‘Zekenak?’, Jokin Bildarratzen artikulua

Zekentzat jo gaitu aste honetan Arnaldo Otegik. Hain zuzen ere, amnistiaren aldeko manifestazioan zenbait aldarrikapen egin zituztenak edota zenbait alderdi politikotako egoitzatako hormatan edo etxeetan mezu mehatxatzaileak pinturaz idatzi dituztenak uztailaren 12an EH Bilduko apoderatuak izan daitezkeela esateagatik. Hori esatea, bere iritziz, “lerro guztiak zeharkatzea” da eta “politikak mugak dituela” jakinarazten digu.

Ezker abertzaleko jarraitzaile eta buruzagiek beraien iragana gogoraraztea atsegin ez dutenez, eta hura gaindituta omen dagoen garaia dela diotenez, ez dut nire hausnarketan urte asko atzera egingo baina, onartu beharko didazu, irakurle maitea, harrigarria bezain tamalgarria dela zenbait adierazpen zenbaitzuen ahotan entzutea.

Otegiren esanetan, “denok dakigu” nortzuk dauden ekintza horien atzean, beraien erantzukizuna ez dela aditzera eman nahian. Agian adierazpen honi gehitu beharko litzaiokeen beste esaldi bat da: “Denok dakigu” ekintza horien atzean daudenek nori emango dioten botoa datozen hauteskundeetan… baldin eta aukera politiko horretako buruzagiek aipatutako ekintzak salatzeko ausardia erakusten ez duten bitartean.

Antzeko isiltasuna erakutsi zuten. Otegik eta bere taldekideek martxoan, Batzokien aurkako beste eraso batzuk gertatu zirenean. Orduan, Zaldibarreko zabortegiaren ezbeharraren ondorioz, bi hildako izatearen erantzukizuna EAJ-PNVri egotzi nahian, gure egoitzetan zaborra bota eta pintadak egin zituzten ezezagun batzuek, jeltzaleok “hiltzailetzat” joz. Orduan ere, erasoak gaitzesteko baino, beraien hitz egiteko eskubidea Lehendakariaren aurka egiteko baino ez zuten erabili, salaketen jomugaren erdi-erdian jarri eta ezbeharraren erabilera politikoa lotsagabea eginez. Eta horien ahotik entzun behar dugu zekenak garela!