‘Euskara eta Macronen eta Nafarroaren aniztasuna’, artículo de Jokin Bildarratz

Aste honetan, Europako Kontseiluko bileran hartu dut parte eta bertan Emmanuel Macron ere izan da. Frantziako presidenteak Europako baloreak goraipatu ditu, tartean berau osatzen dugun guztion arteko diferentziak ezaugarri aberasgarri moduan hartuz. Horretarako “hizkuntza hospitalitatea” erabili du adibidetzat; “gure diferentziak murriztuko lituzkeen esperanto baten antzeko ametsari uko egin eta hizkuntza eta kultura guztiak onartzen ditugu”, bota du nire harridurarako.

Harridura, begibistakoa delako Frantziako Gobernu guztiek euskararekiko izan duten jarrera ez dela inoiz “ospitalarioa” izan; Estatu jakobinoaren eredu denak, hain zuzen ere, “hizkuntzaren aniztasunari” lepoa eman izan diolako behin eta berriz. Azken adibide moduan, apirilean Ipar Euskal Herriko hamazazpi haurtzaindegi publikoetan euskarazko murgiltze eredua zabaltzeari Hezkuntza Ministerioak uko egin zion.

Euskarari buruz ari garenez, aste honetan Nafarroako Auzitegi Gorenak euskararen dekretuaren atal batzuk indargabetu ditu eta, besteak beste, Erriberan eta Eremu Mistoan lanpostu publiko batera sarbidea izateko euskararen ezagutza meritu moduan ez da kontuan hartuko; ingelesa, frantsesa, alemaniera eta beste batzuk bai, baina linguae navarrorum, nafarren hizkuntza, ez. Izaskun Bilbao europarlamentariak honen inguruko kexa azaltzeko Bruselara eraman duen ekimenean ondo baino hobeto azaltzen duenez, hau ez dator bat Europako Oinarrizko Eskubideen Gutunak hizkuntza eta kulturen aniztasunen inguruan dioenarekin.

Euskararen ezagutza “sari” moduan izendatzen zuen Autonomia Erkidegoko egunkari batean irakurri dudanez, Navarra Sumako kide baten arabera indargabetutako legeak “aukera berdintasuna urratzen” omen zuen euskara meritutzat hartzen zuelako; ingelesa, frantsesa, alemaniera eta beste batzuk ez, baina linguae navarrorum, nafarren hizkuntza, bai. Batzuk aberasgarriak dira, bestea, gurea, nafarrena, baztertzailea.

Navarra Suma koalizioak euskararen erabilera murriztu eta gutxitua helburu duen legea ordezkatzen du; beraien izenean daramaten batuketa baino kenketa nahi dutenen legea. Euskara gutxituz beraien berezko kultura pobreago egin nahi dute; berdintasuna bilatuz beraien aniztasuna pobreago egin nahi dute. Esperanto uniformatzailearen ametsa.