Errenta aitorpena euskaraz aurkeztera animatu ditu herritarrak Ogasunak

Gaur ireki dira Gipuzkoan modalitate mekanizatua aurkezteko bulegoak

Jokin Perona, Gipuzkoako Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, 2020ko Errenta kanpainan euskararen aldeko hautua egiteko dei egin die herritarrei. Azaldu duenez, pasa den urteko kanpainan 65.000 herritarrek aurkeztu zuten Errenta aitorpena euskaraz eta, gaur gaurkoz, 80.000 herritarrek dute eskatuta Ogasunarekin harremana euskaraz egitea. “Gure helburua, ordea, da 2023rako 100.000 herritar izatea Ogasunarekin euskaraz egiten dutenak. Eta, horretarako, Errenta kanpaina baliatu nahi dugu, aukera ona da euskararen aldeko hautua egiteko; bulegoetan, internet bidez edota proposamena onartzerako orduan”, esan du diputatuak. “Zerga administrazioa prest dago, telefono, internet zein telefono bidezko arreta prest dago euskaraz zerbitzua emateko”, gaineratu du.

Peronak hedabideen aurrean hitz egin du gaur goizean Errotaburun, Gipuzkoako foru Ogasunaren egoitzaren kanpoaldean, 2020ko Errenta kanpainako modalitate mekanizatua egiteko bulegoen irekieraren harira egindako deialdia. Azaldu duenez, eta aurreikuspenen arabera, gaurko egunean 875 gipuzkoarrek aurkeztuko dute Errenta aitorpena modalitate honen bitartez, Ogasunaren bulegoetan. Gainera, pasa den ostirala izan zen mekanizaturako hitzordua hartzeko lehenengo eguna, eta egun hartan 12.710 txanda hartu zituzten herritarrek. Guztira, 11 bulego ditu Ogasunak Gipuzkoako 9 herritan banatuta, eta 120 pertsonako lan taldea ari da berauetan lanean. “Baliabide propioekin, kalitate oso altuko zerbitzua ematen dugu, herritarrek ere asebetetze inkestetan nota bikainekin baloratzen dutena”, gaineratu du.

Errenta kanpainari orokorrean begiratuta, Peronak esan du “indartsu” hasi dela modalitate guztietan, eta “erritmo oso onean” doala. “Eta ongi goaz, hein handi batean, dugun garapen teknologikoak hala egitea ahalbidetzen digulako. Kanpaina honetan ere, nabarmentzekoa da bide teknologikoen alde egiten dugu apustua. Eta honekin batera, aurrez aurreko arretari eusten diogu, ez dugulako nahi arrakala digitala handitzerik, ez inor atzean uzterik”, borobildu du foru diputatuak. Apirilaren 12an hasi zen Errenta kanpaina Gipuzkoan, orduan hasi baitzen proposamenak onartzeko epea, eta ekainaren 30era arte luzatuko da. Ogasunaren aurreikuspenen arabera, 382.000 aitorpen aurkeztu dira kanpainan, eta foru erakundeak 292 milioi euro itzuliko dizkie gipuzkoarrei, eta beste 273 milioi euro jaso.