Nafarroako Gobernuak ibilgailu motordunek pista eta landabideetatik zirkulatzea debekatuko du eklipsearen egunean

Nafarroako Gobernuak aldi baterako debekatuko du ibilgailu motordunek, elektrikoak barne, lurzoru urbanizaezinean kokatutako baso-pistetatik eta landabideetatik zirkulatzea, datorren asteazkeneko eguzki-eklipsea dela eta. Hain zuzen ere, neurria indarrean egonen da abuztuaren 12ko 00:00etatik abuztuaren 13ko 7:00etara, eta baso-suteen arrisku handiaren aurreikuspena, herritarren mugikortasunaren eta segurtasun publikoaren arloko babesa eta ingurumenaren zainketa tarteko hartu da.

Neurri horrek jarduera profesional jakin batzuen salbuespenak jasoko ditu, eta aurreikuspen honen barruan sartzen da: ekitaldi astronomiko horren ondorioz, jende-oldeak eremu garaietara, naturaguneetara edo baso-inguruneetara bideratuko dira, besteak beste, eta horietara baso-pisten eta landabideen sarearen bidez iritsi ohi da. Alde horretatik, leku horietako ibilgailu motordunek arrisku kolektiboak sortzen dituzte, eta, muturreko tenperaturen baldintza meteorologikoekin, landarediaren estres hidrikoarekin eta udan baso-suteen arrisku-indize handiekin batera, ezohiko neurriak hartzea ezinbestekoa da.

Baso-suteen arriskua eta ebakuazio-bideak blokeatzea 

Beste faktore batzuen artean, baso-suteen arrisku kritikoa nabarmendu behar da; izan ere, ibilgailu motordunak landare-lurzoruan eta larre lehorretan zirkulatzeak eta aparkatzeak, uda-garaian, esponentzialki biderkatzen du sua sortzeko arriskua, katalizatzaileak eta ihes-hodi beroak ukitzeagatik.

Gainera, jende asko egonen dela aurreikusten denez, ebakuazio-bideak blokeatu egin daitezke, pista estuagoak direlako eta ibilgailuak gurutzatzea eta aparkatzea eragozten dutelako. Halakorik gertatuz gero, ezinezkoa izanen litzateke larrialdi-, suhiltzaile- eta salbamendu-zerbitzuak berehala eskuragarri izatea, bai eta biztanleria zibila modu ordenatuan ebakuatzea ere.

Azkenik, ingurune natural horiek kontzentrazio jendetsuak hartzeko behar diren azpiegiturarik eta zerbitzurik ez dutenez, murriztu eginen lirateke herritarren autobabeserako baldintzak, eta mugatu eginen litzateke edozein kontingentziaren aurrean erantzuteko ahalmena.

Horregatik, prestatzen ari den foru agindu baten bidez, Gobernuak murrizketa horiek hartuko ditu. Murrizketa horien barruan, eguzki-eklipsearen prestaketa eta garapena eta jendearen ebakuazio ordenatua sartzen dira, eta mugikortasunaren, giza-kontzentrazioen eta gertaera horren ondorioz sor daitezkeen baso-suteen arriskuen ondorioz sor daitezkeen arrisku-egoerei aurrea hartzeko eta horiek mugatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea dute helburu.

Neurri honen salbuespenak

Ekintza honek barne hartuko ditu egoiliarren eta sektore produktiboen eskubideei kalterik ez egiteko funtsezko salbuespenak. Hala, bide horietatik zirkulatzeko aldi baterako debekutik kanpo geratuko dira pertsonak beren jabetzetara, behar bezala gaitutako aparkalekuetara eta behaketa-eremuetara, legez baimendutako turismo-ostatuetara eta ostalaritza-establezimenduetara, hiri-inguruneetara eta biztanleguneetara sartzea; nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jarduera profesionalak garatzea, eta larrialdiko, zerbitzu publikoetako edo interes orokorreko jarduketak.