Ertzaintzak Atenasen egin den LGTBIQ+ Polizien Europako Biltzarrean parte hartu du

Bi ertzainek ordezkatu dute Euskal Polizia ekainaren 16tik 18ra bitartean Atenasen egin den LGTBIQ+ Polizien Europako Elkartearen Biltzarrean.   Europar Batasuneko 17 Poliziak parte hartu dute Greziako hiriburuko Technopolis kultura zentroan egin den ekitaldian.

Biltzarraren antolatzailea, EGPA Police, Europa mailako elkarte bat da, eta EBko herrialde kideetako LGTBIQ+ polizia-elkarteek osatzen dute.  Biltzarra bi urtez behin egiten da –aurrekoa 2018an egin zen Parisen, eta 2020koa atzeratu egin zen pandemiaren ondorioz–, eta LGTBIQ+ komunitateak jasaten dituen diskriminazioarekin eta gorroto-delituekin lotuta poliziak dituen erronkak eta erabiltzen dituen jardunbide egokiak azaltzeko egiten da.

Ana Monasterio eta Iñaki Viñuela izan dira egun hauetan Atenasen Ertzaintza, gizartearen eta gizakiaren esparruko errealitate berrietara egokitzeko etengabeko prozesuan dagoen polizia, ordezkatu duten agenteak. Atenasen egin den biltzarraren izenburu orokorra “Zubiak eraikitzen” izan da, eta LGTBIQ+ komunitatearekin eta Poliziarekin erlazionatutako gaiak aztertu dira bertan, baita ere GKEekiko harremanak, berdintasun-politika, heziketa eta jardunbide egokiak, edo emakumeak LGTBIQ+ komunitatean.

Bi agenteak Atenas hiriaren eta Greziako erakundeen ordezkariekin eta Europako polizien eta arlo judizialaren ordezkariekin egin den harrera ofizialean ere izan dira.