Hiru bandako karanbolak

Billar frantziarra deitzen da bola batekin beste bat jo eta, mahaiaren hiru albotan eman ostean, azken bolarekin karanbola egiten denean. Horrela aritu eta ari dira PP, Ciudadanos eta Vox Andaluziako hauteskunde autonomikoetatik hona: bata bestearekin jokaldia lotuz, hirugarren baten bitartez. Orduan, jokalariak abil aritu ziren eta emaitza bikaina lortu zuten, PSOE gobernutik kentzea zelako helburu bakarra; dena dela, ostean bolen sakabanaketa nahasia geratu zaie partidarekin aurrera jarraitzeko.

Hirurek bat egiteko zeharkako bideak hartu behar izan zituzten: PP eta Ciudadanos akordio ofizialera heldu ziren, baina Voxen babesa ezkutuan gorde nahian; berdin gertatu da hainbat Udaletan. Asteon jakin dugu Murtzian ez duela PPk aginduko, Voxek ez diolako babesik eman Ciudadanosen jarrerarekin haserre dagoelako. Eta testuinguru honetan, orain zalantzan geratzen da Madrilgo Erkidegoan nork aginduko duen, Voxek berriz ere bete dezakeelako ‘popularren’ hautagaiari babesik ez emateko mehatxua.

Politikan elkarrizketak eta akordioak zuhurtziaz egin behar dira baina gauza bat esan eta bestea egiten denean, jendea engainatu nahian, emaitza beti izaten da berdina: jende guztia konturatu egiten da eta, gainera, hiru banden karanbola ustela ateratzen da.