek Galiziako dispositiboaren barruan helikopteroz garraiatzen diren brigadak, operazio- eta zuzendaritza-zentroak, prebentzio-sistemak eta lurreko brigadak bisitatuko dituzte. Gainera baso-brigadentzako entrenamendu-ariketak egingo dituzte trebakuntza-eremuan, eta, egonaldian baso-suteren bat gertatzen bada, taldeak esleitzen zaion sektoreko itzaltze-lanetan parte hartu ahal izango du, betiere Galiziako Xuntaren dispositiboaren koordinaziopean.
Programaren arabera, halaber, egonaldian baso-suteren bat gertatzen bada, Bizkaiko langileak dagokien sektorean sar daitezke itzaltze-lanetan, betiere Galiziako Xuntaren dispositiboak koordinatuta.
Esperientzien trukean oinarritzen den prestakuntza
Baso-suteek prozedurak, teknikak eta antolatzeko moduak etengabe eguneratzea eskatzen dute. Horregatik autonomia-erkidego desberdinetako dispositiboen arteko trukeak aukera ematen du beste lan-metodologia batzuk ezagutzeko, elkarrekin entrenatzeko eta horrelako larrialdiei erantzuteko gaitasuna indartzen laguntzen duten esperientziak partekatzeko.





























